«'Forlandia'-k orain arte ezagututakoa aldatu digu»

itziar ugarte irizar
Zumaia
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Dantza egitea soilik ez, «gauzak sortzea» beti maite izan duela dio Lakarrak, eta horretarako abiatu duela Goldenlack Producciones, Matthew Goldingekin. Bi ekoizpen estreinatu dituzte jada, eta Euskal Herrian emango dituzte asteon: In The Still Of The Night, hilaren 19an, Gasteizko Principal antzokian; eta Fordlandia, hilaren 22an, Donostiako Kursaalean.

Nolako lanak egiteko baliatu nahi duzue Goldenlack?

Dantza beste arteekin nahastu nahi dugu. Ez da erraza bi lagunekin ordubeteko emanaldia betetzea. Horregatik, Forlandia-n izan genuen filma egiteko ideia, eta errepikatu egin dugu gero In The Still of The Night-en. Musika ere oso garrantzitsua da beti.

Dantza garaikidekoek klasikoa antzinako gauzatzat ikusten dute, baina ni beti egon naiz etiketen kontra, eta saiatu naiz katalogatua ez izaten. Dantzatu ditut klasikoak, neoklasikoak, dramatikoak, garaikidekoak... puntekin, media puntekin, galtzerdiekin, hanka hutsik... In The Still Of The Night-ek 1960ko urteetako airea du, eta irudietan takoiekin dantzatzen dut, agertokian zapatilekin, galtzerdiekin... Artetik bada, dena da dantza.

Itxialdiak ekarri zizuen lan propioak egiten hasteko denbora?

Bai. Dortmundetik [Alemania] Zumaiara etorri nintzen ni; Matt, Amsterdamera, eta luzerako zela ikustean erabaki genuen gure emanaldia sortzeko baliatu behar genuela tartea. Nik beti neukan gogoa, eta zoragarria izan da. Alaba lokartu, eta goizeko ordu biak arte gelditzen nintzen telefonoarekin, mezu elektronikoekin... etxerako barra eta lurra ere orduan erosi nituen. Apirilaren erdian bagenituen hamar bat emanaldi lotuta Forlandia-rentzat. Amak esaten zidan: «Baina oraindik ez daukazue balletik!». Baina banekien zer egin genezakeen.

Eta In The Still Of The Night?

Forlandia-k orain arte ezagututako mundua aldatu digu, eta hura estreinatu aurretik bageneukan ja bigarrenerako ideia. Hirugarrenarekin gabiltza orain. 30 urtetik gorako bidean rol zoragarriak dantzatu ditut, eta beti konpainiek emandako opariak izan dira. Baina lehen aldiz ezagutu dugu orain zer den guk gure lana sortzea, lehen ideiatik geroko detaile guztietara. Dantzatzen duzun bakoitzean prozesu osoa duzu barruan, eta hori ederra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.