Urtarrilaren 18an hasi eta 24ra bitarte iraun behar zuen Fipadoc dokumentalen jaialdiak, baina ezinezkoa izanen da. Egoerak hala uzten badie, jaialdia martxoan eginen dutela iragarri dute antolatzaileek. Hala, ahal bezain laster emanen dute jaialdiaren gibelatze dataren berri, baina oraingoz ez dute horretarako modurik. Izan ere, atzoko hitzartzean Jean Castex Frantziako lehen ministroak ez du zehaztu noiz irekiko diren zinemak, eta ezjakintasunean segitzen dute Fipadoceco antolatzaileek. Azpimarratu beharra da joan den urriaren 30etik hetsirik dirautela zinema gelek, eta otsailera bitarte gutienez hetsirik egonen direla Ipar Euskal Herrian.
Hortaz, jaialdian egin beharra zutenaren zati bat modu numerikoan eskaintzea erabaki dute; profesionalentzako zuzenduak ziren tailer eta hitzaldiak, hain zuzen ere. Bestalde egitekoak zituzten dokumental proiekzioak, lehiaketak eta hitzaldiak errealki egin nahi dituzte, beste data baten zain egon behar badute ere. «Guretzat, jaialdi hau jendearekin elkarbanatzeko egina da, mintzatzeko, ikasteko». Aurten ere, munduko hamaika txokotako dokumentalak izanen dira ikusgai, eta fokua Visegradeko lau herrialdeetan eman dute: Txekian, Polonian, Hungarian eta Eslovakian.