Frantziatik dator Big

Miarritzeko Big Festival jaialdiak gaur eta bihar izango ditu egun nagusiak, eta han izango da Johnny Hallyday izar frantziarra

mikel lizarralde
2015eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Kartelari begiratzea besterik ez dago Miarritzeko Big Festival jaialdiaren aurtengo apustua zein izan den ikusteko. Frantziako rock-and-roll ikur nagusia alde batetik (Johnny Hallyday), eta hazten ari diren izen gazteak bestetik (George Ezra, Selah Sue, Brigitte). Eta horiekin batera, musika elektronikoa modu batean edo bestean lantzen duten beste hamaika proposamen, baita Frantzian arrakasta lortu duten beste batzuk ere. Iraganean gelditu da, bistan denez, urte batzuetan antolatzaileek nazioarteko izen handiak —Neil Young, Wu Tang-Clan, George Clinton, Placebo, Iggy Pop— Miarritzera eramateko egindako ahalegina. Jaialdia joan den asteburuan hasi zen, Le Big Village gunean antolatutako ekintza puzzlearekin (yoga, dantza, surfa, markako arropa salmenta...), eta azken egunetan ere programatu ditu hainbat musika saio. Kontzertu nagusiak, baina, gaur eta bihar Agilera estadioan egingo dira.

Big Festivalek aurten izarrik izango badu, Johnny Halliday izango da hori. Frantziatik kanpo ezaguna, bere jaioterrian ikono bat ere bada, Elvis Presley frantziar bat. 50 urte daramatza rock-and-rollaren negozioan, eta zenbaki esanguratsuak bildu ditu denbora honetan guztian: 400 bira inguru, platinozko 18 disko, 100 milioi disko salduak... Historia luzea duen arren, Hallydayk segitzen du grabatzen, eta hain zuzen, lan berria dauka Miarritzen aurkezteko: Rester Vivant.

Gainerako eskaintzaren barruan, bi izen nabarmentzen dira: George Ezra eta Selah Shue. Lehenak, disko bakarrarekin, izugarrizko arrakasta lortu du Erresuma Batuan eta Budapest bere kantua hit birala bihurtu da jaioterrian ez ezik baita Europako hainbat herrialdetan ere. Shue belgikarra, berriz, disko berria aurkezten izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.