Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Forbidden

2024ko abenduaren 1a
05:05
Entzun

Duela urtebete idatzi nuen lehen zutabea orriotan. Durangoko Azoka izan nuen hizpide eta musika standen erradiografia txiki bat egiten saiatu nintzen: zenbat musikarik izango zuten mahai propioa, zenbat egongo ziren zigilu baten babespean eta abar. Ariketa interesgarria da joerak aztertzeko, baina beste ertz batera begiratu nahi nuke aurtengoan.

Aurten ezingo dugu Forbidden Coloursen materialik topatu —artistek beren diskoa beste mahairen batean jartzea lortu ezean—-, nahiz eta haiena izan, nire uste apalean behintzat, azken hamarkadako katalogorik interesgarrienetakoa, interesgarriena ez bada: Amorante, Mice, Moxal, Empty Files, Trigger, Rüdiger, Reykjavik 606, Ander Unzaga, Joseba B Lenoir, Ke Lepo, Xabier Zeberio eta beste askok argitaratu dute bertan. Ez dira sona itzela duten taldeak; ezagunak badira batzuk, beste zenbait ez horrenbeste. Estilistikoki askotariko musikak landu dituzte, baina badago patroi komun bat, gailentzen den usain edo kolore bat: elektronikak pisu esanguratsua du, indarrari bainoago orekari begiratzen diona; gustu klasiko bat dario zigiluari, akademiatik edan baina gero kode horiez gaindi aritu baitira musikari asko; pop eta rock musikarekiko zaletasuna eta, batik bat, halako elegantzia soil bat ere nabarmenak dira diskoetan. Horixe izan da, gutxi-asko, Forbidden Coloursen formula. Izan zitekeen beste bat, baina hori izan da haien hautua. Zigiluei eskatu izan zaien eran, koherentzia estetiko bat mantendu dute, baita gutxieneko kalitatea bermatu ere.

Inor gutxik ukatuko du Forbiddenek baldintza horiek bete dituela. Ez da aski izan, ordea, jarraitzeko: arduradunen lan kargak, batetik, eta musika industria hartzen ari den tankerak, bestetik, itxiera bultzatu dute. «Industria kapitalistenera hurbildu ezean, ez zen bideragarria», esan du Aitor Etxeberria zigiluaren arduradun nagusiak itxieraren zergatiaz aritzean. Niri kezka bera sortzen zait aterkirik gabe geratu diren talde horiei guztiei dagokienez: zein da haien patua? Industria kapitalistenera hurbildu ezean, haien jarduna ere ez da bideragarria? Izango al dira datorren urteko azokan? Ba al dago espaziorik Forbiddenen tankerako zigilu batentzat?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.