'Koloretako intsektuak'
Idazlea eta ilustratzailea: Maddi Astigarraga Bergara.
Argitaletxea: Sua.
Bigarren izenburu gisa Polinizatzaileak ezagutu marrazketaren bidez duen liburu batek ezinbestean eskatzen du gure arreta. Ez da preziso haurrei marrazkiak eginaraztea gustatzen zaigulako, ez horixe, baizik eta naturaren ezagutzan murgiltzeko bide eroso bezain ezaguna proposatzen zaigulako.
Naturaren behatzaile izateko bidean baliabideak eskaintzen dituen Adi natura bildumaren parte da liburu hau, zeinetan formakuntza eta ezagutza eskaintzen zaizkien haur eta gazteei, oraingoz bost titulu dituena, edozein adinetako hasiberrientzat alorreko sarbide gisa baliagarria ere badena.
Dituen 72 orrialdeak lau ataletan banatuta daude, marrazketa tekniketan zentratuta lehenik, eta landa lanetarako behar den informazioa ondoren.
Ezaguna da natura behatzaileentzat oso beharrezkoa dela marrazketa, xede-animaliaren morfologia eta ohiturak deskribatzeko baliabide eraginkorra delako, zer-nolakotasunetan erabateko arreta eskatzen duelako. Liburuan hainbat teknika proposatzen dira eskua eta begia landu ditzagun.
Dena den, gogoratu liburu hau makulua baino ez dela; etengabeko praktika eta kemena norberak jarri behar ditu.