Fruitu lehorrak

Algortan (Bizkaia) jaio zen, 1973an. SPrako tranbia bere estreinako nobelari esker, narratiba arloko Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen 2002an. Ondorengo urteetan beste hiru nobela argitaratu ditu: Van't Hoffen ilea (2003), Vredaman (2005) eta Londres kartoizkoa da (2009). Doministiku egin dute arrainek antzerki obra ere argitaratu zuen, 2008an. Hainbat urtez literatura izan du lanbide nagusi, eta euskal idazleen artean obra gehien itzulita daukatenetakoa da.

Unai Elorriaga.
2014ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
1969ko uztailean, atletismo lehiaketa bat jokatu zen Errumaniako Galati hiriaren inguruko herri ez oso handi batean. 1.200 lagun inguru bildu zen probak ikustera, 450 harmailetan, harmaila bakarrean, eta zutunik beste guztiak, pistaren inguruko belardietan, nazioarteko atletarik egon ez arren, Errumania bertako onenak ere ez.

Egun batzuk lehenago, egurrezko hesi batez inguratu behar izan zuten kiroldegi osoa. Izan ere, ordura arte libre egon zen sarrera, aterik gabe kirolarientzat eta ikusleentzat, ez zelako, normalean, maila altuegiko lehiaketarik egiten. Futbolean eta errugbian aritzen ziren batez ere atletismo pisten erdiko zelaian herriko hiru talde, besterik ez. 1969ko uztailean, ordea, autoritateen palkoa ere asmatu behar izan zuten: harmaila erdiko zati batean soka batez mugatu zituzten 16 jesarleku. Gauza zen Nicolae Ceausescu bera zela harmailetara etortzekoa; ez lehiaketaren mailak eskatzen zuelako, baizik eta inguruko herrietara ekarri zuelako bestelako zereginen batek… 45 minutuko tartea topatu zioten laguntzaileek: ez zuen lehiaketa, beraz, osorik ikusi…

Distira handirik gabe joan ziren proba gehienak… 1.500 metroko lasterketan Errumaniako errekorretik segundo batera geratu zen Municheko olinpiadak prestatzen ari zen atletetako bat, bigarrenari hogeita bost metroko aldea atera ziona. Hori izan zen aipagarriena, baina ordurako alde eginda zegoen Nicolae Ceausescu, lau jesarleku hutsik.

Hustu zen kiroldegia, kendu zuten egurrezko hesia, baina bertan geratu zen autoritateen palkoa, hau da, hamasei jesarleku beste guztietatik bereizten zituen soka. Joan ziren egunak, inor ez zen arduratu sokaz, eta lehiaketa amaitu eta zazpi egunera, 1.200 ikusleetako bat itzuli zen hara, kiroldegia hutsik zegoen goiz batean, armeniar jatorriko errumaniar bat, Hovik Poghosian. Pentsatuta zuen bezala egin zuen guztia: harmailetara igo eta, autoritate palkora sartu ostean, Nicolae Ceausescu eserita egon zen leku berean eseri zen. Maleta batean arropa, biolina eta txirula txiki bat, euritakoa, handia, eta lehen hiru asteetarako jatekoa, ogia, fruitu lehorrak, kontserbak, ura eta alkohol apur bat. Ez zuen erretzen.

Hirugarren astetik aurrera, Petru izeneko biltegi-garbitzaile bat etortzen zitzaion astero, jatekoak eramaten zizkion, botikaren bat ere bai sukarraren arrastoren bat igartzen bazion. Galatiko mediku bat ere joan behar izan zuen birritan kiroldegira, Petruk konorterik gabe eta sudurretik odoletan topatu zuenean Hovik.

Bosgarren urtea bete zenean, kazetariak ere hurbildu ziren, egunkari askotan agerrarazi zuten Hovik Poghosian, Hungariako batean ere bai. Irratiek elkarrizketa egin nahi izan zioten, baina gizonak ez zuen arrazoirik eman nahi, zergatik, noiz arte… Petruk eman zituen azalpen batzuk, hornidura arazoez aparte ezer gutxi ordea.

Lehiaketa gutxi egiten zen kiroldegian, baina entrenamendu asko: futbola, errugbia, lasterketak, luzera jausiak… Kirolari guztiak ezagutzen zituen Hovik Poghosianek; asko zekien kirolez lehendik, gehiago ikasi zuen. Egunero hitz egiten zuen kirolariekin, entrenamenduen ostean, hasi baino lehen, jesarlekutik mugitu gabe betiere.

Kirolari belaunaldi desberdinak ezagutu zituen, lehenengoen seme-alabak, kirola errepikatzen zutenak, gurasoak baino hobeak normalean, ia beti. Kasu batean hirugarren belaunaldia ere ezagutzera heldu zen, 15 urterekin debutatu zuen neska batena. Beste inor baino gehiago eta hobeto tratatu zuen Hovik Poghosian alargunak neskato hura, beka moduko bat ere ordaindu zion Frantzian ikas zezan. Medikuntza ikasi zuen Elena Iliescuk Grenoblen, baina publizitate munduan egin zuen lan Frantzian bertan.

2007ko maiatzaren 4an betiko antzean joan zen Petru jatekoak eramatera, kiroldegira, harmailetara. Hovik Poghosian ez zegoen betiko lekuan, maletak bertan ikusi zituen arren, euritakoa, hondakinak, liburuak, egunkari bi. Kiroldegi osotik bilatu zuen, deitu egin zion, hutsik zegoen. Goizeko zazpietan eramaten zizkion gauzak Petruk astero, bakarrik egoten ziren ordu horretan.

Hovik Poghosianen jesarlekura itzuli zen Petru orduan, Nicolae Ceausescurena 45 minutuz izandakora. Ohartu zen jesarlekuan bertan, oinak jartzeko lekuan batez ere, hauts muino txiki batzuk zeudela, Poghosianen azal kolorearen antzekoak, griskarak, orban zuri eta marroiz. Maletak, liburuak, euritakoa eta gainerakoak eraman zituen Petruk, baina hautsarekin ez zekien ondo zer egin: bertan utzi zuen, ukitu ere egin gabe.

Urte hartako uztailean bertan atletismo probak egin ziren kiroldegian berriro, Hovik Poghosianen omenaldia, herriko eta auzo herrietako kirolariek nahi izan zuten. 1969 hartatik egin ez zuten bezala, autoritateen palkoa jarri zuten leku berean, baina 16 jesarleku barik, 24 hartu zituzten, Poghosianena tartean. Jatorri armeniarreko errumaniarraren hauts guztia ez, baina asko han zegoen oraindik, likaz iltzatuta geratu izan balitz bezala. Autoritate askok, beraz, zapata-zoletan eraman zuen Hovik Poghosianen zatiren bat eta kaleetatik barreiatu, Galatin bertan, baina Bukaresten ere bai batzuek. Ploiestiko enpresaburu batek, esate baterako, etxeko bainuontzian garbitu behar izan zituen zapata biak, hauts hura ez zelako natural joaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.