Literatura

Gabriel Aresti kultura elkartea eta Gabrielen lekua sentikaria aurkeztu dituzte

Idazlearen ondare literarioa kudeatzeaz eta haren itzal soziala zabaltzeaz arduratuko da elkartea. Bestek beste, Andoni Egaña bertsolaria eta Rafa Rueda musikaria ari dira haren inguruko ikuskizuna prestatzen.

2013ko ekainaren 12a
12:39
Entzun

Gabriel Arestiren ondare literarioa zein giza balioak zentzu orokor eta zabalean ezagutaratzea. Helburu horrekin sortu berri dute Gabriel Aresti kultura elkartea. “Haren euskalduntasuna, unibertsaltasuna eta justiziarenganako maitasuna ditugu oinarri”, azaldu du Xabier Monasterio elkarteko kideak goizean Bilboko Kafe Antzokian eginiko agerraldian. Hala, idazlearen ekarpen guztiak bildu, egituratu eta eguneratuko dituzte.

Bizirik egon balitz, Arestik 80 urte beteko lituzke urriaren 14ean. Urteurren biribil horren inguruan hainbat ekitaldi antolatuko dituzte, “datak behar besteko distira eta ohiartzuna izan dezan”. Hamabostaldi batean era guztietako eskaintzak plazaratuko dituzte Arestiren obra hobeto ezagutzeko.

Gabrielen lekua ikuskaria

Ekitaldirik “bereziena eta sonatuena” Gabrielen lekua deritzan sentikaria izango da. Andoni Egaña bertsolariak eta Oier Guillan idazle eta antzerkigileak egingo dute gidoia, musika Rafa Ruedak jarriko du, eta Alain Urrutia artista arduratuko da ikus-entzunezkoetaz. Hala, antzerkia, bertsoa, musika, eta irudiak nahastuz idazle klasikoa iraganetik gerora eramaten saiatuko dira lau sortzaileak. Arestiren bizitzan funtsezkoak izan diren lekuak eta haien inguruabarrak ezagutzeko parada ezin hobea izango da.

Ikuskizunak ordu eta erdiko iraupena izango du. Aurre estreinaldia urriaren 12an egingo dute Donostiako Intxaurrondoko kultura etxean, eta estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian izango da urriaren 29an.

Sentikariarekin batera hainbat ekitaldi egingo dituzte: hitzaldi didaktikoak, irakurraldi komentatuak, haren olerkietan oinarritutako kantu saioak, dokumentalak, irratsaio bereziak, txango literarioak, erakusketak, lehiaketak eta abar. Halaber, iragarri dute laster Gabriel Arestiren lagunak izeneko saila jarriko dutela abian, herritar zein erakundeek elkarlanerako proposamenak egiteko asmoz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.