Baliabide digitalen garaia izan da, halabeharrez, azken urte eta erdia. Batzuetan, jada egunerokoan txertatuta zeuden formatuak are gehiago egonkortu dira, baina, beste batzuetan, beharrak bultzatuta topatu behar izan dira aurrez aurrekoaren alternatibak. Hala gertatu da, esaterako, liburutegiekin: izurritearen hasierako hilabeteetan itxita egon ziren, eta, ondorioz, irakurle askok formatu digitalera jo zuten, paperezkoaren faltan.
2014. urtean abiatu zituzten liburu digitalak mailegatzeko plataformak bai Araba, Bizkai eta Gipuzkoan —eLiburutegia—, baita Nafarroan ere —eBiblio—. «Mundu horrek bazeraman denbora, eta liburutegi publikoek erantzun bat eman behar zioten», Martin Saragueta Nafarroako Liburutegi Zerbitzuko langilearen hitzetan: «Merkatua ez zegoen oso garatuta, eta ez genekien zer ibilbide izango zuen. Eredu positiboak eta negatiboak genituen».
Dioenez, eBibliok ez zuen harrera «oso ona» izan hasieran, nahiz eta jendea zerbitzuaren «zain» zegoen, baina, sortu zenetik 2020. urtera bitartean, erabilera progresiboki handituz joan da. Gauza bera gertatu zaio eLiburutegiari ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuruk azaldu duenez: «Normala da. Poliki-poliki joan zen hazten. Lotuta zegoen, batetik, zerbitzuaren ezagutzarekin, gauza berriak sortzean beti behar delako denbora jendeak ezagut dezan; eta, bestetik, irakurtzeko gailuren bat behar delako, edo ordenagailu bat, edo liburu elektroniko bat, edo telefonoa. Ez genuen espero egun batetik besterako jauzia».
Saraguetaren arabera, eBibliobeste liburutegi bat bezalakoa da, Nafarroako liburutegi sarea osatzen duten 80 horietako ba: «Liburutegi txiki bat zen hasieran». 2014an, lehenbiziko urtean, 2.300 mailegu izan zituen. Hurrengo urterako, ordea, bikoiztu egin zen kopurua, 5.000tik gora izan baitzituen, eta 2016an ere nabarmen handitu zen: 6.500. 2017an eta 2018an, ordea, 6.000 izan ziren, baina hurrengo urtean gora egin zuen berriro, aurreko urteko kopurua bikoiztu baitzen. «2019ak mugarri bat ezarri zuen: bazirudien merkatua jada egonkortuta zegoela, produkzioa ere handiagoa zela, ordura arte ez zelako erreza tituluak eskuratzea».
eLiburutegian, berriz, 2.150 bat obra mailegatu ziren 2015eko urtarrilean, eta 3.000 inguru urte bereko abenduan. Hurrengo urtean ere gutxika handituz joan zen kopurua: 2016an, 3.300- 4.000 lan mailegatu zituzten hilabete bakoitzeko, eta 2017an, 4.000 aletan egonkortu zen kopurua. 2018ko urtarrilean, 4.200 mailegu egin ziren eLiburutegian, baina 5.000tik gertu ibili ziren maiatzaz geroztik, eta urrian 6.000 lan deskargatuetara heltzeko zorian egon zen. Kopuru hori hurrengo urteko uztailean lortu zuen, eta gora egin zuen, beste behin ere: 7.300 mailegu inguru izan ziren 2019ko abenduan.
Hazkundea gorabehera, 2018an jabetu ziren euskaraz publikatzen zuten argitaletxeekin ahalegin berezi bat egin beharra zegoela, Aizpuruk azaldu duenez: «Ordura arte, gure estrategia zen lizentziak erostea eta erabiltzaileen eskura jartzea. Konturatu ginen euskarazko liburuak argitaratzen dituzten argitaletxe batzuk, bereziki, ez zutela ikusten eLiburutegia jorratu beharreko arlo gisa. 2019an ahalegina egin genuen argitaletxe horiekin, liburuak formatu digitalera ekartzeko». Dioenez, hori izan da plataformaren estrategiaren barruan egin duten «aldaketa nagusia», eta hurrengo urteetan «pisua» izan dezan espero dute. Erabiltzaileek, bederen, ez diote muzin egiten euskal literatura digitalizatuari, dirudienez: 2020an gehien mailegatutako liburua euskarazko bat izan zen, Karmele Jaioren Aitaren etxea (Elkar, 2019) eleberria —1.295 aldiz eskatu zuten—, eta gehien mailegatutako hamarren artean egon zen Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan (Susa, 2019): 666 deskarga izan zituen.
Birusak hauspotuta
2020ko datuei erreparatuta, agerikoa da itxialdiak izandako eragina eLiburutegiaren maileguen eta erabiltzaileen kopuruetan: urte bereko otsailean, 6.500 ale eskuratu ziren plataformatik, eta ia 1.300 erabiltzaile berri izan zituen; martxoan, berriz, 6.800 lagun batu ziren zerbitzura, eta 18.500 obra inguru jaitsi ziren. Apirilean, erabiltzaile berrien kopurua 3.900ekoa izan zen kasik, baina maileguen kopuruak goia jo zuen: 27.700, gutxi gorabehera. «eLiburutegiak balio izan du beste era batera eskaini ezin zen zerbitzu bat eskaintzeko liburutegi horietako erabiltzaileei», dio Aizpuruk: «Egon izan ez balitz, liburutegi askok ez zuketen interakziorik izango erabiltzaileekin. eLiburutegia izan da liburutegi sarearen ikurra azken hilabete hauetan». Egoerak indartu egin du plataformak zuen tokia, ezinbestean: 2020an, oro har, liburutegi sarean mailegatutako obren %10 eskuratu ziren plataforma digitaletik —orotara, 300 bat liburutegi ditu sareak—.
Datuak bezainbeste handitu zitzaien lan karga zerbitzuko beharginei, ordea: «Kultura Ondareko eta Udal Liburutegietako teknikariok ahalegin berezia egin genuen 2020ko martxoaren 13tik 19ra bitartean bazkide berriei gakoak emateko. Egun horietan etengabe heldu ziren bazkide berrien eskaerak, eta etengabe erantzun ziren». Kultura Ondareko sail guztietako kideak jarri ziren liburutegien zerbitzura lan hori aurrera ateratzeko.
Enpresa aldaketa tarteko 2020ko datu batzuk galdu egin diren arren, Saraguetak dio Nafarroan ere hazkundea nabaritu dutela —Estatuko eBiblio plataformaren zati da Nafarroako zerbitzua; eLiburutegia ez, eta, ondorioz, gertaera horrek ez dio eragin—: «Azarora arte kontrolatuta genuenaren arabera, maileguak %30 ugaritu ziren Nafarroako eBiblion. 2020 osoan 18.000 mailegu izango genituen, gutxi gorabehera; ezin daiteke zehatz-mehatz esan, baina igoera oso handia izan zen».
Itxialdi gogorra igaro eta liburutegiak ireki zirenean, datuek behera egin zuten bai eLiburutegian, baita eBiblion ere, baina ez dira pandemia aurreko garaiko datuetara itzuli. 2020ko urtarrilean eta otsailean mailegatutakoen halako bi eskuratu zituzten eLiburutegiko erabiltzaileek ekainetik abendurako hilabeteetan: 6.500 lan izan ziren otsailean, eta 11.700-13.300 urtearen bigarren erdian, Aizpuruk zehaztu duenez: «Bikoitza da, azken finean, eta ordurako nabarmen jaitsita zegoen. Jaitsieran, eLiburutegiak inoizko daturik onenak izan ditu; ordura arteko kopururik onena 2019ko abendukoa zen: 7.300 mailegu».
Saraguetarentzat, «mugarria» da gertatu dena, eta ez du uste kopuruak lehengora itzuliko direnik: «Ikusi dugu etorkizuna duen zerbitzu bat dela, eta emaitzek adierazi digute merezi izan duela horretan dirua sartzea». Hurrengo urteetara begira, inbertsio batzuk egiteko asmoa dute, batik bat fondoa handitzeko. Aizpururen arabera, «argitaletxe askok ikusi dute eLiburutegia badela liburuak merkaturatzeko bide bat», eta, ondorioz, uste du eskaintza zabaldu egingo dela.
FISIKOA GALARAZITA, ELEKTRONIKORA JO
Liburutegien itxieraren ondorioz, liburu digitalen maileguak nabarmen ugaritu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eLiburutegian eta Nafarroako eBiblion. Martxotik maiatzera arte goia jo zuten, eta, ordutik jaitsi egin diren arren, pandemia aurreko aleak halako bi mailegatu ziren 2020ko bigarren erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu