'Maria Antonia Proietti, italiar modeloa'
Aitortu beharra dut ekoizpen garaikideko erakusketetara jotzen dudala arte kritikak egituratzerako orduan. Askotan, arte kritikak unean bertan ekoizten ari diren piezek kritikariari sortzen dizkioten hausnarketa, sentsazio edo esperientziak islatzen ditu. Alabaina, badaude bestelako egituratzeko aukerak ere. Izan ere, XX. mendea aurretik ekoitzitako piezek nolabaiteko aura kanonikoa dutela sentiarazten badigute ere, interesgarria da gaur egun horiekin egiten denaren inguruan hausnartzea: non kokatzen dira, nola, zergatik? Eta zein da horiek biltzen dituen diskurtsoa?
Esan bezala, XX. mendetik aurrera osatutako arte-adierazpenak biltzen dituzten espazioak fokutik kanpo geratzen zaizkit. Beraz, erru horretatik libratzeko asmoz, Arabako Arte Ederren Museora hurbildu naiz, bertako erakusketa espazioak biltzen duen erakusketetako bat ikusteko. Tituluaren tonu exotizatzailea ukatu ezin dudan arren, deigarria egin zait: Maria Antonia Proietti, italiar modeloa. Batik bat, sumatu dudan faktorerik deigarriena emakume horren lanbidea izan da; erakusketak horren inguruan hitz egingo al du?
Erakusketa artistikoak askotarikoak badira ere, gehienetan artelanetan zentratzen dira, eta ikusten ez diren sormen-prozesuak itzaletan geratzen dira. Horrekin batera, prozesu guztiaren meritua pertsona bakar bati esleitzen zaio, ez artelana bera ehuntzeko prozesuaren parte izan diren guztiei. Hori da Maria Antonia Proiettiren kasua. XIX. mendean jaio zen, Italian, dirudienez (erakusketaren testuak ez baitu argitzen). Bertan ezagutu zuen Ignacio Díaz Olano margolari gasteiztarra, 1894. urtean Erromara joan zena ikasketa artistikoetan sakontzeko asmoarekin. Pintoreak egonaldia amaitzean, berarekin bueltatu zen Gasteizera, haren modelo eta laguntzaile bilakatuz.
Erakusketa museoaren lehenengo solairuan dago, eta bertara hurbiltzen naizen heinean, aniztasuna adierazten duten hainbat konposizio piktoriko sartzen dira nire ikusmiran. Alabaina, pinturek iradokitzen duten baino gutxiago dira autoreen izenak.
Beheko solairua atzean utzi, eta eskailerak igotzen ditudan bitartean, begi ninien kitzikapena sentitzen dut, parez pare kokatzeko eskatzen didaten hainbat konposizioren aurrean. Tamaina handiko pintura batekin egiten dut topo: Kalbarioko erromeria da, 1901 eta 1903 bitartean margotua. Bertan, detaile handiz irudikatutako figurak nabarmentzen dira; hala ere, zehaztasuna lausotzen doa irudikatutako gorputzek lurra ukitzen duten heinean, egileak pintzelada askatu egiten baitu gorputzen mugimendua adierazteko nahian. Kasualitatez, Ignacio Díaz Olanori eskainitako espazioa da, eta bertan irudikatzen diren pertsonen artean agertzen da Maria Antonia Proietti, lehen planoan, eta bere irudikapenera bideratzen gaitu konposizioaren ekintzak. Laranja koloreko detaileek apaintzen dute bere jantzia, eta ikuslearen begirada erakartzen dute nolabait.
Dena dela, hau ez da modeloaren memoria omentzen duen espazioa, artistarena baizik. Beraz, espazioa atzean utzi eta haren erakusketarantz bideratzen dut nire gorputza. Bidean, beste garai batean nagoela sentitzen dut: altzaririk gabeko jauregi erraldoi batean. Horko saloi txikian kokatzen da mostra, hain zuzen.
Zazpi pintura daude erakusketan: batzuk Díaz Olanok konposatuak eta beste batzuk Fernando de Amarica pintoreak egindakoak. Maria Antonia Proiettik Amarica ere ezagutu zuen Díaz Olanoren bitartez, eta, dirudienez, harentzat ere egin zituen modelo lanak. Bi artisten lanen estiloa nahiko ezberdinak izan arren, espazio honetan bien arteko sinbiosiak antzematen dira.
Erakusketaren egitura xumea da, baina erakargarria egiten zait, piezen formatu txikia dela-eta espazioan oso era egokian integratzen baitira. Bertan badira artisten bozetoak, zeintzuetan Proiettiren figura agertzen den, edota emakumearen erretratuak ere. Hala, pintura batetik bestera salto egin ahala, deigarria iruditzen zait zerbaitekin topo egitea: modeloa Díaz Olanoren estudioan dago irudikatuta, baina ez da modelo lanak egiten ari. Mahai bat du aurrean, eta eskuak bertan kokatzen ditu, azpian hainbat paper ageri direla; Proiettik Diaz Olanoren estudioa kudeatzen baitzuen. Dirudienez, bere eginbeharra ez zen modeloa izatera mugatzen.
Orduan hausnarketa sortzen zait. Formatu txikiko erakusketa batean nago, formatu txikiko pinturak biltzen dituen espazio txiki batean. Orain arte ezezaguna izan zen emakume bati erreferentzia egiten dioten pintura txikiak biltzen ditu erakusketak, baina erakusketarako bidean bere lana (modeloarena) agerian uzten zuten formatu handiko hainbat eta hainbat pintura aurkeztu zaizkit. Erakusketaren izenak modeloa izan zen emakume bati erreferentzia egiten badio ere, benetako protagonistak haren irudia erretratatu zuten gizonezko artistak dira. Erakusketaren fokua beste norabait mugitzeko nahia sortzen zait. Izan ere, ez al litzateke interesgarria garai hartako emakume modeloen lanbidean fokua jartzea? Artista ezagun askoren lan prozesuetan nahitaezko papera jorratzen zuten; beraz, zein zen haien rola artearen munduan?