Flamenko berrituaren gailurra

Enrique Morente hil da, 'cantaor'-en tradizioak azken urteetan izan duen berritzailerik laudatuenetakoa

Juan Luis Zabala
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Abenduaren 4an egin zioten ultzerako ebakuntzaren ondoren okerrera egin ostean, atzo hil zen Enrique Morente flamenko kantaria, Madrilgo Clinica de la Luz erietxean. Haren hil-kapera SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartearen Madrilgo egoitzan ezarriko dute gaur, 15:00etatik aurrera.Egungo flamenko musikaren ordezkari behinenetakoa zen Morente, oso ezaguna eta estimatua euskal musikari eta musikazaleen artean. Emanaldi asko egin zituen Euskal Herrian, eta egunotan ere Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen aritzekoa zen, hilaren 12, 13, 15 eta 16an.

Granadako Albaicin auzoan (Espainia) jaio zen Enrique Morente Cotelo, 1942an, eta txikitandiko izan zuen flamenkorako grina. Madrilera aldatu zen gazterik, hango tablao-etan aritzeko. El Granaíno ezizenez egin zen ezagun garai hartan. Manolo de Huelva, Pepe de la Matrona, Manolo Caracol eta beste cantaor batzuekin harreman estua izan zuen. Cante flamenco diskoa grabatu zuen 1967an, Felix de Utrera gitarristarekin, eta Cantes antiguos del flamenco hurrengo urtean, Niño Ricardorekin.

'Omega', disko mugarria

Flamenkoaren tradizioaren berritzaile nagusietakoa izan zen hurrengo urteetan, eta Espainiako poeta ezagunen lanak musikatu zituen, hala nola Federico Garcia Lorca, Antonio Machado, San Juan de la Cruz, Fray Luis de Leon, Rafael Alberti eta Jorge Guillenenak, besteak beste.

Lagartija Nick taldearekin Omega diskoa grabatu zuen 1997an. Federico Garcia Lorcaren Poeta en Nueva York liburuko poemak musikatu eta Leonard Cohenen abestien bertsioak egin zituen disko hartan. Flamenkoaren berrikuntzan mugarritzat eta gailurtzat jotzen da disko hura.

Duela bi urte Pablo de Málaga kaleratu zuen,Pablo Picasso margolariak idatzitako testuak musikatuz osatutako diskoa. «Poemak egin zituen margolariari edo margolanak egin zituen poetari eskerrak ematen saiatu naiz», adierazi zuen BERRIAk 2008ko maiatzean argitaratutako elkarrizketan. Picassori ez ezik, Gernikako bonbardaketaren biktimei ere eskaini zien lan hura. «Picassoren koadroan agertzen den emakumeari. Minez eta sufrimenduz garrasi egiten duen horri. Antzeko sarraskietan hildako emakume guztiei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.