Literatura

Frida Kahlo Dundeen azaldu zenekoa

Eskoziako Dundee hiriak eta haren inguruak hainbat idazle eta kantari eman ditu. Michael Marra abeslaria eta L. A. Kennedy ipuingilea, tartean. Eta Bernardo Atxagak ere han bukatu zuen 'Obabakoak' liburua.

Michael Marra kantari eskoziarra. BJ STEWART
Michael Marra kantari eskoziarra. BJ STEWART
2025eko urtarrilaren 19a
04:00
Entzun

Eskoziako Dundeeko Lochee auzo langile irlandarrean jaio zen Michael Marra musikaria (1952-2012), Dundeeko bardoa bihurtuko zena. Eskozian distirarik gutxien duen hiriaren ispilu ziren haren kantuen hitzak. Ez zuen inoiz bere burua saltzeko arriskurik izan. Hainbat kantari eskoziarrek azentu transatlantiko neutro bat imitatzeko joera bazuten ere, Marrak Dundeeko hizkera peto-petoan, azpidatziekin soilik uler daitekeen soziolektoan sortu zuen bere kantagintza. Asko ziren haren hitzak poesiatzat jotzen zituztenak. Zuzeneko emanaldietan, plantxatzeko mahai baten gainean ipintzen zuen teklatua, eta, kantatzeaz gain, kontu-kontari jarduten zen. Batzuetan etxeko zapatilak jantzita jotzen zuen. Surrealismo printza horiek kultuzko artista bihurtu zuten Marra Eskozian eta Eskoziatik at. Surrealismorik gabe ezin da ulertu haren iruditegia; Frida Kahlo's Visit to the Taybridge Bar kantan (Frida Kahlo Tay pubean), Tay izeneko taberna ezagunean dauden bezeroek Frida Kahlo bertan sartzen ikusten dute. Kantak dioen moduan, senar potoloa abandonatu eta hark emandako sufrikarioa gainditzearren Mexikotik Eskoziara joaten da Kahloren mamua, bizitza berri baten bila, zeruan sartu baino lehen. Michael Marra, musikaria ez ezik, margolaria ere bazen. Poesiaren eta musikaren arteko harremana gertukoa den herrialde hartan, Marrak Liz Lochhead poetarekin batera ikuskizun bat aurkeztu zuen Eskozian zehar. Emanaldirako, Lochheadek Ira and George poema (Ira eta George) eskaini zion Marrari. Azalean, poema Gershwin anaia konpositoreei buruzkoa da; sakonean, hitzaren eta musikaren arteko osmosiari buruzko poema zirraragarria.

Bilbok bezala, Dundeek ere museo baten bidez gainditu nahi izan du industriaren galera, hain zuzen ere museo ezagun baten frankiziaren bidez. 2018an, Londresko V&A Diseinu Museoak Dundeeko ur ertzean eraiki zuen bere bigarren museoa. Itsasontzi forma duen eraikin ikusgarri hori Kengo Kuma arkitekto japoniarrak diseinatu zuen. Diseinu museoak hiriarekiko loturak sustatu nahi ditu: esate baterako, hiriari buruzko brodatu lanen sorta bat dago erakusgai. Bertan, brodatuek hiriaren historia —industrializazioan, jutea zen jardun ekonomikorik garrantzitsuena— eta hainbat kultur eragileen errepresentazioak azaltzen dituzte: Michael Marra eta bertako artista, musikari eta idazleen ekarpenak tartean. Dundeeren berpiztea artearen eta diseinuaren bidez bideratu da. Duncan of Jordanstone arte eta diseinu eskolak prestigio handia du, eta, Abertay Unibertsitatearen esfortzuaren medioz, diseinu munduan joko digitalen eremuan hiria punta-puntan dago. Hala ere, Dundeek makina bat arazo sozial ditu, eta sarri ikusten dira elkarren oso bestelako diren munduen arteko arrakalak hirian. Askok espero dute etorkizuneko irtenbidea ez izatea herritarrak bertatik baztertzen dituen gentrifikazioa, erantzun komunitarioa baizik. Azken finean, Erresuma Batuak eman duen diseinatzaile onenetatikoa William Morris sozialista zen, eta industrializazio garaitik pentsamendu komunitarioak garrantzi handia izan du Dundeen.

A.L. Kennedy idazleak (Dundee, Eskozia, 1965) Dundeeren prestigiorik ezari eta hain bere duen anabasa urbanistikoari buruz idatzi du. Kennedy ipuinlari aparta da. Dioenez, hiriak bere arrakalen bidez eskuratu zuen bere estiloa. A.L. Kennedyk bezala, 1990eko hamarkadan, John Burnside poetak ere (Dunfermline, Eskozia, 1955-2024) literatura tailerrak eman zituen hirian. 1995etik 1998ra irakasle izan zen Dundeeko Unibertsitatean, eta 1999tik aurrera, St. Andrewseko idazle egoiliarra. Burnsidek maisuki idatzi du naturaz eta existentziaz, gurean Jon Gerediagak bezala. Beste idazle askoren moduan, unibertsitatean sormenezko idazketa irakatsi zuen. Testuinguru anglo-saxoian, literatura egiten ere irakasten da, eta horrek neurri handi batean babesten ditu genero minorizatuak. Horrez gain, unibertsitateek, teoria eta praxia uztartuz, kultur transmisioa bermatzen dute.

Dundeen bukatzen da Obaba

St Andrews Dundeetik oso hurbil dago, tartean Tay ibaia eta zubia dituela. Ikustekoa da Eskoziako ekialdean trenez egin daitekeen bidaia. St Andreweko Unibertsitatea Eskoziako zaharrena da, eta aspaldidanik du idazle egoiliarren programa sendoa. Horietariko ahots berri garrantzitsuenetarikoa Peter Mackay da. Abenduan Eskoziako Makar, hau da, poeta nazional izendatu zuten 2024-2027 bitarterako. BERRIAk izendapenaz harekin hitz egiteko aukera izan du, eta hala dio poetak: «Ohore aparta da Eskoziako Makar izatea, betidanik gogo biziz irakurri ditudan poeten urratsei jarraituz: Edwin Morgan, Liz Lochhead, Jackie Kay eta Kathleen Jamierenak, esaterako. Poeta horiek ingelesez eta eskozieraz idatzi eta bien bitartean jolasteko abilezia dute, eta hizkuntza askotako itzultzaileak izan dira. Orain gaelikoa bertan izatea zoragarria da —biziki garrantzitsua da gaelikoari hizkuntza nazionalaren aitortza ematea, eta era berean gaelikoa gai izatea mundu garaikidearen konplexutasuna, kaosa eta libertimendua islatzeko—». Mackayk, Makar gisa, Eskozia eleaniztuna ospatu nahi du, eta hurrengo hiru urteetan helburutzat dauka ahalik eta elkarrizketa poetiko eleaniztun gehien sustatzea.

Dundee hiriko V&A museoaren irudi bat. VISITSCOTLAND
Dundee hiriko V&A museoaren irudi bat. VISITSCOTLAND

Ez badirudi ere, mundua ttipia da, eta literatura paisaia orok elkar ukitzen du. XX. mendeko euskal literaturan mugarri den liburu bat, Obabakoak, Dundeetik hurbil, St Andrewsen bukatu zuen Bernardo Atxagak. Egileak hala kontatzen du idazketaren azken urratsa: «Liburua Euskal Herritik urrun bukatu nuen, Eskoziaren ekialdeko kostan dagoen St. Andrews izeneko lekuan. Alokatutako etxearen leiho batetik bertako kanposantu zaharra ikusten nuen; bestetik, Ipar Itsasoa… Maiatz aldera, nire karpetetan pilatutako ipuin zein beste lekuak bere tokia hartzen joan ziren, eta toki horretan lasai eta sendo gelditzen… Ekainaren hasierako egun batean, Dundee hiri aldeko argiei begira zigarro bat erretzen ari nintzela, Guridiren euskal doinuetako bat jarri zuten irratian, San Joan martxan oinarritutakoa, eta halabehar hura seinaletzat hartuz, liburua areago ez luzatzea erabaki nuen. Gera zedila zegoenean… Bukatu dut. Heldu naiz mugara».

Ziur arras nekeza zela azken hitza ehizatu nahian erotzen den fikziozko idazleari buruzko Obabakoak liburuari azken hitza jartzea. Gure klasiko garrantzitsuenetariko bat bukatutzat jo zuen Atxagak Dundee zerumuga zuelarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.