Fredi Paiak Cafe Bar Bilbao saria irabazi du, hil aurreko agurrari buruzko lan batekin

'Hartu ez nuen deia'-k oinarri autobiografikoa du: aitak hil baino bi egun lehenago egileari egindako telefono deia

Pedro Zabalza eta Fredi Paia, erdian Mikel Martinez dutela, lehiaketaren antolatzaileetako bat. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Fredi Paia bertsolariak irabazi du Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko euskarazko saria, Hartu ez nuen deia lanarekin. Aitak hil baino bi egun lehenago egin zion telefono deia gai hartuta idatzi zuen Paiak testua. Gaztelaniazko lanen atalean Pedro Zabalza izan da garailea, Ochomil testuarekin; goi mendietako alpinismoaren giza erronka izan du hizpide lan horretan Zabalzak. Euskarazko saria 1.400 eurokoa da, eta gaztelaniazkoa, 1.200ekoa. Saritutako lanak berehala jarriko dituzte irakurgai Cafe Bar Bilbaoren web atarian (www.bilbao-cafebar.com), eta, aurrerago, Artez argitaletxeak emango ditu argitara, hainbat ekitalditako lan irabazleak bilduko dituen liburu batean. Horretaz gain, bi lan sarituok Bilboki antzerki programazioaren barruan taularatu ahal izango dira, irakurketa dramatizatuetako batean. Cafe Bar Bilbaok eta Tartean konpainiak antolatzen dute antzerki ziklo hori.

Bertsolaria, etnografoa eta musikaria da Fredi Paia Ruiz (Getxo, 1981). Antzerkiaren esparruan, Gilkitxaro taldearen Trokaolatarrak antzezlanean kobla batzuekin hartu zuen parte, eta, Ander Lipus, Andoni Egaña eta Xabier Paiarekin batera, Bertso-tranpak taularatu zuen, antzerkia, musika eta bertsolaritza uztartzen dituen ikuskizuna. Ander Lipusen gidaritzapean, Erregea eta bufoia bertso eta antzerki ikuskizunean ere parte hartu zuen.

Hartu ez nuen deia lanean, maite den pertsona baten heriotzaren aurrean agurtzeak duen garrantzia adierazten du egileak. Gertakari autobiografikoa du oinarri testuak, Fredi Paiak aitaren telefono deia jaso baitzuen hura hil baino bi egun lehenago, eta une hartan ezin izan zion erantzun. Paiaren fikzioko lanean protagonista guztiek dute euren etorkizunaren berri, eta aitak semeari deituko dio betiko agurtzeko, heriotza hurbil baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.