Fusioa, erreakzioa eta 'maitematika'

Bost urteko etenaren ostean, berriro ere fusioa gertatu da Txapelketa Nagusiko finalean bertsolarien eta zaleen artean.

Iruñeko Nafarroa Arenak 13.000 bertsozale baino gehiago bildu zituen igandean, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Iruñea
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Biribilguneetako belarra zuri-zuri. «Egun hotz on», Iruñeak. «Goizeko 07:20tik gaude ilaran», ezagun gorbezituak, Nafarroa Arenaren atarian. Eraikin barruan joan dira denen hotzak: epel dago 09:00etan koliseo karratu hau, hutsa egonik ere. Ikusteko dago zenbat bero sortuko duen egunean zehar espero den fusio erreakzioak.

Tokia hartu, trasteak aparkatu, komunak eta taberna non dauden kontrolatu. Sartu direnen lehen lanak. Gizon edadetu bat erori egin da kantxako kableak babesteko gomazko kosketako batekin estropezu eginda. Odoletan dago DYAkoak laguntzera etorri zaizkionerako.

Lasai dabil jendea, baina finala hasteko ordubete falta denean kaferik gabe geratu dira jada pista ondoko barran, eta aulki sailean eta harmailetan gero eta zulo gutxiago dago. «BECeko finalen aldean, honetan estuago eta kapsulatuago dago jendea», dio atzekoak. Hor doa lehen erori den gizona, sudur gainean txatal zuria itsatsita.

Eta konturatzerako, 11:00ak. Fusiorako protokoloaren lehen urratsa. Hor datoz finalistak jendetzaren txalo eta oihu artean. Tentsioa aurpegi denetan, baita irribarretsuenetan ere. Hemen elkartutako 13.300 bertsozaleek ez dakite, oraindik ere, irribarreak zeinen garrantzitsuak izango diren gaurko erreakzio kate honetan; fisika, kimika eta maitematika zaparrada baten lekuko izango direla. Badakite, hala ere, eguna berezia izango dela, berezia dela jada, zortzitik hiru emakume daudelako finaleko oholtzan, eta oholtza hori Iruñean altxatua delako.

Eta energia sortzeko makina pizten hasi dira bertsolariak. Binakako zortziko handiaren beroketa saioaren ostean, zortziko txikian umorerako bidea zabal-zabal ireki diete jarritako gaiekin, eta baliatu dute aukera. Arotzen hilkutxa, beren umeen adiskidantzak lotutako aspaldiko etsaiak, Toko-Toko erraldoiaren erorketa, lasai afaldu ezin duenaren koplak... Algaraka publikoa. Eztandarik ez, baina. Hiru puntu gero, banaka. Sei puntuko motzean segidan, binaka. Gai aukera zabala.

Goizeko konplizeak

Goizeko azken lana hastear dagoenean, oholtza atzeko pantaila erraldoian mahuka motzetan ageri da gero eta jende gehiago, baina maukarik ez kantuan ari direnentzako: sua garesti dago benetan.

«Begirada konplizea egin diozue elkarri». Marmarrak hartu du Nafarroa Arena ganbarako lanerako gaia entzutean. Aitor Mendiluzeren bertsoetan Pygmalion zantzuak suma zitezkeen; Thelma & Louise-renak Nerea Ibarzabalenetan; eta, Amets Arzallusen txanda heldu denean, pelikulak Rene Magritteren margolan batera egin du jauzi: Hau ez da poto bat izenburua jar dakioke? Batzuk baiezkoan, besteak ezezkoan. Baina jendetzak txalo zaparradarekin agurtu ditu lapurtarrak immigrante baten tokitik kantatu dituen bertsoak. Ibrahima Baldek —Miñan liburuko protagonista eta narratzailea— zuzenean entzun ditu Arzallusen bertsoak, bat-bateko itzulpen zerbitzuari esker. Irribarre konplizerik egin ote du?

Segidan kantatu dute, hurrenez hurren, Joanes Illarregik, Alaia Martinek, Maialen Lujanbiok, Sustrai Colinak eta Beñat Gaztelumendik. Martinek jo du txalometroaren goia, eta a zer irribarrea eskaini dion jendetzari neska batekin oheratu denekoa kontatzeko azken hitzak kantatu ostean —«azken batean eremu libre bat baita gorputza / zertan mugatu plazera bihurtzeraino kamutsa / eleanitza denean gure gorputzen hizkuntza». Ez du ikusi Nerea Ibarzabalen barre txiki konplizea, atzean eserita baitzeukan, baina Nafarroa Arena osoak bai.

15:00ak ia, eta betikoa: bazkalorduan, entzuleak adina kiniela. Ametsen ganbarakoan epaileek potoa ikusi ala ez, hori da askoren hizpidea. Bateko eta besteko izen eta iritzi dantzari erreparatuta, gero eta agerikoagoa da bertsolaritzaren gorputza iritzianitza dela, eta bertso berak aztertzeko orduan, antiojoen arabera, izugarrizko aldea dagoela batzuen eta besteen irizpideetan.

Bazkalostea

16:45. Eguneko lehen olatuak egiten saiatu dira harmailetan, Nafarroa Arenaren nolakoak —ez du erabateko eraztunik osatzen— asko laguntzen ez duen arren. Ordu laurden falta da arratsaldeko saioa hasteko, eta argi dago goizean baino beroago dagoela jendea.

Entzuleek, esaterako, barre oso ozenez eskertu dute Arzallusen eta Colinaren saioa, nota txarrak atera dituen semearen eta gurasoaren roletik kantatu dituzten maitematika kontuengatik. Beste hainbeste binakako puntukakoan, Lujanbiok eta Mendiluzek beren ardurapeko ume saldoa galdu dutenean. Umorea izango ote da finala benetan leherraraziko duen katalizatzailea?

Hurrengo lanean iritsi da erantzuna, buruz burukoaren aurreko azkenean: katalizatzailea, gaur eta beti, fusioak eragindako erreakzioa da. Alaia Martinek ireki du gaia jarrita bakarka hiruna bertso botatzeko ariketa, Gazara haurrekin lan egitera doan GKEko kidearen rolean: «Ukrainako gerra soilik al da txarra? / Gazakoari jeitsi al zaio aparra?».

Lana bukatu duenean entzun den burrunbak baieztatu du susmoa: gertatzen ari da. Nerea Ibarzabalek hauspotu egin du, gainera, Martinek piztutako sua, «Urte luzez isilik gelditu ondotik, txikitan familiako kide batek egindakoa kontatzea erabaki duzu» gaiari erantzunez: «Bere eskuak, bere begiak / bere arnasa mantsoa / amets gaizto bat bilakatu zen / nire osabaren altzoa». Oilo ipurdia entzuleek, eta ez du hotzak eragin. Ariketa horretako hurrengo kolpea Lujanbiok jo du, egun osoa besteren etxeak garbitzen aritu ondoren bere etxera ailegatu berri den langilearen rolean. Bukatu duenerako, inor gutxik dauka buruz burukoan arituko den zalantza. Nor izango ote duen burkide, horixe galdera.

«Amets Arzallus Antia». Esatariak esan duenean, askoren harridurak berehala utzi dio tokia bazetorren norgehiagokaren kilimari. Irribarre konplize erraldoi bik hartu dute oholtzaren erdigunea. Eta Lujanbio txapeldun. Hirugarrenez. Inor ez da harritu.

Barre, gogoeta, malko, iritzi trukaketa, hasperen eta zalantza... beti eraldatzen den komunitatearen motorrerako erregaiaren ezinbesteko osagaiak. Ez da formula matematiko bat, baina gaurkoan ere ez du hutsik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.