Andoni Egaña bertsolariak, Aitor Furundarena musikariak eta Andoni Salamero olerkari-esatariak hilabeteak eman dituzte Arestian, egun...! ikuskaria ontzen. Lan horren fruituak igande honetan, azaroak 12, ikusiko du argia, Oñatiko (Gipuzkoa) Santa Ana antzokian, 19:00etan. Musika Egunak zikloaren barruan egingo dute estreinaldia.
Ikuskariak Gabriel Arestiren irudia gerturatzea du helburu, izenburuari berari igar dakiokenez. «Arestik alderdi asko izan zituen, nahiz eta kasik bakarra nagusitu den», dio Salamerok, eta, poeta gisa egindako ekarpenaz harago, «eragile gisa egindako ahalegina ere gogoratu beharko litzateke». Izan ere, Arestik dibertsifikaziorako gaitasuna eta kemena erakutsi zituen, antzerki munduan ekarpena eginez, Kriseilu argitaletxeari martxa emanez, Oskorri taldeari zenbait abesti sortuz, eta euskaltzain urgazle gisa nahiz euskara estandarra osatzeko buru-belarri arituz. «Oso pertsona berezia izan zen, eta era berean oso aktiboa, 41 urtean gauza mordoa egin zuen», nabarmendu du Salamerok. Arestik han eta hemen emandako hitzaldi andana eta jende gaztea —tartean Ruper Ordorika edota Bernardo Atxaga— adoretzeko grina ere kontuan izan ditu.
Arestian, egun...! emanaldiaren formatuari buruz, «ez da poemen irakurketa hutsa izango», zehaztu du, haren idatziak dramatizatuz eta bertsoarekin eta musikarekin bat eginez, «atmosfera bereziak» sortzera joko baitute hiru artistek; betiere Arestik bizi izandako garaia eta olerkietan landutako gaiak, hala nola euskara, kultura edo klase sozialak, publikoaren aurrera eramatearren. Baina hori guztia «gaurko eguneko egoerarekin alderatuz» egin nahi dutela azaldu du Salamerok: «Bertsolariaren rola garrantzitsua da horretan, bizi duen errealitatetik egingo baitio gehiketa edo ekarpena Arestirenari». Hortaz, bi garaien uztarketa dakar emanaldiak.
Edonola ere, bertsoak ez dira aurrez landu eta buruz ikasitakoak izango, bat-batekoak baizik, eta «momentu jakin horrek eskatutakoari erantzungo diote».
Salameroren ustez, «bertsolariak funtzio profetikoa izaten du askotan. Planteatuko den egoeran bertsolariak zer egingo edo esango lukeen entzun nahi izaten baitu jendeak, berak pentsatuko lukeenarekin alderatzeko».
Asmoa Arestiren 41 urteak taularatzea izanik, lau ataletan banatu dute emanaldia, azkena, 2025etik aurrera izenekoa, etorkizunari begirakoa izanik. Sortzaile bakoitzak «bere gaitasun eta ahaletatik Aresti berrinterpretatu» egingo duela dio Salamerok, «batzuetan olerkiaz baliatuz eta besteetan elementu batzuk gogora ekarriz».
Aintzatespen ukatua eman
Arestiri «bere garaian ukatu zitzaion aintzatespena»emateko eta «ongi merezitako gorazarrea» eskaintzeko modua ere bada emanaldia, Salamerorentzat: «Aitzindaria izan zen gauza askotan, bide bat jorratu zuen, eta bide horrek garrantzi handia hartu zuen gerora».
Eztabaida mamitsuen sorrarazle ere izan zela gogoratu du, eta hori bera lortu nahi lukete Egañak, Furundarenak eta Salamerok ere, hain zuzen, «hausnarketa eta gogoeta eragin ikusleengan». Salameroren ustez, «edonor izan liteke eragile, norbere ahalmenetik saiatuta». Aresti «herritik abiatu» izana nabarmendu du, eta hori «oso ideia interesgarria» dela: «Kolektibo gisa funtzionatzen dugu askotan, eta, beharbada, norberaren herriari balioa aitortzen hasteko garaia ere bada».
Arestiren aroa eta gaurko eguna uztartuko dituen atmosfera horretan zeresan handia izango dute, bestalde, Furundarenaren lanak eta doinuen hautaketak. Konparaziorako, Aresti gazte zeneko dantzaldietan entzuten ziren abestiak interpretatuko dituzte, baita ikoniko bilakatutako batzuk ere, esaterako, Oskorriren Forjariaren kanta edota Urkoren Guk euskaraz, zuk zergatik ez.
Egañak, bertsolarien azken urteetako joera berritzaileari jarraikiz, «esate baterako, Suzanne Vegaren eta Bob Dylanen doinuetan ere» kantatuko duela agindu du Salamerok: «Betiere, olerkien edertasuna areagotuko duten elementuez janztearren Gabriel Aresti».
Gabriel Aresti, denboraz gaindi
Egañak, Furundarenak eta Salamerok 'Arestian, egun...!' ikuskaria ondu dute, poetaren omenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu