'ZAKUR USTEL'
Idazlea: Colas Gutman. Ilustratzailea: Marc Boutavant. Itzultzailea: Yolanda Arrieta Malaxetxebarria. Argitaletxea: Denonartean.
Hona antiheroi baten istorioa, enpatia eragiteko ikaragarrizko abilidadearekin, umorez betetako kontakizunean dabilelarik, 50 orrialderi aurre egin ez dion irakurle bati ongi pasaraziko dion pertsonaia jatorra.
Kontaketaren haria ibilbide baten itxurakoa da, narratzaileak deskribapen irrigarriz betetzen duena. Esaterako, Zakur Ustel deskribatzeko «ilajea arkakusoz beteta eta burmuina zerrautsez blai» dio (14 orr.), eta aurrerago hau dio Ustelek bere buruaz: «Beti izango naiz koilararik gabeko jogurta, bururik gabeko sonbreirua, hezurrik gabeko arraina...».
Ekintza labur kateatuak baino gehiago da, zorionez, kontakizuna. Irakurlea eskutik eramanda bezala, protagonista aurkezten zaigu eta Katu Zapalekin daukan harremana erakusten; jarraian abentura abiatzen da, zoriz topatzen dituen objektu eta pertsonaiak deskribatzen, eta haiek zakur inozoarekiko daukaten jarrera lerro artean erakutsiz. Konturatzerako animalia akastun mordoa ezagutu dugu (oskolik gabeko dortoka, marrarik gabeko zebra, uso herrena, perikito mutua...).
Ez da Timo Parvelaren Elia, baina ongi dago.