Formei forma gehiago ematen

Gasteizko Artium museoak June Cresporen erakusketa monografikoa zabaldu du: 'Helmets'

June Crespo artista, Artium museoan ikusgai jarri duen pieza baten ondoan. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Askotariko formak ditu oinarri eta lanabes June Crespok (Iruñea, 1982). Pieza berriak sortzeko, artistak forma horiei forma gehiago ematen die, eskulturara hurbiltzen den obra izatera iristen den arte. Hori izan da haren lan egiteko modua azken urteetan, eta ibilbide horren emaitza da Gasteizko Artium museoan ikusgai jarri duten Helmets erakusketa. Artistaren lanen inguruan museo batean egiten den aurreneko erakusketa monografikoa da, eta 24 piezak osatzen dute guztira: eskulturak dira ia denak. Datorren urteko maiatzaren 2ra arte izango da ikusgai.

Atzo aurkeztu eta ireki zuten, hasiera batean iragarri baino hilabete batzuk beranduago, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak aitortu zuenez; izan ere,COVID-19aren krisiak eragin du museoaren programazioan ere. Atzerapena, halere, baliagarri izan zaie erakusketari beste buelta bat emateko. «Egutegian egindako aldaketa bakoitzarekin, data berri bakoitzarekin, berriz pentsatu behar izan dugu lanak museoan nola kokatu», azaldu zuen Herraezek. Hain zuzen, bera arduratu da komisario lanak egiteaz, Enrique Martinezekin batera.

Museoko A1 aretoan dago erakusketa, baina areto horren barruan piezak ez daude espazio zabal batean denak batera; aitzitik, hainbat aretotan sakabanatu ditu artistak. «Lehen aldia da erakusketa bat modu horretan antolatu behar izan dudana, eta horrek erakusketa nola antolatu nahi nuen pentsarazi dit».

Bada, obra zaharrak eta berriak tartekatu ditu, ibilbide zehatzik gabe, elkarren arteko eragina lortu nahian. «Oinarrian, atzera begiratzea izan da», adierazi zuen Crespok. «Niretzako funtsezkoak izan diren pieza zaharrak identifikatu eta gaur egungoekin batera maila berean jartzeko, espazio berean eta bizikidetzan, familia edo lantalde desberdinen gurutzaketak edo loturak proposatuz».

Artistak berak onartu zuen behin eta berriz aldatu behar izan zituztela piezak tokiz, eta azken unera arte egin duela zalantza kokapenarekin. Cresporen esanetan, ordea, horrek haren pentsatzeko eta praktika artistikoa ulertzeko modua erakusten du. «Sarri egiten dut atzera, eta berrartu eta eguneratu dezaket lan bat, bost urtez geldirik egon bada ere. Jarraitutasunean oinarritzen naiz: gauzek forma ezberdinak hartu arren, koherentziari eta interesei eusten diote».

Gorputzak eta arkitektura

Hori horrela, Cresporen lanak bricoleur delako teknikaren barruan koka daitezke; hau da, aurretik ziren formak berriz konfiguratzeko, konbinatzeko eta eraldatzeko prozesuaren bidez, artistak elementu eta irakurtzeko modu berriak proposatzen ditu. Harenean, obra gehienak gorputzaren eta arkitekturaren arteko elkarrizketan oinarritzen dira. Elkarren arteko harremanari esker, artistaklengoaia propioa landu du, zeina eskultura formatuaren bidez azaleratzen duen. Askotariko materialez egindakoak dira eskulturak: hormigoia, aluminioa, altzairua, argizaria, burdina, erretxina, zeramika...

Erakusketa, halere, hainbat pieza multzoren bidez egituratzen da; horien artean dago, hain zuzen, Helmets: artistak duela gutxi egindako obrek osatzen dute pieza multzo hori, eta, erakusketari izenburua emateaz gain, egitura ere jartzen dio lan multzo horrek. Obra horiek giza gorputza espresuki aipagai dute, maniki baten jatorrizko forma eraldatzen baitu artistak, ebaki, aldatu eta berriz muntatutako gorputz adarren bitartez.

Instrumentos y fetiches (Instrumentuak eta fetitxeak) izeneko obra multzoak, bestalde, formatu txikiagoko lanak biltzen ditu. 2017an egindako piezak dira. Diskoen edo errotuladoreen gisako eguneroko objektuei egindako moldeetatik abiatzen da Crespo eskultura horiek osatzeko. Brontzean urtutako moldeak dira denak: lau pieza dira guztira, eta paretan kokatu ditu artistak, apal baten gainean.

Igeltsuz eta argizariz egindakoak dira, aldiz, Voy, sí (Banoa, bai) izeneko obra multzoko piezak. Azken horiek aurten sortutakoak dira. Erakusketarako propio egindakoak dira, halaber, No Osso eta Core izeneko lanak ere. Aurrenekoak erretxinaz egindakoak dira, eta aretoko horman jarriak dira, horma zeharkatuko balute bezala; hormigoiz eta metalez egindakoak dira bigarrenak. Sei pieza dira denera: orain eskultura eta orain kaleko altzari dira, eta modu sekuentzialean instalatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.