Euskal Herria Zuzenean

Funkaren zurrutada freskoa

Diabolo Kiwi taldeak lehen diskoa kaleratu du, 'Kokinkeriak fini' izenekoa. Funkaren doinu biziak pop eta rock ukituekin nahasten dituzte. EHZ jaialdian ariko dira bihar, 17:00etan

Diabolo Kiwi taldeko kideak, iragan otsailean, Seaskaren 50. urteurrena ospatzeko festan emandako kontzertuan. PIER BALACEY.
aitor biain
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
«Ez da funk hoberena/ ez da huts okerrena/ hau ez da reggeatona/ ez Johnny ez Madonna». Diabolo Kiwi taldearen Uretan gluglu kantuaren aurreneko hitzak dira, baina ongi laburbil ditzakete taldearen izaera eta definizioa. 2016an ekin zioten bideari, eta, bi urteko etenaren ondotik, taldea laukote bilakatu zen iaz. Orain, lehen diskoa kaleratu du Donibane Garaziko taldeak: Kokinkeriak fini. Musika freskoa, arina eta alaia proposatzen du laukoteak, funka oinarri hartuta betiere. Erritmo dantzagarri eta melodia alaiekin, kontu serioak alboratu eta dantzatzera gonbidatu nahi dute entzulea.

«Ez dugu gauza sobera serioa proposatu nahi, jendea mugitu eta irri eginarazi baizik», azaldu du Amaiur Epherrek. Bost kantuko EP bat argitaratu dute. Funk doinuak dituzte ardatz, baina popera eta rockera ere lerratzen dira: «proposamen berri bat da», diote. «Zuzenekotik hurbil» dagoen bilduma bat egin nahi izan dute, «xumea, etxekoa», estudioan gehiegi landu gabea, eta diskoan eta kontzertu batean antzeko entzungo dena. Lortu dute haien nahia diskoan islatzea: «Gure musikaren argazki bat eskaintzen du».

Iragan urtarril eta otsail artean egin zituzten grabaketak, Larzabaleko Pagolateian, Nafarroa Beherean bertan. Allande Etxeberri baxu jotzailea arduratu da nahasketak egiteaz, baina taldekide guztiek parte hartu dute horretan, Epherrek nabarmendu duenez. «Allandek kudeatu du, baina bakoitzaren iritzia eskatzen zuen». Behar beste denbora hartu dute kide guztien oniritzia zuen disko bat egosteko, baina merezi izan duela uste dute: «Denbora eman du, baina goxoa izan da, eta kontent gara».

Modu kolektiboan sortu dituzte bilduma osatzen duten kantak ere. Oraindik ez dute ibili luzea, baina taldearen zenbait garaitan eginiko kantuak dira, lehen entseguetatik ekin baitzioten kantuak sortzeari. Abiapuntu ezberdina izan ohi dute guztiek: batzuetan hitza izaten da lehena egiten, eta beste batzuetan, musika. «Ez dugu errezeta bera erabiltzen beti; horrek egiten ditu biziki desberdin guztiak. Eta ez duenez kide bakar batek osoki konposatzen, hasierako ideiatik beste esparru batzuetara eramaten dugu guztion artean, instrumentu bakoitzak bere kolorea ematen baitio». Horren adibide dira, esaterako, bilduma ixten duen Topeka edota single moduan aurkeztu duten Akerra Pekolarrera.

Bakoitzak bere ekarpenak egin ohi ditu, entzule gisa dituen gustuen araberakoak edota musikari gisa izandako esperientziatik jasotakoak. Baina funka ez da beti izan horien artean. «Nik, pertsonalki, duela urte batzuk arte rocka edo heavy metala entzuten nuen gehienbat. Baina azkenean gustua hartu diogu denok funkari; poliki-poliki, gero eta gehiago maite dugun musika da». Erritmo biziak, instrumentu ezberdinen arteko galdera erantzunak, melodia alaiak... Epherrek uste du eurek ere hori bera transmititzen dutela: «Joko batean bezala sartzen ditu musikariak, baita publikoa ere. Aski kutsakorra da, eta funtzionatzen duela esango nuke. Pentsatzen dut jendeak hori ere apreziatzen duela». Doinu propioa bilatu dute, nolanahi ere.

Musikan ez ezik, kantuen hitzetan ere islatzen da alaitasun eta arintasun hori. Horren adibide dira Uretan gluglu edota Etzidamu abestiak, esaterako. «Gure musika aski arina da, zentzu onean esanda, eta arintasun hori nahi dugu islatzea gure hitzetan eta musikan». Hortik dator taldearen izena ere: Diabolo Kiwi. «Freskagarri bat da, eta gure musikak ere hori islatzen du». Kide guztiek jartzen dute ahotsa abestietan, eta hori ere horren adibide da, taldekideen esanetan.

Epherrek dio ez dutela «diskurtsorik» helarazteko, baina Akerra Pekolarrera kantuak bortxaketa saiakera baten salaketa egiten du, «modu arin eta komiko batez, mezuak inpaktu gehiago ukan dezan». Umorea ere taldearen ezaugarrietako bat baita. «Umorea erabiltzen dugu, baina ez du esan nahi pisua kentzen diogunik gai mamitsu horri; gaia tratatzeko beste manera bat proposatzen dugu».

Miarritzetik Kobetamendira

Julen eta Allande Etxeberri anaiek eratu zuten taldea, eta gerora batu ziren Leire Iribarne eta Amaiur Epherre. Laukotea osatu zutenetik ez dira geratu, eta diskoa kaleratu ostean aurkezpen birari ekingo diote orain, udan. Euskal Herri guztian ariko dira zuzenekoak ematen: lehena, gaur bertan, Zarautzen izango da. Bihar, bestalde, EHZ jaialdian izango dira, 17:00etan. Guztira hogei bat kontzertu emango dituzte.

Kontzertu zerrenda horretan bada egun berezi bat, halere: uztailaren 14an, Bilbon, Berri Txarrak taldeak Kobetamendi emango duen kontzertuan parte hartuko baitu taldeak. Ahotsenearen karpan jotzeko aukeratua izan da Diabolo Kiwi. Dagoeneko aritu izan dira Berri Txarrak-ekin. Miarritzen izan zen; Seaskaren 50. urteurrena ospatu zuten elkarrekin. «Jende askorentzat, gure aurkezpena izan zen hura. Hegoaldeko jende asko etorri zen, eta bertan deskubritu gintuzten. Zorte handia ukan dugu oholtza partekatzean».

Ezagutarazteko aukera bat izan zen hura, eta jende gehiagorengana iristeko baliatuko dute orain. «Plazer handia da guretzat. Udan hogei kontzertu lortu baditugu, Miarritzekoari esker izan da. Maite duguna egiten dugu guk, eta harrera biziki ona dugu hastapenetik; garrantzitsua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.