Flamenkoa gizarteratzeko

Gaur hasiko da Flamenco On Fire jaialdia, Sabicasen omenez, eta Iruñea flamenkoaren erakusleiho bihurtuko da sei egunez. Emakume gitarristen lana nabarmenduko dute

Iazko Flamenco on Fire jaialdiko Flamenkoa Balkoietan zikloko errezitaldi bat, Udaletxe plazan. FLAMENCO ON FIRE.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Askorentzat ezezaguna izan arren, garai batean izan zen Iruñean flamenkoaren ikur garrantzitsu bat, arte adierazpide hori mundu osoan zehar zabaltzea lortu zuena: Agustin Castellon Sabicas (Iruñea 1912 - New York, AEB, 1990). Hura omentzeko eta flamenkoak hirian izan duen tokia aldarrikatzeko sortu zuten 2014an Flamenco on Fire jaialdia, eta gaur ekingo diote, bosgarren aldiz. Sei egunez, Iruñea flamenkoaren erakusleiho bihurtuko dute, eta errezitaldiak, hitzaldiak eta bestelakoak emango. Urtez urte hazten eta finkatzen ari da jaialdia, eta aurtengo aurreikuspenak ere onak dira: «Inoizko egitaraurik onena» antolatu dute, flamenkoaren izen handi askorekin. Gainera, emakume flamenkoen tokia aldarrikatuko dute aurten.

Flamenco on Fire 2014an hasi zen tokiko jaialdi txiki baten moduan, eta ordutik asko hazi da: iaz, mundu osoko 20.000 ikus-entzule jaso zituen. Juan Casero jaialdiaren zuzendariordeak adierazi du «harrituta» daudela Iruñeko zein kanpoko jendearen erantzunarekin: «Horrek indarrak ematen dizkigu». Azaldu duenez, aurten egitarau zabalagoa eskainiko dute, eta emanaldi pluralagoak. Jaialdiaren bitartez flamenkoa zabaltzea dute helburu, eta arreta berezia jarri dute kaleko saioetan.

Jaialdiaren helburu nagusien artean dago Sabicas maisua omentzea. Sabicas Iruñean jaio zen, eta bost urte baino ez zituenean hasi zen gitarra jotzen. Euskal Herritik kanpoko toki askotan aritu zen gaztetatik, flamenkoaren izen handiekin batera. 36ko Gerra hasi zenean Amerikara erbesteratu zen; lehenbizi Hego Amerikara, eta ondoren, AEBetara. Han, arrakasta handia izan zuen: AEBetako agertoki garrantzitsuenetan jo zuen, eta 50 disko baino gehiago kaleratu zituen. Disko horietako bati Flamenco on Fire izenburua jarri zion; hori da, hain zuzen, jaialdiaren izenaren jatorria.

«Guretzat ohorea da Sabicas bezalako artista bat Iruñean jaio izana», adierazi du Caserok. Baina, haren ustez, hirian askok ez dute artistaren lana ezagutzen. Hori dela eta, jaialdiaren bitartez haien alea jarri nahi dute Sabicasi merezi duen aitorpena egiteko. «Uste dut helburua lortzen ari garela, jende askok jaialdiari esker ezagutu baitu Sabicas», gaineratu du.

Egitarauari dagokionez, zenbait artista garrantzitsu izango dira parte hartzaileen artean; besteak beste, Estrella Morente, Diego El Cigala, Maite Martin edo Jose Fernandez Tomatito. Kontzertu Handiak izeneko zikloan joko dute guztiek, Baluarte jauregian. Caserosek esan duenez, parte hartzaileak aukeratzea «lan neketsua» izan da, egun kalitate handiko artista askotarikoak baitaude. «Eskaintza hazten ari da urtez urte, flamenkoa oso bizirik baitago eta harrobiaren maila izugarria baita. Gainera, flamenkoan adierazpide asko daude, eta guk hori guztia jaso nahi izan dugu». Zaila izan da, baina antolatzaileak «oso pozik» daude emaitzarekin: aurtengoa urte guztietako egitaraurik «onena» dela uste dute.

Aurten, gainera, emakume flamenkoen lanaren garrantzia aldarrikatuko dute. Jaialdi osoa zeharkatuko du gai horrek: izan ere, emakumeek pisu handia izango dute egitarauan; buru izango dira ikuskizun gehienetan, eta haiei eskainitako ekitaldiak egongo dira. Horrez gain, emakume gitarristei zuzendutako ziklo berri bat sortu dute: Emakume Flamenkoaren Ohoretan. Jatorri ezberdinetako hainbat emakume gitarristek zenbait emanaldi eskainiko dituzte hiriko zenbait tokitan. «Ziklo horren helburua da flamenkoaren alde hori ezagutaraztea, ezezagunagoa delako eta gizonekin lotuta egon delako», azaldu du antolatzaileak.

Jaialdiaren kartelean ere keinu bat egin diete emakumeei: Flamenca/o on Fire izena jarri diote. Mikel Urmeneta artista eta diseinatzaile iruindarrak sortu du irudia, eta antolatzaileei «oso egokia» iruditu zaie, hizkuntza inklusiboaren gaia aipatuz baliagarria delako «emakume flamenkoen garrantzia goraipatzeko».

Ziklorik arrakastatsuena Flamenkoa Balkoietan da. Hainbat artistek errezitalak egingo dituzte hiriko hiru puntu adierazgarritako balkoietan: Mañueta kalean, Udaletxe plazan eta Gazteluko Plazan. Saio horien helburu nagusia dibulgazioa egitea da; «musika herritarrengana gerturatzea». Orain dela bi urte sortu zuten, eta antolatzaileak «harrituta» daude jendearen harrerarekin. Caserok ikus-entzuleekin sortzen den hartu-emana nabarmendu du: «Adin eta mota guztietako jendea elkartzen da, eta topaketarako gune bat sortzen da». Gainera, aurten balkoietako eskaintza «inoiz baino aberatsagoa» izango da: besteak beste, Lole Montoya, Juan Carmona eta Marta Robles izango dira.

Antzeko helburuarekin sortu dute aurten Jam Flamenca zikloa. Flamenkoa «mota guztietako publikoari» gerturatzeko helburuz, hainbat artistek DJ saioak eskainiko dituzte, aldez aurretik prestaturiko musikarekin; eta ondoren, Jam Session inprobisazio saioa egingo dute. Zaldi Zurian izango da, egunero, balkoien saioa amaitu ostean. Kaleko bi zikloak dohainik izango dira.

Bestalde, ikasteko aukera ere eskainiko du Flamenco on Fire-ek. Hamaika artistak eta adituktailerrak, dokumentalak, hitzaldiak eta mahai inguruak eskainiko dituzte, Iruñeko Arte Flamenkoari buruzko Jardunaldian. Ziklo horren helburu nagusia Sabicasen lana ezagutaraztea da; aurten, ordea, emakumeek ere toki handia hartuko dute saioetan. Gaz Kaló Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioarekin elkarlanean antolatu dute jardunaldia, eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren laguntza jaso dute.

Azkenik, Sabicasen Pintxoa izeneko ibilbide gastronomikoa ere antolatu dute, Iruñeko 30 tabernatan. Caseroren hitzetan, ekimen hori baliagarria izango da Iruñean oso garrantzitsua den tradizio bat, gastronomia, flamenkoarekin lotzeko, bai eta hiritarrak engaiatzeko ere.

Kulturartekotasuna xede

«Flamenco On Fire-ek beste helburu sozialago bat du: kulturen arteko bizikidetza bultzatzea», adierazi du Caserok. Urtero lantzen dute gai hori, Gaz Kalórekin elkarlanean. Aurten, besteak beste, Sarrera Solidarioak egitasmoa sortu dute: 150 sarrera eman dizkiete gizarte arloan lan egiten duten 30 elkarteri, behar duten pertsonek dohainik ez diren saioetara sartzeko aukera izan dezaten. Horrekin batera, bi autobus antolatu dituzte, beste tokitako emakume ijitoei emakume flamenkoen inguruko jardunaldietan parte hartzeko aukera emateko. Azkenik, Caserok azpimarratu du elkarbizitzarako baliagarriak direla kalean antolatzen dituzten jarduerak ere: «Publikoa oso anitza da, eta hori oso garrantzitsua da gizartearentzat».

Gaur hasiko da Flamenco On Fire jaialdia, eguerdiko ordu batean. Amaia Romero Operacion Triunfo lehiaketako irabazleak musika errezitaldi bat eskainiko du udaletxeko balkoian, Pepe Habichuelak eta Marta Roblesek lagunduta. Haiekin batera egongo da Carlos Itoiz, 86 urteko gitarrista iruindarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.