Flamenkoak hartuko ditu Iruñeko balkoiak abuztu amaieran

Flamenco on Fire jaialdiaren bederatzigarren aldia hilaren 24tik 28ra egingo dute. Vianan eta Tuteran ere egingo dira zenbait emanaldi

Rebeca Esnaola Nafarroako Kultura kontseilaria, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Etxandi.
Iruñea
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Lirika flamenkoa izango da Flamenco on Fire jaialdiaren gai zentrala aurten. «Lirikan zentratu gara, hitzen garrantzia azpimarratzeko», azaldu du Arturo Fernandezek, jaialdiaren zuzendariak. Ondorioz, musikaz gain, hitzek hartuko dute garrantzi berezia aurtengo aldian, bederatzigarrenean. Iaz eta 2020an gertatu ez zen bezala, ez da osasun neurri berezirik hartu beharko aurten, eta balkoien ikuskizunak itzuliko dira, zeinak jaialdiaren bereizgarri izan diren beti.

Balkoi batean emango zaio, hain zuzen, hasiera jaialdiari, Vianan (Nafarroa). Atzo, Baluarte Jauregian egindako aurkezpenean aurreratu zuten abuztuaren 12an izanen dela. F on Fire deitu dute, eta jaialdi nagusitik independentea izango da. Sandra Carrascok eta Joni Jimenezek irekiko dute udaletxeko balkoian. Gauean, aipatutakoez gain, La Fabi eta Alba Heredia arituko dira.

Iruñean eta Tuteran (Nafarroa) hilaren 24an hasiko dira ekitaldiak. Tuteran ere udaletxeko balkoian hasiko dute, eta bi artista nafar arituko dira: Alberto Jimenez Gilabert Bayron eta Bruno Jimenez. Tuterako Gaztanbide aretoan Carmen Linares sona handiko abeslaria izanen da, Pepe Habichuela gitarra jotzailearekin batera. Iruñean, berritasun modura, Nafarroako Museoaren balkoia baliatuko dute. «Jakinarazi didatenez, inoiz ez da ezer artistikorik egin bertan, eta guretzat ohorea da gune hori estreinatu ahal izatea», adierazi du Fernandezek. Bertan, Rafael Riqueni gitarra jotzailea arituko da, eta berak irekiko du jaialdia Iruñean. Riqueniri beste artista batzuek jarraituko diote: horien artean dira Juanito Villar, Maria Jose Llergo, Jose Merce eta Juana de la Pipa.

Beste jarduerak

Musikaz gain, beste jarduera asko antolatu dituzte. Nafarroako Ostalaritza eta Turismo elkarteak Gastrosabicas ibilbidea sortu du, adibidez, jaialdiari sukaldaritzaren alea jartzeko. Vianan, abuztuaren 8tik 14ra izanen dira, eta Iruñean eta Tuteran, berriz, 22tik 28ra. Gastrosabicas.com webgunean informazio osoa ikusgai dago. Horrez gain, haurrentzako jarduera bat antolatu dute; Francisco Suarez El Trombo-k dantza tailer bat emango du.

Sari banaketa ere egingo dute aurten, eta flamenkoaren dibulgazioan aritzen diren pertsonak omenduko dituzte. Adibidez, Jose Maria Velazquez-Gaztelu poeta sarituko dute, irratian flamenkoaren inguruan dibulgazio lana egiteagatik. Pepe Lamarca argazkilariak ere jasoko du saria, eta, azkenik, Corral de la Moreria tablao flamenkoa omenduko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.