Siberian kartzelan eman zituen urteetan, bere herrialdeko jopuak bertatik bertara ezagutu zituen Fiodor Dostoievski idazleak (Mosku, 1821-San Petersburgo, 1881). Han jabetu zen haiek «ez zirela garaiko intelligentsia-k irudikatzen zituen bezalakoak, ez zituela ezagutu ere egiten liberatu nahi zituen horiek», Josu Zabaleta itzultzailearen hitzetan. Handik atera eta urte batzuetara idatzi zuen Lurpeko ezkutuan idatziak nobela, hain justu ere, idazlearen obran mugarritzat jotzen dena. Euskarara itzuli du orain Zabaletak, eta Igelak eman du argitara.
Aurrez idatzi zituen liburuekin —tartean, Jende gizagaixoa (1846) lehen nobelarekin—sona lortu zuen Dostoievskik, baina Lurpeko ezkutuan idatziak argitaratu zuenean inork ez zuela ulertu azaldu du Zabaletak. Edonola ere, aditu gehienek bi garaitan banatzen dute idazlearen obra, eta eleberri horrek marrazten du muga: «Hortik aurrerako liburu guztien oinarria lan honetan dagoela diote». Eta hain zuzen, ondoren iritsiko ziren bere obran gorentzat jotako beste lan batzuk, hala nola Krimena eta zigorra (1866) eta Karamazov anaiak (1879).
Lurpeko ezkutuan idatziak ez dela liburu erraza aitortu du itzultzaileak. «Liburu konplikatua da; hainbesteraino, ze oraindik dudak dauzkat ea ondo itzuli dudan». Beste 23 itzulpen irakurri zituen kontsultarako —italieraz, gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta portugesez—, «eta bakoitzak bere aldetik jotzen zuen, ez baita erraza entenditzen, garai konplikatu batean eta idazle konplikatu batek idatzia baita».
Itzultzaileak adierazi du liburua ulertzeko idazlea eta bere garaia ere ezagutu behar direla, eta gehitu du ez direla protagonista eta idazlea nahastu behar. «Oso liburu ironikoa da, baina hasieran ohartxo bat du, klabea dena, eta esaten du protagonista eta idatziak asmatuak direla, baina gizartean halakoek derrigor egon behar dutela jakinda gizartea zer egoeratatik datorren. Hor dago klabea. Beste liburu batzuk badakizu kritika sozial bat direla, baina ironikoa. Baina hemen ez dago deskripzio bat bera ere, dena buruan, barruan pasatzen da. Eta hain da ironikoa, askotan sinisten duzu Dostoievski ari dela hizketan». Pertsonaiaren kontraesanak ere, idazlearen testuingurua ezagutu gabe, zail dira ulertzen; Zabaletaren ustez, Nikolai Txernixevski buruzagi sozialistak Zer egin? eleberrian agertzen dituen zenbait ideiari egiten die kritika Dostoievskik.
Introspektiboa eta kritikoa
Protagonistaz hainbat zertzelada eman ditu Inazio Mujika Iraola editoreak, eta azaldu du bere burua antiheroitzat duen gizon bat dela, funtzionario izandakoa eta erretiroa hartutakoa. «Bakarrik bizi da, bakarrik dago, eta saminduta eta frustratuta gizartearekin adina bere buruarekin. Lurrazpiko apartamentu batean dago, eta handik, ilunenetik ari zaigu bere pentsamendu zinikoa esaten, bere segurtasunik eza gurekin partekatzen, bizitzari ez diolako zentzurik aurkitzen. Hain zuzen ere, existentzialismoaren sorreratzat jotzen da liburu hau».
Nobelaren lehen partean, protagonista bere barne gatazkei buruz pentsatzen ageri da, eta gizartearekiko gorrotoa ez ezik, bere buruarekikoa ere azaltzen ditu, editorearen hitzetan. Bigarren partean, berriz, bere bizitzako pasarte batzuk gogoratzen ditu, tartean lankideekin izaniko «enkontru berezi bat» eta Lisa izeneko neska gazte batekin dituen «harreman tirabiratsuak».
Liburu introspektiboa, existentzialista, pesimista, kritikoa eta psikologikoa dela gaineratu du Mujikak, eta azken alderdi hori nabarmendu dio egileari, literatura unibertsaleko idazle handienetako bat dela gogora ekartzearekin batera. «Gizakiaren bihotzaren zokorik ilunenetan gertatzen direnak kanporatzen maisu izan zen; bere garaia, bere herria —Errusia—, bere mundua —eta gurea azkenean—, eta gizakiaren psikologia azaltzen asmatu zuen idazle bat izan zen».
Ondo bidean, datorren urtean Krimena eta zigorra (1866) euskaraz irakurri ahalko dela ere iragarri du editoreak, Literatura Unibertsala bildumaren barruan argitaratzeko asmoa baitute.