Literatura

Frankenstein agurgarriarentzako gutuna, Ana Galarragak eta Pettik sinatua

'Frankenstein agurgarria' jendaurreko emanaldi moduan aurkeztu zuten 2022an, baina orain disko-liburu batera «mutatu» dute. Mary Shelleyren figura aldarrikatu dute lan berrian, gutun moduan idatzita.

Ana Galarraga eta Petti, 'Franskestein agurgarria' disko-liburuaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Ana Galarraga eta Petti, 'Franskestein agurgarria' disko-liburuaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko azaroaren 8a
05:00
Entzun

Mary Shelleyk 1818. urtean idatzi zuen Frankenstein. Bi mende geroago, Ana Galarragak paralelismoak ikusi zituen Shelleyk idatzitako kontuen eta gaur egun pil-pilean dauden hainbat gairen artean. Gogoeta hura garatuz, Luis Perez Mitxelena Petti-rekin elkartu zen 2022. urtean, Frankenstein agurgarria ikuskizuna egiteko. Orain, horrek berak  «mutatu» du, eta disko-liburu bilakatu dute, Elkar argitaletxearen eskutik, «nor da munstroa?» galderaren erantzunaren bila oraindik ere.

Literatura, musika, poesia eta egileen hausnarketak uztartzen ditu disko-liburuak. Lanak gutun forma dauka, eta Victor Frankenstein munstroaren egilearentzat idatzia da. Galarragak uste du lanak baduela «izaera feminista», «aldarrikapenerako» lekua badauka eta. «Shelleyren figura aldarrikatzen dugu», esan du Galarragak.

Eleberri gotikoan ikusitako paralelismoei dagokienez, adibide bat jarri du idazleak: «Elektrizitatea puri-purian zegoen garai hartan. Teknologiak lilura handia sortzen zuen, baina ondorioek beldurra eragiten zuten. Gaur egun, adimen artifizialarekin lotu daiteke kontzeptua hori. Paralelismo horrekin eta beste batzuekin, loturak egin ditugu bi garaien artean, garai hartako gauzak gurera ekarri».

Galdera jakin batek bultzatu zuen Galarraga idaztera: Nor da munstroa? «Pandemia garaian eskura nituen liburuak irakurtzen hasi nintzen, eta hala hartu nuen Frankenstein esku artean». Liburua irakurtzen zebilenean, Pettik Manipulazio estrategiak diskoa kaleratu berri zuen. Diskoa entzuten ari zela, Galarragak loturak ikusi zituen Shelleyren eleberriarekin.

Elkarlanean aritzeko ideia Pettirena izan zen, eta Baztango (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astean ekin zioten bideari. Emanaldiak nola hasi zituzten azaldu du Pettik: «Kontzertu bat egiteko deitu zidaten, eta, Ana gidoia lantzen ari zen arren, ez genuen ezer finkorik oraindik». Hala sortu zuten emanaldia, eta, orduz geroztik, Euskal Herriko dozenaka areto, liburutegi eta tabernatan aritu dira.

Pettik adierazi du beti «mutatuz» doala Frankenstein agurgarria proiektua. Ikuskizuna bera egun batetik bestera aldatzen da, egileen arabera, eta, orain, disko-liburuarekin batera, beste bilakaera bat izan du. «Nork daki zer izango den hurrengoa», adierazi du musikariak. Emanaldiekin jarraitzeko asmoa dute biek.

Lagunekin batera

Disko-liburua osatzeko orduan, laguntza izan dute bi egileek. Hitzaurrea Mari Luz Estebanek egin du. Hala azaldu du Galarragak: «Bilbon egin genuen emanaldi batean egon zen Mari Luz, eta ondoren, denon artean hizketan, iruzkin oso mamitsua egin zigun. Horregatik pentsatu genuen oso aproposa izango litzatekeela hitzaurrea hark egitea, eta halaxe egin dugu».

Hitzostea, berriz, Miren Agur Meaberen ardura izan da. «Jendaurrean, ikuskizuna amaitzean, beti bisa eskatzen digute. Nik esaten dut ez dela kontzertu bat, poesia errezital bat dela. Hor, Miren Agur Meaberen poema bat irakurtzen dut, Shelleyri buruzkoa». Horrregatik, Galarragak pentsatu zuen Meaberen kolaborazioa «ezinbestekoa» zela. Horrez gain, Bermanen mamuak abestian Anariren ahotsa eta Joseba Irazokiren gitarra doinuak entzun daitezke.

Disko-liburuan zati bakoitzak bere garrantzia duela ere adierazi dute egileek. Liburuan testuak jaso dituzte, eta diskoan, berriz, kantuak. Baina Galarragak maila berean jarri ditu biak: «Diskoko kantak ez dira liburua girotzeko. Bere horretan badute esanahia eta garrantzia». Pettik gehitu du jendeak lan berrian aurkituko dituela ikuskizuneko kantuak, eta gauza bera alderantziz. Beste elementu batzuk ere txertatu dituzte disko-liburuan: QR kodeak, irakurleak eskura eduki dezan ikuskizunaren esperientzia.

Ilustrazioa, bestalde, Unai Aranak egin du. Hiru kolore erabili ditu ilustratzaileak: gorria, zuria eta beltza. «Unaik oso ondo harrapatu du ikuskizunean zer gertatzen den. Emanaldiak badauka kutsu performatiboa, eta bihotzak badu protagonismoa». Disko-liburuaren azalean eta barnean, behin baino gehiagotan agertzen da bihotza, eta Shelleyren ibilbidean ere garrantzitsua izan zen. Galarraga: «Aipatzekoa da idazleak senarraren bihotza gorde egin zuela hura hiltzean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.