Flauberten klasiko bat eta Lermontoven beste bat, Urrezko Bibliotekarako

Patxi Apalategirena da 'Madame Bovary'-ren itzulpena, eta Jose Moralesena 'Gure garaiko heroia'-rena

Patxi Apalategi, Madame Bovary-ren euskaratzailea, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
2013ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Bere garaian, 1989an, Eusko Jaurlaritzak eta EIZIE Euskal Zuzentzaile, Idazle eta Interpreteen elkarteak hauspotutako Literatura Unibertsala bildumaren abaroan euskaratu zituzten Patxi Apalategik Gustave Flauberten (1821-1880) Madame Bovary eta Jose Morales Beldak Mikhail Jurievitx Lermontoven (1814-1841) Gure garaiko heroia. 1993an kaleratu zuen aurrenekoa Ibaizabal argitaletxeak, eta handik hiru urtera bigarrena. Ia 20 urte geroago bi klasiko horiek berrargitaratu dituzte, eta Jaurlaritzak eta EIZIEk Elkar argitaletxearekin batera bultzatutako Urrezko Biblioteka sailera bildu. Maitasunezko nobela klasikoa da Madame Bovary, literatura errealistaren abiapuntu gorentzat jotzen dena; Gure garaiko heroia, berriz, abenturazko eleberri errealista, Errusian gerora loratuko zen literatura psikologikoaren mugarria.

Poema eta antzezlan lirikoakidazten zituen hasieran Lermontovek, baina bere bizitzaren hondarrean prosari heldu zion. Morales Beldaren ustez, Errusiako literatura piztu zuen egileetako bat izan zen, Nikolai Gogol eta Aleksandr Puxkinekin batera. Hain zuzen, Gure garaiko heroia-k badauka zerikusirik azken horrekin. Georges d'Anthes Frantziako militarrak duelu batean hil zuen Puxkin 1937an, baina borrokan ari zirela iruzur egin zion idazleari. Hunkituta bezain amorratuta, Poetaren heriotza poema idatzi zuen Lermontovek, eta Nikolas I.a tsarrari bidali. Gobernuari leporatzen zion poetaren hilketa Lermontovek, eta goi mailako gizartearen saldukeria salatzen zuen, gainera, Morales Beldaren iritziz. «Zigor gisa, Kaukasoko gerran borrokatzera bidali zuten idazlea».

Petxorin ofiziala ere, nobelako protagonista alegia, Kaukason borrokatuko da. «Hori dela eta, Lermontoven alter ego-tzat jotzen da Petxorin. Liburua neurri batean autobiografikoa dela esan daiteke, nahiz eta hitzaurrean egileak berak hori ukatzen duen», adierazi du itzultzaileak. Ofizialaren ibilerak kontatzen dira eleberrian, baina «aitzakia» besterik ez da, haren eta gainontzeko pertsonaien azterketa psikologiko «sakona» egiteko. «Haien jokaera garaiari dagokiona da, baina izaera psikologikoak balio unibertsala du». Liburuak bost narrazio labur biltzen ditu: Bela, Maxim Maximitx, Taman, Meri printzesatxoa eta Fatalista. Petxorin da atalak lotzen dituen haria. Haren bidez, orduko gizarteari kritika «zorrotza» egin zion idazleak. «Izan ere, heroi gisa aurkeztutakoa garaiaren biktima besterik ez da. Moralik gabeko gizona, gaizkile tragiko eta erromantikoa». Hil baino apur bat lehenago, 1838 eta 1840 artean, osatu zuen liburua Lermontovek. Puxkin bezala, hura ere duelu batean hil zen.

Hipokrisia erretratatuz

Flaubertek ere bere garaiko geografia humanoa erretratatu zuen. «Frantziako landa eremuetako eta hiri txikietako bizimodua, baita burgesiarena ere, bere hipokrisia eta itxurakeria guztiarekin», zehaztu du Apalategik. Emma Charles Bovary medikuaren emaztea da protagonista. Ezkon bizitzaren errutinarekin asperturik, maitale baten besoetan saiatuko da gaztetako amets idilikoa gauzatzen. Baina amoranteak abandonatu egingo du, eta zorretan ito, gainera. Bere burua artsenikoz pozoituko du, hortaz, emakumeak. Apalategiren ustez, denboraren eta espazioaren mugak gaindituta, irakurlearen arreta pizten jarraitzen du Madame Bovary-k. Flaubertek giza jokabidearen eta makurkerien «ezagutza fina» zuela demostratu zuen, baita «hizkuntza eta estiloa» menderatzen zituela ere .

Literatura Unibertsala bildumaren 20 obra eguneratuko dituzte Urrezko Bibliotekan. Aurkeztu berri diren biekin, horietako zortzi daude jada argitaratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.