Frantzian estreinatuko dute gaur 'Altzoko Handia' txotxongilo-opera

Koldo Izagirreren libretoa eta David Azurzaren musika oinarri dituen lana 2016ko martxoan emango dute Donostian, kultur hiriburutzarekin lotuta

Altzoko Handia operaren aurkezpena, Topic zentroan. ANDONI CANELLADA / ARP.
Juan Luis Zabala
2015eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Gaur hamabost Tolosako (Gipuzkoa) Topic aretoan egindako aurrestreinaldiaren ondoren, gaur izango du estreinaldi ofiziala Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak eta Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak —Euskal Kultur Erakundearen eta Barakaldo Antzokiaren babesarekin— ekoitzitako Altzoko Handia txotxongilo-operak, Euskal Herritik kanpo, Charleville-Mezieres hiriko (Frantzia) nazioarteko txotxongilo jaialdian. Euskal Herriko estreinaldia 2016ko martxoaren 20an izango da, Donostian. Ondoren, Euskal Herriko beste hainbat lekutan ez ezik Hego Amerikan ere emango dute. Gaur, Charleville-Mezieresko estreinaldian euskaraz emango dute obra, frantsesezko azpidatziekin. Datorren urtean, lekuaren arabera, euskarazko emanaldiak ez ezik gaztelaniazkoak ere egingo dituzte.

Koldo Izagirrek idatzitako libretoan eta David Azurzak sortutako musikan oinarrituta, obrak Mikel Jokin Eleizegi Arteaga Altzoko Handia-ren bizitzaren beri ematen du. 1818an, Altzon (Gipuzkoa) jaio, eta han hil zen Eleizegi; erraldoitasunaren ondorioz, 2,42 metro luze ere izan zen, eta 203 kilo ere pisatu zuen. Europa osoan barrena bidaiarazi zuten, ordaintzeko prest zegoen jendeari erakutsia izateko, eta garai hartako hainbat errege-erregina eta handikik ere —Viktoria Ingalaterrakoak, Luis Filipe II.a Frantziakoak eta Isabel II.a Espainiakoak, besteak beste— ase zuten erraldoi hura ikusteko apeta. Eleizegiren bizitzako pasadizoen kontaketaren bitartez, bakardadeaz, tolerantziaz eta ezberdinarekiko begiruneaz gogoeta egiten du obrak, giza ustiaketa gaitzetsiz eta salatuz.

Oholtza gainean, besteak beste, La Enana Naranja eta Figurat Scren (Mexiko) konpainietako kideak, Orfeoi Txikia, Tomas Ruti (biolina), Luis San Sebastian (klarinetea), Rakel Rivera (flauta), Iraide Ansorena (perkusioa) eta Aitor Furundarena (eskusoinua) ariko dira. Txotxongiloak eta eszenografia Nestor Basterretxeak diseinatuak dira, eszena zuzendaritzaz Emmanuel Marquez Peralta zuzendari mexikarra arduratu da, eta argiztapenaz, Xabier Lozano.

Txotxongiloen bidez egindako antzerkigintzak «hemen baino askoz ere aitorpen handiagoa» du Frantzian, Idoia Otaegi Topic zentroko zuzendariaren ustez, baina azken urteetan erakundeen aldetik lehen baino babes handiagoa jasotzen ari da. «Osoantzerki mota egokia da, batez ere, umeak antzerkira zaletzeko», Otaegiren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.