Azpeitiko (Gipuzkoa) Kulturaz kooperatibak 2019. urtean jarri zuen abian Hitzaren Eskola, hitzari «beren-beregi» espazio eta proiektu bat eskaintzeko asmoarekin, Xabier Gantzarain proiektuaren sustatzaileetako batek gaur eginiko aurkezpenean azaldu duenez. «Ikusten genuen hitza adierazpide eta diziplina ezberdinetan ibiltzen dela, asko erabiltzen dela, baita egunerokoan ere, baina askotan oharkabean pasatzen dela». Lehenengo edizio hartan, zeinak sei hilabete iraun zuen, beste horrenbeste irakasle aritu ziren, bakoitza hitzaren arlo batekoa, «nahiz eta, azkenean, batek gauza bakarra ez duen egiten normalean». Aurreneko aldi hartan Gorka Arrese, Harkaitz Cano, Miren Gaztañaga, Irene Arrarats, Igor Elortza eta Lorea Agirre aritu ziren irakasle, eta «esperientzia polita» izan zela ondorioztatuta, egitasmoarekin segitzea erabaki zuten.
Pandemia tarteko —lehen edizioaren bukaera baldintzatu zuen—, Hitzaren Eskolaren beste bi edizio antolatu dituzte, eta horietan honako sortzaile hauek aritu dira irakasle: Arantxa Iturbe, Iñigo Aranbarri, Maddi Barber, Haizea Barcenilla, Andoni Egaña eta Xabier Erkizia —bigarren aldian—; eta Ula Iruretagoiena, Koldo Almandoz, Mari Luz Esteban, Oier Guillan, Miren Artetxe eta Amets Arzallus —hirugarrengoan—.
Aurten, ordea, Hitzaren Eskola beste formatu batean ematea erabaki dute. «Hausnarketa baten ondorioa izan da. Jende batek esaten zigun sei hilabete luze zela, konpromiso handia eskatzen zuela, eta batzuetan kosta egiten zela konpromiso hori hartzea». Horrela, aurten laburtu egingo dute, eta hiru hilabetez izango da, aurreko urteetan bezala, Dinamoa sormen gunean. Sei irakasleren ordez, bestalde, lau ariko dira eskolak ematen: Amets Aranguren Ibil Bedi musika taldeko kidea, Irati Gorostidi zinemagilea, Joseba Sarrionandia idazlea eta Itziar Ugarte idazle eta BERRIAko Kultura saileko kazetaria. Horietako bakoitzak, gainera, irakasle gonbidatu bat eramango du azken saiora, «irekitzeko eta ezagutzeko beste norbaitek zer esan dezakeen aipagai den gaiari buruz». Hain zuzen ere, Arangurenek Ion Celestino musikaria gonbidatuko du; Gorostidik, Arantza Santesteban zinemagilea; Sarrionandiak, Peru Magdalena idazlea; eta Ugartek, Maider Oleaga zinemagilea.
Arreta gaitasuna
Ugarte bera gaurko agerraldian izan da, eta aitortu du «inbidia handiz» jarraitu izan dituela Hitzaren Eskolako aurreko aldiak: «Badut jende bat hemen gertu ibili izan dena, eta uste dut heldu zaidala hemen sortzen den estimulazio horren uhina». Aurten parte hartzeko proposamena egin ziotenean, berehala pentsatu zuen gogoz izango zela Hitzaren Eskolan, baina parte hartze hori «ikasle moduan» egiteko modukoa iruditzen zitzaion: «Uste dut horrek asko esaten duela hemen dagoen espirituaren inguruan: ezagutza eta sormen grinaren elkartrukea eskema bertikaletik kanpo egitearen aldeko jarrera bat».
Bere eskola pentsatzeko denbora izango badu ere, kazetaritzatik eta idazletzatik iritsita, bere «idazmahaia ikasgelan hedatzea» nahiko luke Ugartek, baina ikasgelan jaso dezakeen guztiari irekita beti ere. «Azken aldian nahikotxo interpelatzen nauen gai bat landu nahiko nuke: garai ultra-azeleratu honetan bizitzen ari garen arretaren gaitasunaren kamuste orokor hori».
Hitzaren Eskolak irakasleak proposatzen baditu ere, eskolaren beraren formatua horizontala dela nabarmendu du, bere aldetik, Canok. «Esperientzia oso gustagarria izan zen. Batetik malgua zen, eta, bestetik, oso modu horizontalean jorratu zen, ikasleekin batera. Eta emaitza interesgarriagoa da. Ez nator ni hemen lezioa ematera; kezka batzuk, duda batzuk, esperientzia bat konpartitzera eta horren gainean jardutera baizik».
Hitzaren Eskola irailaren 2tik azaroaren 18ra arte egingo dute, beti larunbatez, 09.00etatik 13:00etara. Matrikulazioa egiteko epea, berriz, uztailaren 7ra artekoa izango da.
Orain artekoaren memoria
Laugarren aldia izango du aurtengoa Hitzaren Eskolak, baina orain arte egindako lana biltzen duen memoria ere jaso du Kulturaz Kooperatibak Dinamoaren webgunean. Bertan aurreko urteetan erabilitako material guztia jaso dute. Gantzarain: «Bakoitzak muntatu dezake bere eskola material horrekin».