Komikigilea

Iñaki Holgado: «Frantzian, diruagatik egiten ditugu komikiak, eta, hemen, konpromisoagatik»

Haren marrazkiak Angulemako nazioarteko komiki jaialdian ikusgai izan diren aitzakian, komikigintzaz, marrazkilari ofizioaz eta Frantziako eta Euskal Herriko merkatuaz mintzatu zaio BERRIAri.

Iñaki Holgado, albo banatan polizia militarrak dituela, Anguleman. BERRIA
Iñaki Holgado, albo banatan polizia militarrak dituela, Anguleman. BERRIA
garbine ubeda goikoetxea
2025eko otsailaren 15a
04:05
Entzun

Hizki txikiak irakurtzeko ohitura duenak Black is Beltza eta Robot Dreams filmetako kredituetan ikusiko zuen haren izena. Iñaki Holgadok (Errenteria, Gipuzkoa, 1971) animazioan egin zituen bere lehen lanak, eta urteak daramatza horretan. Komikizaleek, berriz, Xabiroi aldizkarian egindako kolaborazioak edota Harkaitz Canorekin batera ondutako lau albumak izango dituzte gogoan: Piztia otzanak (2008), Zebra efektua (2013), Museo bilduma (2016) eta Amets alokatuak (2019). Aspaldi honetan frantsesezko komiki merkatuan ari da buru-belarri.

MP Police Militaire (Le Lombard, 2024) komikia dela eta, zure marrazkiekin erakusketa bat zabaldu dute aurten Angulemako nazioarteko komiki jaialdian; zehazki, non, eta hango kuartel militarrean. Zer egiten du intsumiso batek kuartel batean sinatzen?

Hala da, kuartelean jarri zuten erakusketa, eta soldaduz josita zegoen! [barreak]. MP militar jendeaz mintzo da, egia da, baina antibelizista samarra dela esan liteke: Normandiako lehorreratzearen ostean soldadu amerikarrek frantses populazioaren aurka egindako astakeriak jartzen ditu agerian. Oso lan zehatza egin behar izan dut: soldaduen uniformeak, kamioiak eta tankeak garai hartan ziren bezalakoak marraztu behar ziren.

Nolanahi ere, kuartelekoa karanbola baten ondorioa da. Hainbat urtez Erresistentziaren Museoan jarri izan dituzte gure marrazkiak, baina aurten ez zen tokirik, eta museoko arduradunak kuartelekoekin egin zuen tratua.

Komiki horren gaineko laudoriorik onena kuarteleko militar batek esan omen zizun.

Bai, ederra bota zidan. Esan zidan komikia ez zitzaiola gustatu, ez delako batere epikoa eta, gainera, militar jendea lotsagarri uzten duelako. Entzun nezakeen kritikarik onena, zalantzarik gabe.

Bigarren Mundu Gerrako irakurketa berri asko ari da ateratzen frantses komikietan. Zuk ere badituzu batzuk, Verdungo guduari buruzko sail bat, esaterako.

Verdun, hain zuzen, gure bestsellerra da. Lehen Mundu Gerrako gudu bat kontatzen da, baina kritikoa da oso: militarren aurka bainoago, militar goi-kargudunen aurka ari da. Eta agertzen dira soldaduak goseak amorratzen, eta, bitartean, jeneralak eta gerran sartu ziren politikariak jatetxeetan bapo jartzen. Halako kontraposizio asko dago komikian. Horregatik egin nituen komiki horiek; nik ez dut batere gogoko epikotasun militar hori.

Baina aipa dezadan Marko marrazkilaria ere, harekin aritzen bainaiz beti. Marko storyboard-az arduratzen da, gidoiaren eta marrazkiaren arteko zubi lanaz alegia, eta atzetik marraztu egiten dut nik.

«Ez naiz artista bat: langile hutsa naiz. Genero batzuk gustukoagoak izanagatik ere, nire lana marraztea da, eta denetan aritzen naiz: umeentzat, helduentzat, fantasia, belikoa...»

Erresistentzian aritutako Comete sareari eskainitakoa ere biek egin zenuten.

Orain arte egindako komiki guztien artean, gusturen egin dudan komikia da [Le Réseau Comète, Bamboo]. Etxean gertatzen da, eta leku politak marraztu behar izan nituen. Kasu honetan, epikotasuna ez dago militarrei atxikita, herri xumeari baizik.

Zein genero duzu maiteena marrazteko?

Genero epikoan egin ohi den goraipamen nazional hori ez dut batere gogoko, baina, bestenaz, marrazteko ez dago gaizki. Guduetako efektuak marraztea interesgarria da, batez ere egoera horiek duten plastizitateagatik.

Baina ez naiz artista bat: langile hutsa naiz. Genero batzuk gustukoagoak izanagatik ere, nire lana marraztea da, eta denetan aritzen naiz: umeentzat, helduentzat, fantasia, belikoa...

Gazteagotan fantasiazkoetara eta beldurgarrietara jotzen nuen beharbada, baina orain nahiago dut genero historikoa. Urteekin dena aldatzen da, baita gustuak ere. Eta toki naturalak ere oso pozik egiten ditut: mendiak, basoak...

Naturan kokatu zenuen Homocanido. Marrazkiak eta kolorea ez ezik, gidoia ere zurea duen komiki bakarra da, orain arte egin dituzun guztien artean. Ekologiak garrantzi handia du liburu horretan.

Egia esanda, oso pozik nago komiki horrekin. Nire bigarren lan luzea izan zen.

Komiki bat oso-osorik berriz egiteko asmorik?

Ez. Harkaitz Canorekin eta haren pareko gidoilariekin egiten dut lan. Canoren gidoi bati heltzeko aukera baldin badut, zer dela-eta saiatuko naiz ni horretan? Gidoia ez da nire lanik kutunena, eta, gainera, ez dut gaitasunik horretarako. Niretzat oso lan zaila da.

Harkaitz Canorekin lau komiki ondu dituzu. Zure idazle kutuna da?

Hain zuzen. Elkarrekin istorio motz bat egiteko tratua hitzartu berri dugu, Xabiroi aldizkarirako. Proiektuari buruz hitz egitea gustatzen zaio Canori. Xabiroi-n komikiak atalka ateratzen direnez, nik atal bat amaitu, eta begiratu egin nahi izaten zuela esaten zidan, marrazkiak bide berriak iradokitzen zizkiolako hurrengo ataleko gidoirako. Oso gidoilari ona da.

«[Harkaitz Canorekin] Elkarrekin istorio motz bat egiteko tratua hitzartu berri dugu, Xabiroi aldizkarirako. Proiektuari buruz hitz egitea gustatzen zaio Canori. Xabiroi-n komikiak atalka ateratzen direnez, nik atal bat amaitu, eta begiratu egin nahi izaten zuela esaten zidan»

Serieak ere badituzu eginak. Esaterako, Retine.

Hori oso normala da Frantzian. Hasten da seriea, eta aurrera egin behar duzu, bigarren liburukian etengo ote duten edo hamargarrenera iritsiko den jakin gabe. Serie horiek ez dute hasierarik, ez amaierarik. Duela hogei urte sarri egiten ziren horrelakoak. Retine-ren kasuan, bi liburuki egin ondoren, bertan behera gelditu zen, amaiera txukunik gabe. Hori irakurleentzat ez da batere txukuna, eta askok ez dute alerik erosten seriea erabat plazaratu arte. Baina gauzak aldatu egin dira.

Orain nola egiten dute?

Liburuki autokonklusiboak egiten dira, edota, bestela, zikloak osatzen dira; esate baterako, bi liburukikoak. Ziklo horri jarraipena eman nahi bazaio, beste ziklo bat jartzen da abian.

Instituzioen enkarguz ere egiten dituzu komikiak.

Bai. Elkano, mundua beletan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz egin nuen Alber Vazquezen gidoiarekin. Istorioa ez zitzaidan oso erakargarria egin, epikotasuna nahi zuten, eta niretzat salerospen kanpaina bat besterik ez zen izan historiako pasarte hura. Enfokea ez zitzaidan hain gustukoa egin, baina saiatu nintzen gertatutakoa konkista gisa marrazten. Heroiak gaiztoak hiltzen ipini beharrean, soldaduak jarri nituen emakume-haurrak hiltzen.

Kexurik egin zizuten?

Ez, batere ez. Nire ustez errealagoa zen nire bertsioa.

Animazioan ere aritutakoa zara.

Hain zuzen, nire lehen lanak animazioan egin nituen. 20 urte nituela hasi nintzen Dibulitoon estudioan, eta han denetik egin nuen: dekoratuak, pertsonaiak... Azken urteetan dekoratuetan espezializatu naiz, eta horrexetan aritu nintzen Black is Beltza filmeetan, lehenean batik bat. Bigarrenean, besteak beste, Ekaitz Agirrerekin aritu nintzen. Robot Dreams filmerako ere egin nituen dekoratuak, eta oscar sarietaraino iritsi izana ederra izan da niretzat. Lotura estudioarekin ere luze aritu naiz, lehen Juanba Berasategirekin eta orain haren alaba Mirenekin.

«Oso gustukoa dut estiloak aldatuz lan egitea. Marraztea polita da, baina beste edozein lanetan bezala, aspergarri bihur daiteke, bereziki lan luzeetan. Txandakatzea ongi etortzen da»

Komikia eta animazioa batera lantzea ez da erraza izango.

Niretzat bai. Oso gustukoa dut estiloak aldatuz lan egitea. Marraztea polita da, baina beste edozein lanetan bezala, aspergarri bihur daiteke, bereziki lan luzeetan. Txandakatzea ongi etortzen da.

Zenbat ordutako lanaldia egiten duzu?

Zazpi ordukoa, batez beste. Batzuetan ordu gehiago pasatu behar izaten dira. Angulemakoa pasatuta, aste honetan lasaiago nabil.

Euskal Herrian gehiago aritzeko ametsik?

Bai, jakina. Baina baldintzak ez dira onak. Diru laguntzak ematen dituzte, baina ez da nahikoa. Salbuespen bakarra Xabiroi aldizkaria da, baina maiztasun txikia du, hiru hilabetetik behin plazaratzen da, eta hori ez da aski lan horretatik bizitzeko. Hortaz, Frantzian, diruagatik egiten ditugu komikiak, eta, hemen, konpromisoagatik, militantziagatik. Albumak ateratzen direnean, salmenta 500 eta 1.000 artekoa izaten da hemen. Frantzian, berriz, 10.000 eta 20.000 artean saltzen dira.

Orain dela 30 urte inguru, orriko hainbeste ordaintzen zuten, eta, gainera, egile eskubideak ere baziren. Orain, behar izanez gero, aurrerapena ematen dizute, eta salmentak aurrerapena gainditzen duen unetik aurrera, egile eskubideak jasotzen dira.

Komiki salmenta apaldu egin da Frantzian eta Belgikan.

Aurten %8 gutxiago saldu dutela entzun dut.

Canorekin landuko duzun komiki laburraz gain, zer proiektu duzu esku artean?

Batetik, Xabier eta Martin Etxeberria anaiekin, komiki luze bat. Haiek gidoia egingo dute, eta nik, marrazkia eta kolorea. Badut beste proiektu bat ere, baina hori Frantziako Bamboo argitaletxerako izango da. Batez beste, urtebete behar izaten da komiki luze bat egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.