'Ezetz asmatu zer jaten dudan!'
Idazlea: Katerina Gorelik. Ilustratzailea: Katerina Gorelik. Itzultzailea: Imanol Salegi Urbieta. Argitaletxea: Ibaizabal.
Satorra, azkonarra, sagua, saguzarra, untxia, hartza, azeria eta hontza. Horra zazpi ugaztun eta hegazti bat. Guztiak dira ezagunak, eta gertukoak horietako asko. Haatik, irakurleari erakutsi nahi zaio animalia hauen elikadura ohiturak zein diren, ohiko topikoak gainditu eta benetako jakintza eskuratu dezan.
Liburuak banan-banan erakusten dizkigu animaliok, formatu errepikatu batean: ezkerretara, mahai-zapien gisako hondo baten gainean, jatetxeetako karta dirudien koaderno zabalgarri bat dago, hiru orrialdekoa. Kontura gaitezen koadernotxo hau itsatsita dagoela mahai-zapiaren gainean, pop-up erako liburua delako hau, hegal tolesgarriak dituena, alegia. Koadernotxo honetan, bada, animaliaren bizi ohiturak aipatzen dira lehen orrialdean, bigarrengoan dieta, eta hirugarrenean menu jakin bat deskribatzen zaigu (Satorra: «Zizare fideo kurruskariak txirla ugarirekin»). Eskuinetara animaliaren erretratu antropomorfoa dago, bi hegal tolesgarri dituena arropatan. Hegal hauen atzean dietaren hainbat adibide daude, gizakien ohituretara ekarriak (Satorra: «Zizare ogia, sushi lirdingatsua...»).
Emaitza jolasaren eta jakintzaren arteko oreka itzela da.