Aranzadi zientzia elkarteko kideek astelehenean jakinarazi zuten gabarra zahar batena izan zitekeen zati bat agertu zela Donostiako Ondarreta hondartzan. Eta gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, gordailura eraman dute, Irunen dagoen Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrora. 3,6 metro luze den egurrezko pieza bat da; hari beste ohol pare bat lotu dizkiote sokaz, eta garabi batekin jaso dute zatia.
Itsasoaren eraginez hondarra mugitzean azaldu dela adierazi du Mertxe Urteaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare zerbitzuko arkeologoak. Gilatik bi alboetaraino luzatzen diren saihets itxurako pieza bat izan daitekeela esan du Urteagak: «Hondo lauko gabarrak itsasgoran Igarako errekaren sakonera txikiko eremuetan nabigatzeko erabiltzen ziren. Normalean, ontzi horiek harea edo eraikuntza materiala garraiatzen zuten, hala eramatea organ baino errazagoa baitzen. Kontuan izan behar da garai batean ontziak Correosera [Igara] edo Portuetxe baserrira irits zitezkeela». Ez du beste daturik baieztatu, gaurtik aurrera hasiko baitira ikertzen.
«Egur zatiaren hezetasuna %100ekoa da, eta hezetasun hori ez galtzea lortu behar dugu; bestela, pieza bera galduko da». MERTXE URTEAGAArkeologoa
Prozesu «luze eta konplexua» izango dela adierazi du Urteagak: «Urez betetako pieza bat da. Egoera horretan izanda, bere hezetasuna %100ekoa da, eta hezetasun hori ez galtzea lortu behar dugu; bestela, pieza bera galduko da». Horregatik, gordailuko igerilekuan «berehala» sartzea da asmoa, egur zatiaren baldintzak «ahalik eta hobekien» mantentzeko.
Ondoren, arkeologoak azaldu duenez, barruan gorde dituen gatzak kanporatu beharko dituzte, eta, horretarako, ura maiztasun jakin batekin aldatuko diote. Garbiketa «sakon» bat egingo diotela ere esan du Urteagak, eta orduan jakingo dutela zer tresna erabili diren egur zati hori lantzeko. «Horri esker, testuinguru kronologiko baten berri izango dugu». Datazio bat egiten saiatuko direla ere gaineratu du.
Prozesuak hiru edo lau urte iraun dezakeela aurreratu du Giorgio Studerrek, Gipuzkoako Foru Aldundiko ondare zerbitzuko zaharberritzaileak: «Oso prozesu luzeak dira, eta, ikerketa egin ahala, oraindik ez dakizkigun erabakiak hartu beharko dira». Egindako lanarekin asebeteta azaldu dira bi adituak, zatia osorik ateratzea lortu dutelako. Urteagak zehaztu du: «Ubera denean egin beharreko prozesua da hau; bestela, pieza ur azpian egongo litzateke. Zorionez, ez da ezer txarrik gertatu». Operazioa ordubetean egin behar izan dute, marea berriro igo baino lehen.