Bertsolari Txapelketa Nagusia. Jon Martin. Bertsolaria

«Forma aldatzen badugu, edukia aldatuko dugu uneren batean»

Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehendabiziko kanporaketa irabazi zuen joan den igandean Jon Martinek. Hala ere, ez du «saiorik onena» egindako sentipenik, ez zuelako «goitik beherako» bertsoaldirik egin.

Beñat Zamalloa Akizu.
Donostia
2013ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Amonak asmatu zien pronostikoa Jon Martin (Oiartzun, 1981) eta Alaia Martini. Hark herenegun Villabonan jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen kanporaketan bi biloba izanik, bihotza erdibitua zuen. «Baina biok lehen geratzea posible da?», galdetuko zien bazkalorduan. Ezetz erantzun zion bilobak. «Biok lehen geratzetik gertuena hauxe da: bata bestearengandik puntu batera». Saioa, oro har, «gorabeheratsua» izan zela iruditzen zaio.

Saio gorabeheratsua izan zela diozu, baina, zure kasuan, nahiko orekatua izan zen, ezta?

Hori esan zidaten. Uste dut Alaia eta biok saio orekatua egin genuela; batez ere, ez ginela erori. Baina nik ez nuen nire saiorik onena egin, ez zen goitik beherako bertsoaldirik. Egia da gustura gelditu ez nintzen horietan ez nintzela erori, eta hori izan zen, agian, diferentzia besteekiko.

Gaietan ezerk harritu zintuen?

Bai harritu ninduela puntu erantzunetan jartzeak errima mota bat. Alaiari -odan, «modan», tokatu zitzaion; «-odan» errimatzen duten oso hitz gutxi daude. Eskerrak Alaia makina bat dela errimatzen, eta kristorena bota zuen. Niri bakarkakoa ere ez zitzaidan bereziki gustatu. Iruditu zitzaidan gai itxiagoak proposatu nahi zituztela, baina niri iruditu zitzaidan itxia baino gehiago, estua. Nik gai itxiagoak edo zabalagoak jarriko nituzke. Gustu kontuak dira.

Gai dramatikoen zalea izanik, kartzelan dramatikotik jo zenuen.

Drama baino gehiago niri gustatzen zait bertso mota lirikoago bat, bertsolari gehienei baino gehiago. Bertsolari gehienei esaera zuzen samarrak gustatzen zaizkie, eta ni lirikotasunean ere gustura sentitzen naiz.

Arrebaren azkenaldiko nabarmentzea azken Gipuzkoako txapelketari lotuta dago?

Txapelketak izarrak sortzen ditu. Gipuzkoako txapelketan Aitorrek [Sarriegi], jakina, garrantzia hartu zuen, Beñatek [Gaztelumendi]garrantzia hartu zuen, eta Alaiak garrantzia hartu zuen. Hortik aurrera, Iñaki Apalategik eta Aginek [Laburu] kristoren txapelketa egin zuten, eta ez zen pasatu. Orduan, txapelketaren sustapen eta belaunaldien arteko transmisio horretan ez dakit txapelketak oso funtzio garrantzi-tsua betetzen duen. Gero, jaialdietara joan eta ondo kantatu behar da.

Eta hori ere egin du?

Publikoarekin ondo komunikatzen da. Ni publikoaren zati batekin oso ondo komunikatzen naiz, baina beste batekin ez naiz hain ondo komunikatzen. Alaiak, agian, irismen handiagoa dauka. Teknikoki dauzka gauza batzuk, beste inork egin ezin litzakeenak. Alaiak bertsotan ikaragarri egiten du.

Zeren bila aritu zara dezimak bertsotara ekartzea proposatzerakoan?

Nik uste errima desberdinak tartekatzearen eta memoria egitearen ondorioz sor litekeela bertsoera bat orain ez dagoena. Lehen aipatzen nizun lirikotasuna ematen dio. Niri ematen dizkit tresna batzuk, eta nik uste gehiago ulertzen direla ariketa mental eta estetiko bat egiten ari zarenean, eta ez kontaketa bat. Nik uste dutforma aldatzen badugu edukia aldatuko dela uneren batean.

Finalera sartzeko antza duen bat izan zintezkeela esan zenuen duela lau urte. Zeren antza duzula orain esango zenuke?

Duela lau urte beharbada konfiantza handiagoz nengoen nire aukeretan. Ez dut uste nire lekua finalean dagoenik. Hori bai, lehenengo buelta bukatuko banu aukera edukita, belaunek dar-dar egingo lidakete, zeren niretzat amets bat betetzea litzateke.

Zerbait probatuko duzu?

Bakarka estutuko dut. Gaiak uzten baldin badit eta gaia azkar pentsatzen baldin badut, saiatuko naiz pixka bat gehiago estutzen eta pixka bat gehiago arriskatzen. Agian ez deziman, baina dezima antza daukan doinuren batean, edo funtzio berdina betetzen duen zerbaitean edo motz gehiago dituenean. Bai, aldaketa bat eskatzen dit gorputzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.