Gabriel Aresti, gaur, hemen

Oier Guillan, Andoni Egaña, Rafa Rueda eta Alain Urrutiak 'Gabrielen lekua' emango dute lehen aldiz larunbatean DonostianPoetak berengan izandako eraginetik abiatu dira sentikari multidiziplinarra sortzeko

Gabrielen lekua sentikariaren entsegu bat, atzo arratsaldean, Intxaurrondoko kultur etxean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Literatura, bertsolaritza, antzerkia, musika eta arte plastikoak uztartuz Gabriel Arestiri gaur eta hemen —egungo Euskal Herrian eta Euskal Herriko egungo sortzaileen ikuspegitik— egindako potret multidiziplinar bat izango da Gabrielen lekua sentikaria, Oier Guillan idazle, aktore eta antzerki zuzendariak, Andoni Egaña bertsolariak, Rafa Rueda musikariak eta Alain Urrutia artistak sortu eta pentsatua, eta lau sortzaile horiek beste hainbaten laguntzaz oholtza gainean gauzatua. Gabriel Aresti kultura elkarteak egin zien sentikaria sortzeko enkargua Guillan, Egaña, Rueda eta Urrutiari, eta larunbatean izango du aurrestreinaldia, 20:00etan, Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean. Estreinaldia Bilboko Arriaga antzokian egingo dute, urriaren 29an.

Arestiri buruzko sentikaria prestatzeko proposamena egitean, Gabriel Aresti kultur elkarteak eskatu zien Guillan, Egaña, Rueda eta Urrutiari Arestik beren sortzaile ibilbidean izandako eraginetik abiatzea. «Helburua ez zen Arestiren biografia bat edo azterketa bat egitea, Aresti esplikatzea; baizik eta Arestik sormenaren bitartez gure lanean izan duen eragina oholtzan islatzea», azaldu du Guillanek. «Arestiren lekua bilatu dugu nor bere lekutik abiatuta», dio Urrutiak. Elkarren lanak ezagutu arren, elkarrekin lan egin gabeak ziren laurak, eta lehen pausoa —urteko lehen hilabeteetan emana—, elkarrekin hitz egitea izan zen, Guillanek azaldu duenez. «Gogoeta asko egin genuen hainbat hilabetez, Arestiren lana eta izan dituen irakurketak aztertuz eta gure ikuspuntuak trukatuz».

Sentikariaren edukia zehazten udan hasi ziren, «bakoitzak bere eremutik bere ekarpena eginez» eta gero ekarpen horiek «josten» ahaleginduz. Zehazte prozesu horrek sortzaile gehiagoren parte hartzea beharko zela utzi zuen agerian: Iban Urizar eta Naia Membrillera musikariak izango ditu lagun Rafa Ruedak sentikariko kantuak emateko; Iraia Elias eta Ainhoa Alberdi aktoreek gorpuztuko dute Guillanek prestatutako antzerki gidoia; horrez gain, hainbat arlo teknikotan laguntzaile andana izan dute.

Sentikariak badu, ardatz gisa, trama nagusi bat, bi pertsonaia nagusirengan oinarritua: liburuzain bat (Ainhoa Alberdi) eta «poeta-mailua» izan nahi duen literaturzale gazte bat (Iraia Elias). Belaunaldien arteko talka bat sortzen da poeta-mailu izateak duen zentzuaren inguruan. Hari horretatik, hainbat egoera sortzen dira, eta egoera horiekin lotuta Rafa Ruedaren kantuak eta Andoni Egañaren bertsoak —idatziak nahiz bat-batekoak— tartekatzen dira, eta baita Arestik poesiari buruz emandako hainbat hitzalditako zatien irakurketak ere, Guillanek hautatuak: «Aresti oso zabala da, ezinezkoa zen Aresti osoa hartzea, eta nik giltzarri nagusitzat egiaren ideia hartu dut».

Arestiren poema musikatuak

Arestiren sei poema musikatu ditu Rafa Ruedak sentikarirako —Egia bat esateagatik, Nire izena, Gizonaren ahoa, Zorrotzako portuan aldarrika, Preso gaudenon ahoetatik eta Inor ez da profeta bere mendean—, Aresti «leuntzen» ahaleginduz. «Orain arte Arestiri buruz izan dugun irudiari buelta ematen saiatu naiz», adierazi du. «Arestiri egozten diogun oldarkortasun hori nabarmendu beharrean, haren alderik bigunena azaleratu dut. Arestiren harrizko poesia haragi bilakatzen saiatu naiz, uste dudalako kontrastearekin Arestiren mezuen eztandaren zabalkundea biderkatu egiten dela».

Alain Urrutiak ez du uste bere artista lanean eragin zuzenik izan duenik Arestik. «Nik dakidala ez behintzat», dio. «Baina niretzat garrantzitsuak izan diren artistekin oso lotura handia ikusten diot, Jorge Oteizarekin esate baterako; bere garaiko abangoardiaren lehen lerroa osatzen zutenekin oro har. Nire asmoa izan da nire lanaren bidez Arestiren arima moduko bat adieraztea. Batzuetan Arestiren inguruan gure artean komentatutakoetan oinarrituta egin dut lana, eta beste batzuetan obra zehatzetan oinarrituta, dela Arestiren poema baten irakurketa, dela Andoni Egañak idatzitako bertsoak…».

Bideoak egin ditu Urrutiak sentikarirako, «batzuk animaziotik oso gertukoak, beste batzuk argazkitik oso gertukoak». Nahiz eta mugimendua izan, bideoko irudiak «oso geldoak» dira. «Ez nuen nire lanetik urrundu nahi. Neuretik egin nahi nuen lan, baina, agertoki baterako zenez, azkenean egin dut taula gaineko inoren presentzia ukatuko ez duen bideo bat; elementu osagarri moduan funtzionatuko duena, baina inori traba egin gabe, besteena estali gabe. Bakoitzak dauka bere lekua eta denok egin dugu ahalegin bat dena modu orekatu batean egokitzeko».

Bizi balitz, Gabriel Arestik 80 urte beteko zituzkeen urriaren 14an. Gabriel Aresti kultur elkarteak urteurren hori gogoratzeko antolatutako ekitaldien artean daude Gabrielen lekua-ren Intxaurrondoko aurrestreinaldia eta Bilboko estreinaldia. Horrez gain, beste hainbat ekitaldi ere badira, hala nola hitzaldiak, ibilbide gidatuak, errezitaldi musikatuak, irratsaio bat, erakusketa bat, txio lehiaketa bat eta Patxo Telleria eta Abra Produkzioak ekoiztetxearen Diot. Gabriel Aresti dokumentalaren emanaldia.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.gabrielaresti.eu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.