Oiartzunen oholtzara igo zen seikoteak banaketa argi bat zuen saioa hasi aurretik: lehenago finalean kantatutako hiru bertsolari eta finala probatu gabeko beste hiru. Ez dugu esango saioan zehar banaketa hori bertsoaldi bakoitzean agerian geratu zenik, baina finalista izandakoek patxada, ziurtasun eta tenple hobearekin egin zuten bertsotan. Zer egin behar zuten eta zer egiten ari ziren oso argi baleukate bezala-edo.
Puntu gutxiren aldea egon zen Beñat Gaztelumendi eta Ane Labakaren artean. Memoria ariketa ezinezko bat egitearen modukoa da añorgarra saioren bateko bertsoaldiren batean erabat galduta aritu zeneko hura gogoratzen saiatzea. Erregulartasuna, bai, baina ez hori bakarrik. Kale garbitzailearen larrutik, esaterako, egungo Donostiaren mosaiko ikusgarri bat marraztu zuen bakarkakoan bertsoen bidez, azken asteetan albiste izandako zenbait gertakari kateatuz. Fokua non kokatu bete-betean asmatzea, horixe. Kale garbitzailearen bederatziko motzean kantatzea bakarrik falta izan zitzaion… Maila horri eutsiz gero, hirugarren txapela ez du urruti izango.
Ane Labakak argitasun handiz kantatu zuen Oiartzunen. Zuntz ezkutuenak ere ukitu zizkigun gurasoen zaintzak aldrebesturiko urte sabatikoa hartu duen haren azalean jarrita, bere lanetako bat nabarmentzen hasita. Ustekabe erraldoirik ezean finalean arituko da lasartearra eta zeresana emango du, azken urteotako haren bilakaera kontuan harturik.
Ariketa gogoangarriak oparitu zizkigun Nerea Elustondok: puntukako saioan Asier Azpirozekin aitona-amonen ganbaran barrena egindako bidaia burutik kendu ezinda gaude, lizunak harturiko kontserba poteak, aitonak eskuz eginiko egurrezko eskopeta (Asierrentzat, jakina…) eta inauterietako txilaba tarteko. Beñat Gaztelumendirekin ere bikain aritu zen legazpiarra 8ko txikian, publikotik ateratako boluntarioa mila zatitan ebakiko duen magoaren gorabeherak hizpide.
Erlazionatuta
Asier Azpiroz izan zen laugarren Oiartzunen. Zubietarrak, besteak beste, egungo gizarte gaixo honen argazkia erakutsi zigun, lotarako arazoak dituzten pazienteak artatzen dituen medikuaren ahotik. Oier Etxeberriak, berriz, zenbait bertso dirdiratsu eta bidean galdutako aleak tartekatu zituen saioaren joanean. Eli Pagolari dagokionez, kosta egin zitzaion saioari neurria hartzea. Horren adibide, bakarkakoan egindako lana: hari mutur asko proposatu zituen lesio larri bat tarteko kirola uztera behartutakoaren larrutik, baina hari mutur guztiak behar bezala jostea falta, bertsoaldia borobiltzeko.
Bukatzeko, hausnarketarako aipamena: Nerea Elustondoren bakarkakoan gaia entzun orduko (dimisioa eman berri duen politikaria), esango nuke guztioi helduleku berbera etorri zitzaigula boteprontoan burura. Bertsolariak berak ere horixe aukeratu zuen, zein bestela. Gure herriko mugetatik haratago non jartzen dugun (edo jarrarazten diguten) fokua, eta zein albiste edo gertakari hartzen dugun erreferentetzat.