Gabriel Arestiren lana eta «ideologia komunista» oroituko dituzte bihar Bilbon

Arestiren heriotzaren 50. urtemugaren karietara, egun osoko egitaraua antolatu du EHKS-k biharko, Bilbon. 'Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean' antzezlana estreinatuko dute, musika eta antzerkia uztartuta.

'Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean' antzezlana estreinatuko dute bihar Bilbon. EKIDA
'Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean' antzezlana estreinatuko dute bihar Bilbon. EKIDA
edurne begiristain
2025eko apirilaren 12a
04:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurten 50 urte beteko dira Gabriel Aresti (Bilbo, 1933-1975) idazle eta poeta hil zenetik—ekainaren 5ean zendu zen—, eta, horren karietara, haren figuraren eta obraren inguruko egitaraua osatu du EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak biharko, Bilbon. Aresti 50. Euskaldun eta marxista goiburupean antolatu dute jardunaldia; goizean hasiko da, eta iluntzean amaitu. Hiru hitzaldi eta antzezlan bat prestatu dituzte, helburu nagusi batekin, Paul Beitia EHKS-ko kideak azaldu duenez: «Arestiren izaera komunista aldarrikatu nahi dugu».

Beste kontu askoren artean, euskal literaturaren berritzailea, euskara batuaren sustatzailea eta erreferentziazko poeta izan zen Aresti. Haren eragina handia izan zen 1960ko hamarkadan eta 70eko hamarkadaren amaieran bereziki, baina haren figura «despolitizatua eta desitxuratua» izan dela uste du mugimendu sozialistak, eta hori azaleratu nahi dute jardunaldiaren bidez. «Arestiren izaera komunista sarritan ezkutatu egin da marko zabalago batean integratzeko, eta, ondorioz, ez da ongi ulertua izan», azaldu du Beitiak.

Ideia horri helduta, eta idazlearen bizitzan eta obran sakonduta, Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana ondu du Ekida arte egitasmo sozialistak. Bihar estreinatuko dute, 19:30ean, Bilboko Kafe Antzokian. Arestiren poemek eta testuek tokia izango dute obran, baina ez da izango iraganari begiratzeko lan bat, Arestiren figura etorkizunari begira jartzeko saio bat baizik. Beitiak esplikatu duenez, obraren asmoa ez da memoria bidezko omenaldi bat egitea, «ezpada Arestik oraindik gaurko eta biharko balio digula aldarrikatzea». 

«Gure helburua izan da Aresti berreskuratzea, baina ez iraganeko memoria ariketa huts bat egiteko, baizik eta haren pentsamenduak eta jarrerak gaurko eta biharko erabiltzeko»

PAUL BEITIAEHKS-ko kidea

Antzerkia eta musika uztartuko ditu Ekidak egindako lanak. Mikel Kayek eta Naiara Azpilkuetak zuzendu dute, eta lau aktore ariko dira oholtzan: Julen Ormaetxea, Ander Uribarri, Ane Biain eta Ane Mendiguren. Haiekin batera, bederatzi musikari izango dira taula gainean Arestiren testuekin egindako abestiak eskaintzen: Markel Reparaz, Garikoitz Ortiz de Villalba, Elene Uribarri, Nere Txakartegi, Paloma Strachan, Aitor Elorriaga, Javier Jorajuria, Eider Elorza eta Unax Salvia. Lurdes Ondarok, Peru Iparragirrek, Irati Oskozek eta Paul Beitiak idatzi dute antzezlanaren gidoia. 75 minutu irauten du, eta sarrera doakoa da.

Artxiboa berreskuratzen

Arestiren obran arakatuta, artxiboko lan handia egin dute ikuskizuna prestatzeko. Haren obra literarioan ez ezik, biografian, hitzaldietan eta bestelako idatzietan ere sakondu dute, eta baita gerora musikatu den ondare literarioan ere. «Gure helburua izan da Aresti berreskuratzea, baina ez iraganeko memoria ariketa huts bat egiteko, baizik eta haren pentsamenduak eta jarrerak gaurko eta biharko erabiltzeko». Hortik datorkio, hain justu ere, antzezlanari izenburua: «Aresti etorkizunaren aurrean jarri nahi dugu».

Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean
Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana, entsegu batean. EKIDA

Arestiren figura eta obra berreskuratzeko lan horretan, idazlearen «jarrera komunista» lehen lerroan jarri nahi dute. «Gaur egun ere interesgarria da langile mugimenduarekin eta sozialismoarekin lotuta egon zen borroka grina hori gogoratzea», Beitiaren esanetan. Izan ere, haren irudiko, bada langile mugimenduak eta jarrera sozialistek Euskal Herrian izan zuten indarra urardotzeko nahi bat, bai eta borroka eta iraultzaren zentzua «husteko» ahalegin bat ere.

Horiek horrela, eta Arestiren figuratik abiatuta, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako Euskal Herriko giro soziopolitikoa islatu nahi du antzezlanak, betiere sozialismoak egindako ekarpena mahai gainean jarrita. «Aresti zerbait izan bazen, gatazkatsua izan zen, batzuekin eta besteekin gatazkan ibili zelako», ziurtatu du Beitiak. Horixe bera bistaratu nahi dute oholtzan: «Gabriel Aresti, beti gizakiaren alde paratuko zela esan zuena, poesia mailu bat dela aldarrikatu zuena, hil arte euskaldun eta marxista izango zela zin egin zuena. Nor zen, baina? Ezagutzen al ditugu benetan haren izaera eta pentsamendua? Etengabe posizionatu zen, baina zer posizio hartu zuen?».

Antzezlana bihar estreinatuko dute, eta, ondoren, Euskal Herriko hainbat tokitan taularatuko: maiatzaren 17an Atarrabian (Nafarroa), maiatzaren 25ean Kanbon (Lapurdi), ekainaren 6an Gasteizen, eta ekainaren 20an Azkoitian (Gipuzkoa).

Ideologia, artea eta euskara

Antzezlanarekin batera, idazlearen lana eta ondarea aztertzeko hitzaldiak ere izango dira bihar Campos Eliseos antzokian, goizean. Hiru hitzaldi antolatu dituzte: lehena EHKS-ko hainbat kidek emango dute, eta Arestiren «ideologia komunista» izango dute hizpide.

Ondoren, idazleak arteari eta euskarari egindako ekarpenaz jarduteko bi mahai inguru izango dira: batetik, Artearen mailutasuna: artea eta politika gaur egungo Euskal Herrian izenburupean arituko dira hizketan Kattalin Barcena eta Paul Beitia. Hura amaitzean, Iñaki Martinez de Lunaren eta Aitor Bizkarraren arteko solasaldia izango da, Bakeak euskarari kalte egiten baitio: euskararen auziaren gaurkotasuna izeneko saioan.
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.