Fisika kuantikoa egurrean

Gotzon Huegun zizelkariak zurez egindako zazpi piezaz osatu du 'Ura eta egurra', Aquariumen

Gotzon Huegun zizelkaria, bere lanetako baten aurrean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Zerikusirik ba al dute fisika kuantikoak eta egur zizelkatzeak?Ezer gutxi, lehen begiratu batean. Edo ez. Izan dezake, artistak hala nahi izatera. Eskultorea da Gotzon Huegun, edo zizelkaria zehatzago esanda. Egur zizelkaria, nahiz eta bestelako materialak ere lantzen dituen (harria, marmola, altzairua...). Eta fisika kuantikoak erakartzen du. Irakurtzen ditu gaiarekin loturiko kontuak, «harrigarria delako nola alda dezakeen gure eguneroko bizitza». Fisika kuantikoari buruzko liburuetako batean ikusi zuen atentzioa eman zion irudi bat: hidrogenozko bi partikula subatomikoren talkak eragindako irudia, hain zuzen ere. «Segituan pentsatu nuen irudi hark aukera handiak eskaintzen zizkidala egurra lantzeko. Irudiaren berrinterpretazioa egin nuen».

Bost hilabetetako lana, «hamar ordu eguneko», behar izan du Huegunek tamaina handiko egurrezko pieza hori lantzeko. «Murala» deitzen dio. «Tamaina handiko egur zizelkatzeak gustatzen zaizkit, nahiz eta lan handiagoa eskatzen duten». Pieza handi hori da Donostiako Aquariumeko Nautilus aretoan sartu orduko atentzioa ematen duena, horma nagusiaren erdi-erdian dagoena, duen tamainarengatik eta lanketarengatik, hain zuzen ere.

Pieza handiarekin batera beste sei txikiagok, egurrean egindakoak denak ere, osatzen dute Ura eta egurra erakusketa. Hurrengo urteko urtarrilaren 2ra bitartean ikusgai egongo da, Aquariumeko ibilbideko beste parte bat balitz bezala. Gainera, azaroaren 24an eta abenduaren 15ean eta 29an ikusleak sarrera doan izango du (hala izan zuen iragan larunbatean ere), eta egilearekin berarekin hitz egiteko aukera izango du.

Beste sei piezatan orotariko irudi eta lerroak agertzen dira. Bada eguzki lore baten irudia, Aquarium txiki batena, antzinako etxeetako ohiturari erreferentzia egiten diona, edo arrantzaleen sareak irudikatzen dituena, edota txirlak agertzen dituena itsasoaren mugimenduarekin bat.... «Teknika hau erabiliz egindako piezatan mugimendua lortzea oso inportantea da niretzat, oso material estatikoa baita egurra».Ikusleari edo bisitariari ez lioke diskurtso intelektualik jaurti nahi. «Kontenplazioa da datorkidan hitza. Kontenpla ditzatela piezak. Kontenplaziotik dator plazer estetikoa, eta plazeretik osasuna». Egurra zizelkatzearena gainbeheran dagoen teknika eta ogibidea dira, Huegunen hitzetan. «Gipuzkoan tradizio handia zegoen, eta galbidean dagoen jarduna da. Ez zizelkatzearena bakarrik, baita eskulan guztiena ere. Horregatik, niretzat garrantzitsua zen pieza hauek egitea, eta erakustea. Aquariuma leku ezin hobea da lan hau erakusteko».

Lanok Zurichen

Azken urteetan egurra lantzeko tailer eta eskola ugari jaso ditu Huegunek. Lasarten jaiotako sortzailea Hernanin bizi da egun, eta han du lanerako tailerra ere. Azken urteetan, hainbat erakusketa egin ditu Euskal Herrian nahiz atzerrian —Killwagen (Suitza), Trento (Italia), Varsovia (Polonia), Mosku, Bartzelona...—, eta hainbat sari eskuratu ere bai. Aquariumeko erakusketa Suitzan erakusteko aukera izango du, eta artearen inguruko ikastaro bat Chicagon ematekotan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.