Francisco Escuderori omenaldia egin diote Gipuzkoako akordeoi jotzaileek

Escuderoren 'Fantasía geosinfónica' eta Sofia Gubaidulinaren obrak CDan grabatu dituzte 45 akordeoi ikaslek

Patri Goialde, Carlos Ruiz eta Miren Iñarga, Akordeoi klasikoa diskoaren aurkezpenan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Musikeneko eta Gipuzkoako kontserbatorio eta musika eskoletako 45 akordeoi jotzaile bildu dira Francisco Escudero musikariari (Zarautz, 1912-Donostia, 2002) omenaldia egiteko, haren jaiotzaren mendeurrenean. Iñaki Alberdi akordeoi jotzailearen zuzendaritzapean, Escuderoren Fantasía geosinfónica obra grabatu dute Akordeoi klasikoa CDan, Sofia Gubaidulinaren (Txistopol, Tatarstan, 1931) 14 obrarekin batera. Musikeneko zuzendari Patri Goialderen arabera, diskoak maila eta adin askotako akordeoi ikasleak bildu ditu, eta proiektu kolektiboa sortu. «Hainbat jatorritako musikariak bildu dira proiektua egiteko, eta hori oso aberasgarria da ikasleentzat. Horrenbeste musikari oholtza gainean ipintzeak loturak sortzen ditu, eta hezigarria da bai Musikeneko musikarientzat, eta baita gainontzeko eskoletakoentzat ere». Kutxa Fundazioaren laguntzarekin argitaratu dute diskoa.

Aurretik gutxitan interpretatu den obra da 
Escuderorena, zaila delako obraren zati konplexuenak musikari kopuru handi batek menderatzea. Kutxako Gizarte Ekintzaren zuzendari Carlos Ruizek gogoratu du Escuderoren obra interpretatu izan duela akordeoiarekin: «Oso gogoan dut gaztetan obra interpretatzea tokatu zitzaigula. Hasieran, pieza ez genuen erabat ulertzen, musikarekin batera oihuak eta garrasiak bota behar genituelako, baina, halako batean, Escudero maisua bera etorri zitzaigun, eta obra munduaren eta euskaldunen sorreraz mintzo zela azaldu zigun. Segituan ulertu genion».

Miren Iñarga akordeoi jotzaileak parte hartu du diskoan, eta proiektuak helburu hezigarria duela azpimarratu du. «Alde batetik, 
Escuderoren obrak akordeoiaren oinarriak irakasten dizkie ikasleei, eta, bestetik, Gubaidulinaren pieza garaikideek nazioartean akordeoiak duen garrantzia erakusten die»

Iñargaren esanetan, heziketaz gain, 
Escuderoren lana musikari gazteei hurbildu eta haren obren iraupena bermatzeko balio du grabazioak. «Bi musikarien obrak konplexuak direnez, ez dituzte askotan interpretatu. Dena den, nazioartean ezagunak dira biak, eta akordeoiari zukua atera diote, jatorrizko folklore kutsutik atera eta orkestrako instrumentu bilakatuta».

Folkloretik aldenduz

Escuderok obra garaikidea sortu zuela uste du Iñargak. Fantasía geosifónica-k 34 akordeoiren soinua erabiltzen du, orkestra ordezkatuz. Lurraren sorrera, Euskal Herriaren sorrera, euskaldunen eta euskararen jaiotza kontatzen du sinfoniak: «Escuderoren hitzetan, erritmo eta doinu aldaketek Lurraren sorreraren atalak deskribatzen dituzte. Aldi berean, txirula, txalaparta eta kantuak erabiliz, Euskal Herria osatzen duten elementuak jaiotzen doaz, pixkanaka, eztanda musikalera iritsi arte».

Akordeoiak ere badu garrantzia Gubaidulinaren piezetan, eta perkusioa, kontrabaxua, ahotsa eta txirula doinuekin osatuta daude. Horretaz gain, Truike Van der Poel mezzo-sopranoak eta Alexander Suslin kontrabaxu jotzaileak parte hartu dute grabaketan. Gubaidulinak Tatarstango soinu folklorikoak erabili ditu obretan, doinu garaikideekin nahastuz, eta Christian Morgenstern idazlearen poesia ironikoetan oinarritu ditu testuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.