Literatura

Flandriaren koadro makurra

Hugo Clausen bi poema itzuli zituen Iñigo Aranbarrik, baina eleberririk ez dago euskaraz. 'Belladonna' (1994) nobelak film baten ekoizpen istorioa kontatzen du.

Hugo Claus, 1984. urtean, Flandriako Gante hirian. MICHIEL HENDRYCKX.
Gorka Arrese.
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Hugo Claus flandriarra (1929-2008) margolaria, zinemagilea, antzerkigilea, poeta eta eleberri idazlea izan zen. Kopenhage, Brusela eta Amsterdamgo artista plastikoen CoBrA taldean parte hartu zuen Parisen 1940etako azken urteetan. Nederlanderazko idazle entzutetsuena zen, Cees Noteboomekin batera. Nobel sarirako hautagaia izan zen behin baino gehiagotan. Idatzi zituen 295 literatur lanen artean Txundidura eta Belladonna dira, agian, nobela ezagunenak.

Clausen literaturari buruz adjektibo askorekin jarduten zuten: bizia, bizkorra, oparoa, barrokoa, zorrotza, mingarria, gupidagabea, garratza, lizuna, gordina, basatia, krudela, satirikoa, harrigarria, probokatzailea, trufaria, erakargarria, neurrigabea, kutsakorra, dotorea, umoretsua.

Belladonna eleberria zabaldu orduko irakurtzen ahal da: «Taxi bati deika ari zela zirudien [ministroak], Flandriaren etorkizunari ordez». Esaldi gaiztoz beteta dator. «Irakurri dut gidoia, ez dago akziorik; espainiar batzuk han eta hemen amorrarazten, jendea urkatzen eta etxeak erretzen». Edo: «Zergatik tematu ote nintzen dirulaguntzen kasinoan parte hartzen?». Eta nobelaren bukaeran: «Belgikako bandera, gorrotoaren gorria, ezjakintasunaren urrea, ezintasunaren beltza».

Hogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira Clausen liburuak; esate baterako: DeMetsiers (1950), De hondsdagen (Egun zakurrak, 1952), De koeleminnaar (Maitale hotza, 1956), De Verwondering (Txundidura, 1962), Schola nostra (1971), Schaamte (Lotsa, 1972), Het jaar van de kreeft (Karramarro urtea, 1972), Het verlangen (Desira, 1978), De verzoeking (Tentazioa, 1980), Het verdriet van België (Belgikarren atsekabea,1983), Een zachte vernieling (Hondamendi gozoa, 1988), De zwaardvis (Ezpatarraina, 1989), Belladonna (1994), De geruchten (Esamesak, 1996), Onvoltooid verleden (Iragan itxuragabea, 1998).

Sorgin belarraren pozoia

Andre ederra da bella donna italieraz; antza denez, landarearen fruitua igurzten zuten begien azpian, ninia dilatatzeko. Belaikia edo sorgin belarra esaten da euskaraz. Erabilera terapeutikoa du dosi txikian. Narkotikoa, analgesikoa eta anestesikoa da. Pozoitsua da, beraz; eldarnioak eragiten ditu dosi handitan. Eta halakoxea da Clausen Belladonna ere.

Eszena laburrez egituratuta dago eleberria, pelikula baten tankerakoa da, pertsonaia ugarirekin. Pieter Bruegel XVI. mendeko pintoreari buruzko film baten egile taldeari buruzkoa da kontakizuna, baina berdin esan liteke Bruegelek berak XX. mendean Flandrian margotuko lukeen koadro jendez betea ere badela. Aprobetxategi kuadrilla handi bat agertzen da: axolagabeak, diruzaleak, alprojak, ezgaiak.

Walter Oorslag zinema ekoizleak Willem Elsschot idazlearen Villa des Roses nobelan oinarritutako film bat egiteko asmoa zeukan hasieran, baina dirulaguntza aukerarik batere gabe laga du Neerlanderazko Ikus-Entzunezkoen Kultur Adierazpenen Sustapen Batzordeak, istorioa frantses girokoa delako. Oso flandriarra den film bat egitera deliberatu da orduan ekoizlea. Eta gidoi bat idazteko enkargua egin du, zertaz izango den ere ez dakiela. Azkenean Bruegel zaharrari buruzkoa izango da istorioa, aspaldi Axel Den Dooven delako batek ikasle garaian idatzitako gidoian oinarritua.

Den Dooven bihurtuko da, beraz, Belladonna eleberriko protagonista nagusia. Entzungorra esan nahi du Den Dooven abizenak. Zinema eskolan Haratustela izeneko gidoi bat idatzi zuen, ikaskide batek etsamina gaindi zezan; eta karanbola harrigarri batez, urte mordo bat geroago film bilakatuko da, Pieter Bruegelen amodioa izenburuarekin. Dirk Van Munster goitizenez poema liburu bat idatzi zuelako besterik ez da ezaguna Den Dooven. Gaur egun Schellen museoa zuzentzen du. Gizon handia da; Roberte emazteak utzi egin zuenez gero, 120 kilokoa egin da; «Aita, zerbait egin beharra daukazu!», esan dio Just semeak. Baina aitari bost axola zaionez gizentasuna, berehala, hiru astetan egin duena izan da gidoiarekin nobela bat idaztea, filma errodatzen has daitezen baino lehen.

Arrakastaren ustelaz

Den Doovenen bigarren emazte Claire, Grootaers aktorea (Bruegel izango dena), Just semea, Caroline erraina, Oorslag ekoizlea, Malle Moe prostituta sadomasokista, Marigaal gidoigilea, Spanoghe idazle sozialista, Meulemans kultur ministroa eta abar, Flandriaren koadro makur bat da Hugo Clausek eleberrian marrazten duena, gizartearen aurrean jarritako ispilu erraldoi bat balitz bezala irakurleentzat.

Tira... eta filma zer?, zer moduzkoa izan da errodatu duten pelikula? Kritikari batek idatzi du: «Ikusle xumeek bilatzen duten guztia dauka: bortizkeria, maitasuna, umorea, Flandriaren historiako pasarte liluragarriak». Beste batek: «Gure herrialdeko Spielberg da Oorslag». Eta beste batek: «Astunkeria bat!, modaz pasatakoa, topikoz betea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.