Literatura

'Francesco Pasqualeren bosgarren arima' nobela argitaratu du Unai Elorriagak

Modu independentean irakur daitezkeen hogei atalek osatzen dute eleberria. XIX. mendean Italiatik Bizkaira iritsitako gizon baten bizitza ekarri du liburura idazleak.

Unai Elorriaga idazlea, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Unai Elorriaga idazlea, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
mikel lizarralde
Donostia
2024ko maiatzaren 29a
18:00
Entzun

«Benetan existitu zen gizon bat izan zen». Aitortzarekin hasi du Unai Elorriagak (Getxo, Bizkaia, 1973) Francesco Pasqualeren bosgarren arima bere nobela berriari buruzko azalpena. Izan ere, XIX. mendean, Italia hegoaldeko Sapri herri txikitik abiatuta eta Bartzelonatik igarota, Bizkaira iritsi zen Pasquale. Lehendabizi Berrizera, eta ondoren Bermeora. «Berarengandik gatoz gu. Eta eskerrak etorri zen, bestela ez ginelako egongo hemen ez ni, ez nire familia osoa».

Aspalditik zekien Elorriagak familian bazela Italiatik etorritako norbait, baina ez zekien askorik hari buruz, harik eta orain dela zortzi bat urte senide batek esan zion arte hark bazuela Pasqualeri buruzko informazio apur bat bilduta: «Informazio gutxi zegoen: noiz jaio zen, nortzuk ziren aita-amak, galdaragilea zela, zer urtetan irten zen handik, zer urtetan heldu zen Berrizera eta gero Bermeora, zer urtetan ezkondu zen... baina hutsune asko zegoen». Zulo horiek betetzea, «mamitzea eta literatura bihurtzea» izan da Elorriagaren egitekoa, idazleak berak azaldu duenez.

Nolanahi ere, ez da Francesco Pasqualeren bosgarren arima biografia nobelatu bat, ez behinik behin biografia nobelatu ohiko bat. «Egin nezakeen hori. Kontatu, atalka, haren haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa... hori izango zen nobela historiko arrunt bat, baina nik ja ez daukat edaderik gauza arruntegiak egiteko». Horren ordez, hasi eta bukatzen diren hogei narrazioren bitartez kontatu du Francesco Pasqualeren bizitza idazleak, modu independentean irakur daitezkeen ipuinek osatzen baitute liburua. Aldi berean eleberria eta ipuin liburua delako Francesco Pasqualeren bosgarren arima. «Kapitulu bakoitza ipuin bat da, eta bere baitan ixten da. Kapituluak irakur daitezke nahi bezala; zazpigarrenarekin hasi eta lehenengoaren bukatu». Eta, hala ere, egileak nahiago du irakurleak liburua hasi eta bukatzea. «Horrela detaile gehiago harrapatzeko moduan izango da. Baina baten batek narrazio solte bat irakurtzen badu, obra oso bat irakurriko du, hasi eta bukatzen dena».

Gainera, atal/narrazio horietako bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Batetik bestera, narratzailea, espazioa, denbora, pertsonaiak, egitura eta beste aldatu ditu Elorriagak «Are gehiago, Francesco ez da protagonista nagusia narrazio guztietan. Batzuetan, bigarren mailako pertsonaia da; beste batzuetan, atzean, hirugarren planoan azaltzen dena». Eta adibide bat jarri du idazleak: «Francescok Genovatik Bartzelonara Mediterraneoa zeharkatzen duenean, barkuan doan neska batek bere istorioa kontatzen du, eta zeharka aipatzen du Francesco izeneko mutil atsegin bat ezagutu duela». Eta, hala ere, narrazio bakoitzak bere pertsonaiak, egitura eta ikuspuntu propioa izanda ere, liburuak osotasun bat duela uste du Elorriagak. «Uste dut horrek berak ematen diola osotasun bat nobelari, une oro ari gara-eta Francesco ikusten bere bidaia horretan».

Badira liburuan hiru ipuin berezi ere, Pasqualerekin mendea konpartitu zuten hiru konpositoreren gainean eraikitakoak horietako bakoitza: Richard Wagner, Robert Schumann eta Giuseppe Verdi.

«Francesco ez da protagonista nagusia narrazio guztietan. Batzuetan, bigarren mailako pertsonaia da; beste batzuetan, atzean, hirugarren planoan, azaltzen dena».

UNAI ELORRIAGAIdazlea

Liburuaren izenburua «luzea» dela eta, hari buruzko azalpenak eman nahi izan ditu Elorriagak. Eta bost hitzari erreparatu dio lehendabizi: «Orain apur bat ahaztuta gelditu da, baina bost zenbakia zenbaki magikoa izan da euskal kulturan. Patziku Perurenak esaten du mugagabe zaharra dela. Guk gaur egun erabiltzen dugun hamaika horren ordez, bost erabiltzen zen lehen». Hainbat bertso zaharretan bost adiera horretan erabili izan dela azaldu du idazleak, baina eremu pertsonaleko iruditerian ere zenbaki horrek duen garrantzia ere nabarmendu du: «Gure herriko hilerria Bosgarrena kalean dago, eta amak, askotan, makal dagoenean-eta, esaten du: 'laster noa ni bosgarrenera'».

Arimak ere bere lekua du eleberrian. Izan ere, Elorriagaren iritziz, gizaki bakoitzak lau arima ditu: haurtzarokoa, gaztarokoa, helduarokoa eta zahartzarokoa. «Bosgarrena da migratzaileen arima. Migratzen duen pertsona batek beste arima bat eskuratzen du. Nik zortea izan dut, eta ez dut bosgarren arima hori eskuratu behar izan, baina Francesco Pasqualek bai».

Liburuen arima

2001ean publikatu zuen Elorriagak SPrako tranbia bere lehenengo nobela, eta gerora iritsi dira, besteak beste. Van't Hoffen ilea (2003), Londres kartoizkoa da (2009), Iazko hezurrak (2014) eta Iturria (2019). Urte hauetan guztietan «ikasten» joan dela esan du Elorriagak, eta iritsi dela une bat zeinetan uste duen dena —«narratzailea, ahotsa, tonua, erritmoa»— kontrolatzen duela. «Baina bada liburuetan kontrolatu ezin den gauza bat. Eta deitu diezaiogun arima. Liburua idazten bukatu arte ez dakizu arima hori gauzatu den. Hori ikusten duzu gainerakoek irakurtzen dutenean eta haien begiradan distira bat ikusten duzunean». Oraingoan lortu duelakoan dago idazlea. «Nire zazpi liburuetan badaude arima zatiak, paragrafo batean, kapitulu batean, baina ez osotasunean. Eta uste dut bitan lortu dudala hori liburu batekin osotasunean: SPrako tranbia-rekin eta azken honekin».

«Bada liburuetan kontrolatu ezin den gauza bat. Deitu diezaiogun 'arima'. Liburua idazten bukatu arte ez dakizu arima hori gauzatu den. Hori ikusten duzu irakurlearen begiradan distira bat ikusten duzunean».

UNAI ELORRIAGAIdazlea

Leire Lopez Ziluaga Susa argitaletxeko editorearen iritziz, Francesco Pasqualeren arrastoari segika, «XIX. mendeko Europa mendebaldean zabaldutako giza mapa bat» eskaintzen du Elorriagaren liburuak: «Mehatxutzat jotzen diren atzerritarrak eta putzuak kutsatzen dituzten zerriak ageri dira liburuan. Italiako XIX. mendeko giro politiko nahasia. Danteren komedia eta enkargu bat egiterako bidean begiztatutako lehenengo maitasuna. Neska baten eldarnioa itsasontzi bidaia batean. Wagner, Schumann, Verdi, haien diskoak kostako herri txiki batean. Herren bat gurdi bat gidatzen. Ur azalean barreiatutako partiturak. Heriotza goiztiarregiak. XIX. mendeko Bermeo eta Berriz. Gogotik joaten ez diren umetako lagunak, eta gogotik maite diren ilobak, seme-alabak eta emazteak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.