Mike Scott. The Waterboys taldeko liderra

«'Fisherman's Blues' diskorik komertzialena da, ez gure onena»

25 urte igaro dira The Waterboysek 'Fisherman's Blues' diskoa kaleratu zuenetik, eta, ospatzeko, sei diskoko edizioa jarri dute salgai eta bira bat antolatu dute; asteartean Donostian izango dira.

2013ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Inflexio puntua markatu zuen 1988ko Fisherman's Blues diskoak The Waterboys taldearen ibilbidean. The Big Sound deitzen zioten 80ko hamarkada hasieran taldeak egiten zuen rock-and-roll motari. Baina 25 urte bete dituen diskoarekin norabidea aldatu zuten, folkaren erroetara jotzeko. Emozioz beteta oroitzen ditu garai haiek Mike Scott taldeko liderrak; nostalgiarik gabe, ordea. Oso garai sortzailea izan zela dio, eta disko hartako abestiak betiko gogoan izango baditu ere, ez du uste hura izan zenik taldearen puntu gorena: «Zuzenekoetan orduan baino askoz hobeak gara orain». Urteurrena ospatzeko, sei diskoz osatutako edizio berezia kaleratuko dute, eta bira ere jarri dute martxan. Etzi, Donostiako Kursaal aretoan izango dira (20:00).

25 urte igaro dira Fisherman's Blues diskoa kaleratu zenutenetik. Zer esanahi dauka diskoak zuretzat?

Oso garai berezia izan zen hura. The Waterboys taldearentzat musika egiteko garai zoragarri bat izan zen. Beti gustatzen zait garai hartan egindako musikara itzultzea, ur beroko igerileku batera salto egitea bezalakoa baita.

Inflexio puntua markatu zuen disko hark taldearen ibilbidean, rocka folkarekin uztartu baitzenuten. Zer dela-eta aldaketa hori?

Steve Wickhamen eraginez etorri zen aldaketa. 1985ean sartu zen Wickham taldean, gure hirugarren albuma argitaratu eta gero, hain justu, eta haren ekarpenari esker musika akustikoa bereiztea posible izan zen guretzat. Horrek The Waterboys taldearentzat berriak ziren musika estiloetara eraman gintuen: gospela, bluesa, countrya eta folk musika, esaterako.

Esana duzu inoiz ez duzula ordukoa bezain talde intuitiborik izan. Zertan lagundu zuen taldeak disko hartan?

Aurreko album guztietan zuzendari rola hartu nuen, eta musikariei aginduak ematen nizkien nolabait. «Jo dezakezu erritmo hau? Edo melodia hori?», galdetzen nien. Baina Fisherman's Blues-en ohartu nintzen ez nuela ia ezer esateko beharrik izan. Bakoitzak bere lana egin zuen, bere ekarpenak egin zituen, eta oso modu intuitiboan, gainera. Norberak bazekien nolako emaitza izango zuen bere lanak talde guztiarekin jotzean. Wickham eta Anthony Thistlethwaite bereziki ongi aritu ziren elkar ulertzen.

Grabaketa oso emankorra izan zen. Orain, sei diskoko album berritua kaleratuko duzue. Zer topatuko du entzuleak berrargitalpen horretan?

Musika mundu oso bat dago sei disko horietan. Galdutako albumen hiri bat bezala da.

Fisherman's Blues The Waterboysen ibilbideko disko gorena dela uste duzu?

Ez, ez dut uste. Gure diskorik komertzialena izan da, eta oso garai sortzailean egina, gainera, bainaez da gure diskorik onena. The Waterboysen kontzertu bat ikusten baduzu gaur egun, esaterako, askoz hobeak gara orduan baino.

Zure azken diskoan, An Appointment with Mr. Yeats, William Butler Yeatsen poemetan oinarritu zara. Nolatan hartu zenuen haren poesiak musikatzeko erabakia?

Haren poesiak izugarriak iruditzen zaizkit, eta asko melodia egiteko ezin aproposagoak zirela iruditzen zitzaidan. Aspalditik nuen ideia buruan, eta egin behar nuen zerbait zela uste dut.

Poemak musikatzea zaila izan zen?

Ez nuke esango bereziki zaila izan zenik, baina haren lana errespetatu behar nuela sentitzen nuen, eta aldi berean begirunerik gabe aritu. Konbinazio arraroa da hori. Badakit Yeats musikatzea oso azkar egin daitekeen zerbait dela, eta ziur naiz beste musikari batzuek azkarrago egingo luketela, baina nik ezin nuen, nire denbora behar nuen egokitzapena egiteko. Oso prozesu mantsoa izan zen. Era berean, esan beharra daukat ez nuela presiorik sentitu Yeatsen aldetik. Ez nintzen beldur zerbait aldatzeko, hala behar izanez gero, edo bi poema elkartzeko abesti bakar bat egiteko.

Literatura beti izan duzu inspirazio iturri abestiak egiteko?

Literatura beti izan dut inspirazio iturri, baina ez dut beti abestiak egiteko erabili izan. Beti irakurri izan dut, beti. Eskolara joan aurretik hasi nintzen irakurtzen, eta liburuz betetako etxe batean hazi nintzen.

Hori zure abestietan nabaritzen dela uste duzu?

Baietz esango nuke, ondare hori hor dagoela.

Duela urte eta erdi Donostian izan zinen Jazzaldian kontzertu bat ematen. Nola gogoratzen duzu kontzertu hura?

Primeran gogoratzen naiz Donostian kontzertua eman genueneko hartaz. Oso agertoki altua jarri zuten, eta entzuleria ikaragarri aritu zen, harrera beroa egin ziguten, oso. Gogoan dut, baita ere, agertokitik gertu disko denda eder bat zegoela eta jazzeko hainbat disko erosi nituela bertan.

Asteartean berriz izango zara Donostian, Fisherman's Blues-en 25. urteurrena ospatzeko. Zer ikusiko dugu oholtzaren gainean?

Ez ditugu album horretako abestiak bakarrik kantatuko, gure errepertorio zabaleko beste hainbat kantu ere gehitu nahi ditugu. Fisherman's Blues albumeko abesti asko joko ditugu, noski, baina garai hartako musika gehiago ere entzun ahalko dute etortzen direnek. Ezingo nuke onartu inoiz kontzertu batera joan eta entzuleak joko ditugun abesti guztiak aldez aurretik jakitea. Aurrez iragar daitekeen kontzertu bat baino ezer aspergarriagorik ba al dago?

Ba al duzu proiekturik esku artean?

Datorren urtean album berri bat egiteko asmoa daukagu.

Ezer aurreratzerik bai?

Rock-and-roll album bat izango da, baina ezin dizut besterik esan.

Krisiaz asko hitz egiten da azken urteotan. Zure lanean ba al du eraginik?

Ez daukat horren inguruko iritzi osaturik, egia esan. Kontua da guztia aldatzen ari dela, eta hainbat kasutan onerako dela, zalantzarik gabe. Esaterako, irratiak boterea galtzea pozgarria iruditzen zait, egiten den irratia kasu gehienetan hain baita txarra! Gustatzen zait jendeak musika Internet bidez bilatze hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.