Frankenstein bizirik dago oraindik

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 29. Asteak ziklo bat eskainiko dio Mary Shelleyk sortutako pertsonaiari. Bi erakusketa iragarri dituzte. Itziar Castro aktorea da karteleko protagonista

Andoni Imaz
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Zinemaren historiako beldurrezko pertsonaia unibertsalik ezagunenetako bat izango du ardatz Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 29. Asteak, zeina urriaren 27tik azaroaren 2ra arte egingo den. Kartelean, Itziar Castro aktorea Frankesteinen neska lagun bilakatu da. Urteko genero film aipagarrienez gain, munstroaren inguruko emanaldi bereziak egingo dituzte, eta jaialdikoek bi erakusketa ere iragarri dituzte.

Itziar Castro aukeratu dute kartelean Frankensteinen neska lagunarena egiteko. 1977an jaio zen, Bartzelonan, eta azken urteotan hainbat ikus-entzunezko proiektu arrakastatsutan parte hartu du: besteak beste, Vis a vis telesailean (2018) eta Las brujas de Zugarramurdi (Alex de la Iglesia, 2013) eta Pieles (Eduardo Casanova, 2017) filmetan. Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariak adierazi du kartelerako aukeratu duten irudia «aldarrikapen feminista» dela, erakusten duelako «tamaina handiko emakume bat neska lagun perfektua izan daitekeela» zinemaren ikono batentzat.

Castrok Bride of Frankenstein (James Whale, 1935) filmean Elsa Lanchesterrek antzeztutako pertsonaiaren itxura hartu du Pedro Usabiagaren argazkiarekin egindako kartelean, Frankenstein doktoreak munstroarentzat sortu zuen lagunarena.

Aurten bete dira 200 urte Mary Shelley idazle britainiarrak Frankenstein munstroari bizia eman zionetik. 1918an argitaratu zen Frankenstein edo Prometeo modernoa eleberria, eta Boris Karloffek Universalen beldurrezko iruditeriaren ikono bilakatu zuen Frankenstein filmean.

Orduz geroztik, Frankenstein doktoreak sortutako izakia 100 filmetan baino gehiagotan izan da protagonista. Kinetoskopioarekin egindako Frankenstein film laburrarekin hasi (J. Searle Dawley, 1910) eta duela gutxiko Mary Shelley filmera arte (Haifaa Al-Mansour, 2017), pertsonaiak garai guztietako zinemagileengan izan du eragina.

Eragin horrek kutsatu ditu Terence Fisher (The Curse of Frankenstein, 1957), Brian Yuzna (Bride of Re-Animator, 1989), Ken Russell (Gothic, 1986), Roger Corman (Frankenstein Unboud, 1990), Kenneth Branagh (Mary Shelley's Frankenstein, 1994), Victor Erice (El espíritu de la colmena, 1973), Mel Brooks (Young Frankenstein, 1974), Paul Morrisey eta Antonio Margheriti (Flesh for Frankenstein, 1973) eta beste.

Mary Shelleyren ondarea izeneko zikloan, hamar film proiektatuko dira pertsonaiak izan duen bilakaera eta istorioaren moldaketa bakoitzaren berezitasunak biltzeko. Sitgesko fantasiazko zinema jaialdiarekin lankidetzan osatu dute zikloa.

Superheroiak eta panpinak

Filmen proiekzioez gain, bi erakusketa ere aurkeztu ditu Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak: Superheroiak eta Fantasmías & Antepasadolls. Okendo Kultur Etxean AEBetako superheroien komikian sakontzeko aukera eskainiko du aurrenekoak, David Aja marrazkilariaren lanaren bitartez. Hainbat azal eta istorio egin ditu Marvel Comicsentzat, hala nola X-Men, Daredevil eta The Avengers pertsonaia ezagunekin.

Eisner saria da bederatzigarren arteak AEBetan ematen duen saririk garrantzitsuena, eta Ajak bost ditu. Azken hamarkadako superheroi abangoardistenen eta originalenen sortzaileen artean kokatzen dute.

Sandra Arteaga artistaren lanari eskainiko diote bigarren erakusketa. Haren izakiek Donostiako Udal Liburutegiko ekitaldi aretoa hartuko dute. Arteagak horiek asmatzen eta panpinak egiten ematen du denbora; artista autodidakta da, eta panpina maitagarri bezain beldurgarriak egiten ditu denetariko materialarekin. «Inor axolagabe utziko ez duen erakusfilm bat» egitea da artistaren helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.