Juan Inazio Iztueta dantza maisu zaldibiarrak, duela 200 urte Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia liburua idatzi zuenean, modu batera deskribatu zuen lauarina. Gaur egun, baina, ez da berdin dantzatzen Donostian, Beasainen eta Zumarragan. «Guk pentsatzen genuen Iztuetak azaldutako zenbait mugimendu galduta zeudela. Eta batzuk galduko ziren, baina beste batzuk mozorrotuta gorde dira, Beasaingo lauarina adibidez». Mikel Sarriegik (Beasain, Gipuzkoa, 1965) 50 urtetik gora daramatza dantzan. Zazpi aldiz irabazi zuen Gipuzkoar Aurresku Txapelketa, eta gaur egun Aurtzaka dantza taldeko irakasle eta zuzendaria da. «Eztabaida asko ezagutu ditugu: hau horrela da; edo ez, horrela. Dogma asko zeuden. Orain argituta geratu da: dantza egiteko modu eta molde asko daude, eta ez dira beti berdin mantendu. Dantza maisuek eragin handia izan dute dantzen bilakaeran».
Iztuetak hamahiru dantza mugimendu jaso zituen 1824an argitaratu zuen lan horretan, eta, 200 urte geroago, Mikel Sarriegik 300dik gorako zerrenda batean bildu ditu herriz herri jaso dituen mugimenduak. Hogei urteko ikerketa baten ondoren, Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua liburua argitaratu du. 90 dantza maisu baino gehiago elkarrizketatu ditu, eta 30 herritako dantza egiteko moduak jaso ditu mila orrialdetik gora duen lan batean. Martxoan argitaratu zen liburua, eta asteazkenean aurkeztu zuen, Donostiako San Telmo museoan. Ez da nolanahiko plaza. Izan ere, liburuan azaleratu den ondorio nagusietako bat da euskal dantzak estandarizatu egin zirela XX. mendean, eta Donostia izan zela prozesu horren foku nagusia.
Iztuetaren liburuak oihartzun handia izan zuen bere garaian, eta hor deskribatutako dantza egiteko modu horri prestigioa emateko balio izan zuen, aldundiaren babesarekin. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzaeraren hedatzaile bihurtu zen. Iztuetak 50 dantzariri erakutsi zien dantzan, eta horiek Gipuzkoa osoan zabaldu zuten haren jarraibidea. «Berpizte bat izan zen, herri guztiek nahi zituztelako dantza horiek».
Dantza maisuen ibilerak jaso ditu Sarriegik bere lanean. Juan Inazio Iztueta, Joxe Antonio Olano eta Joxe Lorentzo Pujana XIX. mendeko dantza maisu goierritarren irakaspenak Donostiara iritsi ziren XX. mendean, eta azken horren semeak, Kandido Pujanak, Goizaldi dantza taldera eraman zituen, 1948an dantza taldea sortu zuenean. Holaxe egituratu zen Goierri-Donostia ardatza. «Donostiako dantzaerak Iztuetaren bermea zuela argudiatuz, 1960ko hamarkadatik aurrera horri eman zitzaion balioa, eta Gipuzkoako dantzen estandarizazioa hasi zen, dogma bihurtzeraino. Gipuzkoako dantzen jatortasunaren esklusibitatea eman zioten, gainera». Eta dantzaera horretatik kanpo zeuden beste batzuk bazterrean utzi eta, zenbaitetan, gutxietsi ere egin ziren.
Hanka noraino altxatu?
«Gaur egun dantza taldeek erabiltzen duten dantzatzeko modua oso estandarizatuta dago. Bagenuen horren zantzua, baina ikerketa honetan egiaztatu egin da hori». Sarriegik gaineratu du 1970eko hamarkadan erakundeek bultzatu egin zutela dantza egiteko modu kanonizatu hori; besteak beste, ikastaroen bitartez. Dantza txapelketek ere estandarizazio hori homologatu dutela dio aurresku txapelketa zazpi aldiz irabazi duenak. «Edozein lehiak duen perbertsioa dute. Epaimahaiak gauza bat bestea baino gehiago baloratuko duela dakigun momentutik, denek joko dute gauza bera egitea. Hori galarazteko, txapelketak existitu behar badira, epaimahaiek pluralagoak eta malguagoak izan beharko lukete».
Horren adibide da oinpuntakoa: Sarriegik liburuan azaltzen du hanka goraino altxatzea mugimendu modernoa dela; XX. mendearen hasierara arte, ez zen gerritik baino askoz gorago jasotzen. «Donostiako dantza maisuek elkarren artean lehiatu behar zuten: nork indar handiagoa, nork emanaldi gehiago. Gainera, dantza klasikoaren eraginez, euskal dantzak estilizatu egin ziren». Eta horrek baldintzatu egin zituen Gipuzkoako dantzak: oholtzara igo ziren, eta ikuskizuna helburu bilakatu zen: «Oholtzara igotzeak teknikoki gauzak ondo egitea exijitzen du. Dantzaria ikuskizun bihurtzen da, eta erritualak eta dantzaren beste funtzionalitateak baztertu egin ziren». Horregatik guztiagatik, Sarriegik ezbaian jarri du Goizaldik Iztuetaren lekukotza zuzena erabateko zorroztasunez gorde zuelako ideia; haren hitzetan, batzuetan maisu zaharren irizpideetatik kanpoko erabakiak hartu ziren, eta poliki-poliki, denboraren poderioz, lekukotza bazterrean geratu da.
Donostian oinpuntakoetan hanka ahalik eta gehien altxatu beharra arau bihurtu ondoren, dantza talde askotan nagusitu da joera hori, eta herri jakin batzuetako tradizioan soilik gorde zen lehengo neurria. «Herrietako dantza taldeak beti egon gara Donostiara begira». Gainera, estandarizazioaren eraginez, homologatu gabeko dantzaerak «degradazio» bat zirela esaten zen batzuetan, eta dantzari txikien ezintasunarekin lotzen zen beste batzuetan.
Hala, homologatu gabeko dantzaerak Gipuzkoako sistematik kanpo ere katalogatu izan dituzte; adibidez, Oñatiko, Berastegiko eta Lizartzako dantzaerak. Goierriko dantza maisuek asko kritikatzen zituzten Deba aldeko eta Gipuzkoa mendebalde osoko dantzaera: bizkaitartzat jotzen zituzten, eta zuzendu beharrekoak zirela zioten. Sarriegiren esanetan, ordea, ez dago esaterik hau Bizkaikoa da eta beste hau, berriz, Gipuzkoakoa. «Bereizketa hori azken hamarkadetan eraman da muturrera; dantza maisuen arteko sestrak ziren asko».
«Dantza jatorriz ez zen gurea, geureganatu egin dugu. Eta ezin da esan hau horrela da edo horrela zen»
MIKEL SARRIEGIDantzaria eta dantza zuzendaria
Dantzari beasaindarrak ondorioztatu du «geruza komun bat» dagoela batzuen eta besteen artean: «Erro beretik datoz». Adibideak baditu: «Berrizko dantza maisuak onetsi egiten zituen Gipuzkoako dantza sisteman erabiltzen ziren zenbait arau orokor. Gipuzkoatik mendebaldera eta ekialdera berdin egiten diren gauza asko aurkitu ditut. Geruza zaharragoko egikerak dira horiek. Horien artean, Gipuzkoako erdigunean, beste modu bat garatu da, baina alde banatan horiek hor geratu dira, eta Gipuzkoako dantza egiteko molde zaharren adierazgarri dira».
Hala gertatzen da karrera edo lasterkarekin. Gipuzkoako sistema zentralean desagertu egin zen, sistema homologatuak ezabatu egin zuen. «Europako dantza historikoaren eskolan erabiltzen zen, eta Euskal Herrian oso antzeko mugimendu bat egiten da mendebaldean, Bizkaian, Markina-Xemeinen, Elgoibarren ere bai. Baina baita Berastegin ere, mugimendu bat errepikatuz alborantz lekualdatzeko».
Jauzikako dantza moldeak ere horren adibide dira, Sarriegiren arabera. Saltoka dantza egitea ohikoa zen Gipuzkoako herri askotako molde zaharrean. Baina, itxura batean, Donostialdeko dantza maisuei, Goizaldekoei hain zuzen ere, ez zitzaien gustatzen saltoka gehiegi aritzea; eurentzat ez zen egoki Gipuzkoako sistema serioan. Ondorioz, modu homologatu estandarrak ezabatu egin ditu.
«Zein momentutan ziren denak antzekoak? Ez naiz esatera ausartzen. XVII. mendean dago hemen gakoa. Eta ez dago informaziorik», aitortzen du liburuaren egileak. Liburuan Koldo Mitxelenak euskarari buruz esan zuena dantzarako ekarri du Sarriegik: «Benetako misterioa ez da non duen jatorria, irautea baizik. Iraunarazi egin dugu, eta hori harro egoteko motiboa da».
Erroak, Errenazimentuan
Sarriegiren ikerketaren arabera, euskal dantza maisuen sistemen erroak Errenazimentuko dantza arautuan daude. Batzuetan, terminologia da froga: «Duela 500 urtetik datozen hitzak dauzkagu. Italieraz, capriolle hankak gurutzatuz egiten den salto bat da. Guk kabriola esaten dugu. Lauarina esaten diogu guk puntu bati, eta badago orain dela 400 urte jasotako mugimendu bat, cuatro pelos edo quatropeado deitzen dena». Beste batzuetan, puntuak: «Guk gurpila esaten duguna Italian orain dela 400 edo 500 urte jaso zuten, campanella izenarekin». Baita egoteko modua ere: «Paxatxo-k [Xabier Sarriegi] Beasainen eta Faustino Etxebarrietak Ordizian dantzan zutik egoteko erakusten zuten jarrera duela 400 urte iberiar dantza maisuek edo Italiako dantza maisuek erakusten zutena da».
Sarriegiren ustez, «Juan Antonio Urbeltzek aurreratu zuen moduan», Elizak txertatu ahal izan zituen Errenazimentuko ereduko dantza arautuak herri xehean; bereziki jesuitek, haztetxeen bitartez. Jesuitek eskoletan erakusten zuten dantza sistema Frantzia eta Italiako dantza sistema zaharra zen, eta horregatik daude hainbeste antzekotasun. Beste herrialde batzuetan ere gertatu da hori, baina hemen gehiago zabaldu da dantza hori herritarren artean, hemen jendeak gogoa eta interesa izan baitu dantza arautu hori bere egiteko».
Sarriegiren arabera, herriak bere egin eta finkatu egin zituen. XIX. mendean beste korronte batzuk iritsi ziren, eta Europako beste herrialdeetan baztertu egin zituzten sistema zaharreko dantzak. Euskal Herrian, baina, ez zen hori gertatu, Sarriegiren arabera: «Modu neurtuan eragin zuten, ez zuten aurrekoa baztertu. Eta horretarako, dantzak mantentzeko, tradiziozaleek errekurtso bat erabili zuten: 'Hau gurea da eta gorde egin behar dugu', esatea. Baina jatorriz ez zen gurea, geureganatu egin dugu. Eta ezin da esan hau horrela da edo horrela zen. Gehienera esan dezakeguna da garai horretan eta leku horretan horrela egiten zela». Liburuan Jean-Michel Guilcherren aipu bat jaso du, eta hor esaten du tradizio folklorikoak hiru mailatan aldatzen direla: espazioan, denboran eta norbanakoetan. Alegia, dantzen bilakaeran eragin handia izan dutela dantza maisuek: «Arau orokor batzuk zeuden, eta batzuk oso modu fidelean mantendu dira, baina maisu bakoitzak bere ekarpenak egiten zituen, ziurrenik inkontzienteki. Gainera, ez zen gauza bera dantzari trebeei erakustea edo hain iaioak ez zirenei erakustea. Progresioaren ideia bazuten dantza maisuek». Iztuetaren jarraitzaileen artean ere transmisioa ez zen berdina izan. Olanorekin dantza ikasi zuten batzuek, Justo Irastorzak, Jose Ansak... Pujanak erakutsi ez zituen gauzak irakatsi zituzten Andoainen, Beasainen eta Zumarragan.
Gipuzkoako dantza zer izan den azaltzeko, hizkuntzara jo du Sarriegik. Dantza egiteko arautegiak sistemak dira. Sarriegik ondorioztatu du, ordea, Jose Ignazio Ansorenaren ideiarekin bat eginez, Gipuzkoakoa diasistema bat dela, elkarri eragiten dioten sistema askoren multzo bat: herri bakoitzak garatu zuen berea. «Euskalkiekin gertatu dena gertatu da dantzan ere». Diasistema hori ia osorik berreraiki ahal izateko moduan mantendu dela azaldu du Sarriegik. Garbi utzi nahi izan du berak ez duela dantzen jatorria aztertu, ezta dantza bakoitzaren esanahia ere. «Nire lan eremua oso zehatza eta mugatua izan da. Dantza maisuak, puntuak eta aldairak ikertu ditut».
Joxalberto Andres lagunak eskatuta hasi zen ikertzen dantza maisuen irakaspenak. Beasaingo, Ordiziako eta Zaldibiako dantzak aztertuz lehenik, eta pixkanaka lan eremua zabalduz joan zen. Gero Zumarragakoak eta Legazpikoak... «Puzzlea pixkanaka osatzen joan nintzen, eta, nire harrigarri, oso koherentea zela ikusi nuen». Liburuaren tesietako bat da diasistema horren barruan dauden azpisistema guztiak direla zilegi dantzarako erabiltzeko. Eta bateragarri, gainera: «Askoz aberatsago egiten du gure hizkuntza. Seguru aski, dantza historikoarekin batera erroak dituen dantza sistemari eutsi dion herri bakarrenetako bat izango gara. Eta horrek balioa kanpora proiektatzen du».
«Dantza historikoarekin batera erroak dituen dantza sistemari eutsi dion herri bakarrenetako bat izango gara»
MIKEL SARRIEGIDantzaria eta dantza zuzendaria
Iztuetaren liburua dantzen pizgarri bat izan bazen ere, Sarriegirenak ez du helburu hori. Ez du uste ezta euskal dantzek behar dutenik ere. «Helburua modu ordenatu batean kontsultagarria izatea da». Sarriegik sailkatu egin ditu mugimenduak, zeintzuk diren oinarrizkoak eta zeintzuk apaingarriak, eta taulak egin ditu. Araukeriari ihes egin behar zaiola dio, baina araurik ezaren tentaldian erori gabe, sistemaren izaera ez aldatzeko. «Liburuak balio dezake, desestandarizazioa helburu izan gabe, dantzarien eskura jarri eta, zenbait lekutan batez ere, mespretxatuta egon diren dantza egiteko moduei balioa emateko. Eta leku horietan dantzan ari direnak konturatzeko ezin ditugula dantzaera horiek galtzen utzi. Gaur egun edozein dantza taldek dantza berri bat edo moldaketa bat egin nahi duenean, bost mugimendurekin osatzen du, eta hori pobre geratzen da. Aberatsa da bakoizak bere bidea hartzea. Estandarraren supremazismoa bota behar da behera».
Ez da erraza izango, baina, trantsizio hori. «Denbora asko behar da. Gure dantza taldean bi modutara ari gara dantzan, geroz eta gehiago ari gara sartzen lehengoa, baina neurrian. Poliki egin beharreko gauzak dira, zentzuz egin beharrekoak». Dantzan.eus atariak ikastaro bat antolatu du otsaila bitartean Sarriegik bildu dituen xehetasunak ikasteko.
Dantza maistra ofizial gutxi
Ikerketan agerikoa da emakumeen presentziaren hutsunea. Salbuespen batzuk izan ezik, dantza irakasle guztiak gizonezkoak dira. Beasainen, Xabier Sarriegi Paxatxo dantza maisuak soldaduskara joan behar izan zuen urtean haren bikotekide Karmele Sarasola izan zen dantza maistra urte batez. Berastegin, San Joan dantza berreskuratu zutenean, Maria Pilar Barrenetxea eta Concepcion Obineta aritu ziren erakusten, plazan dantzan egin ez zuten arren, herri horretan etxean ikasten zenez aitarekin eta anaiekin ikasi zutelako dantzan. «Maria Inazia, Iztuetaren alaba ere izan zen agian dantza maistra, baina oso emakume gutxi agertzen da ofizialtasun zigiluarekin. Dantza taldeetan asko eta asko izan dira dantza irakasle emakumeak, baina ikerketaren eremua dantzaera zaharra izan denez, ez ditut ikertu».
Sarriegik aitortu du orain ere dantza taldeen zuzendaritzetan dantzariekin proportzioan gehiago direla gizonak emakumeak baino. «Hori aldatuko da, baina poliki doa. Emakumeak eta gizonak elkarrekin dantzatzea azken urteetako fenomenoa da. Ezpata dantzan, esaterako, Arratekoak izan ziren lehenak, 2005ean, eta handik bi urtera, gu. Goizaldin duela zazpi edo zortzi urte elkartu ziren dantzarien rolak. Eta zaila da dantza bat egin ez baduzu horren ardura hartzea».
Etorkizunaz galdetuta, garbi dauka funtzionaltasuna duten artean iraungo dutela dantzek. Izan adineko jendearen buruaren eta gorputzaren arteko koordinazioa trebatzeko, izan gazteen hezkuntza fisikorako, izan gizarte kohesiorako, eta izan ekitaldi zibiletan alor zeremoniala osatzeko: «Prozesioak egunen batean desagertuko dira. Kasu horretan, segizio zibila dantzariekin egin liteke». Funtzionalitaterik gabe, berriz, «ez».