Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako sailkatzea lortu du Alaia Martin Etxebestek ere —Beñat Gaztelumendi Arandia sailkatu zen zuzenean lehen finalaurrekoan—. Oiartzuarrak irabazi zuen igandean Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko saioa, 544,5 puntu eskuratuta. Agurrean «mundu biribil ertzdunari» kantari ekin, eta ederki atera zizkion ertzak hainbat gairi, saioa biribiltzeraino. «Ai mundu borobila, borobil ertzduna/ nahi zaitugu justua arnas moreduna/ hesirik gabekoa eta euskalduna/… / maitasunez zukutu nahi dugu garuna/ hitzez hitz sortzen baita amesten duguna».
Martin gainerakoak baino koskatxo bat gorago geratu arren, maila ederrean aritu ziren gainerako bertsolariak ere. Saio parekatua izan zen, eta denek utzi zituzten ateraldi eta ale bikainak. «Sustoa ematera» joan, eta hartu ere egin zuen Enertitz Artetxe Eizagirrek bigarren egin zuela jakitean. Susto atsegina, horratik. 519, 5 punturekin, finalerako aterik ez zaio itxi behintzat, oraindik. Ezta Aner Peritz Manterola Euzkitze-ri ere —hirugarren egin zuen: 512 puntu ditu—. Datorren igandeko Arrasateko saioaren zain geratu beharko dute biek. Ez ziren oso urrun ibili ondorengo sailkatuak ere: 504,5 punturekin geratu zen Unai Mendizabal Jauregi, 493,5ekin Amaia Iturriotz Etxaniz, eta 462rekin Eneko Araiztegi Agirre Korta.
Zortziko handian ez zen bertsoaldi bete-beterik izan, baina ale onak utzi zituzten bertsolariek. Guraso kezkatuen paperean jardun zuten Martinek eta Araiztegik, eta Euskaraldiaz aritu ziren Unai Mendizabal eta Amaia Iturriotz, EITBko euskara batzordeko bi kideren ahotik. Mendizabalek Euskaraldian ETB2ko programazioa euskaraz jartzea proposatu zuen, baina Iturriotzek alferrik zela iritzi zion. «Ez dira joaten bertso saiota, ez doaz euskaltegira/ eta eraman ein beharko zaie haiek joaten ez badira», hasi zen Mendizabal. Zuzen erantzun zion Iturriotzek: «Iruditzen zait zuk diozun hau propaganda populista/ izena hala eduki arren ez da euskal telebista».
Migranteen harrerako elkarte bateko boluntario izan ziren Artetxe eta Peritz. Artetxek erantzun egin nahi zien jasotako irainei, baina, Peritzek, nahiago zuen garrantzirik ez eman. «Irain bakoitza erantzungo dut nahiz ta izan arrastaka/ egiten dugun boluntario lan honen parte bat da ta», hasi zen Artetxe, eta «zentralitatea» migranteek behar dutela aipatuz erantzun Peritzek: «Kalera irten ta erantzutea da gure aurkako kaltea/ eztabaidagai bat ez denari erantzuna ematea».
Zortziko txikian lortu zuten bertsolariek entzulea piztea. Hackerra eta hacekatua izan ziren Korta eta Mendizabal. Azken horren diru kontuak eta bizar luzea aipatuz hasi zen Korta: «Kutxabanken ein ditut hamaika aztarna/ hau da Mendizabalek hain justu daukana/ bizar irlandesa ta kontu alemana». «Koltxoi azpian» diru gehiago zeukala erantzun, eta hiztegi egokiarekin bukatu zuen bertsoaldia Mendizabalek: «Ni ere hackerra naiz ta momentuz kaput/ control shift ta control shift, ezabatu zaitut».
Elkarrizketa bizia osatu zuten Martinek eta Artetxek ere, auto-saltzailearen eta eroslearen roletan. «Ze iruditzen zaizu todoterrenoa?», hasi zen galdezka oiartzuarra, eta azkoitiarrak erantzun: «Zure proposamena hobe da utzita/ todoterrenorako nahikoa naiz ni ta». Eta Martinek: «'Ona naiz’ esanez ni zuk zur utzi nauzu/ auto-saltzailea, aizu, zuk ematen duzu».
Tragoa eta besarkada
Ganbarako ofizioan, seiko motzean, bide bera hartu zuten hiru bikoteek, baina Martinek eta Iturriotzek egindako izan zen, ziurrenik, sinesgarriena eta osoena. Halaxe zioen gaiak: «Lagun minak izan zineten. Orain urte batzuk elkarrekin haserretu zineten, eta orain berriro heldu diozue harremanari». «Merezi zuen ez dakit/ urte ta orduek, tik-tak-tik/ gure harremana galdu izana mutil batengatik», hasi zen Martin. Geroago, Iturriotzek: «Lehenago zeloen hotsa/ eta zu gabe ze hotza/ biak batera sentitzen ditut poza eta lotsa». Adiskidetzeko unea ederki irudikatu zuen saioko irabazleak: «Tori trago bat, bihurtu gaua ke eta tabako/ ai Amayita, neskato!/ ni maite zaitut asako / zin egin daigun hau ez zaigula berriro pasako». Eta elkarrizketa biribildu, Iturriotzek: «Ta txupito bat edango dugu, ene ze zirrara/ ze ja gurea da gaba/ emaidazu besarkada/ indartsuago bihurtzen gara elkartzen bagara».
Puntuka, eski gaineko baldarkeria umorez deskribatuz Araiztegik eta Iturriotzek egindako saioa izan zen biziena. Gaia emanda, bakarkako on asko entzun ziren. Martinena, esaterako, zahar egoitza bateko langile edadetuaren larruan: «Kafesnea, lau gaileta, errutina bat goizeko/ nahiko lan dut adin hontan izen denak oroitzeko/ ta nahiz eta zaila izan kapazak gara ohitzeko/ zazpi minutu dauzkagu egoiliar bakoitzeko».
Eta Mendizabalena, pilotakada baten ondorioz begi bat galdu zuenaren ahotsean: «Baina Ertzantza pilota eta eskopetaz da oldartu/ Cabacasena pasa zen eta ordutik hamaika datu/ Tolosan ere, Inauteritan, Xuarrena zen pasatu/ urteak joan, joan dira baina gauzak ez dira aldatu». Artetxerena ere bai, droga mendekotasunen inguruan, errehabilitazio zentro batetik pasatu ondoren mesfidati dirauen inguruari: «Baina nik ederki dakit zein zen honen helburua/ hasieran aitortzeak nahiz ta eman apurua/ ekintzekin lasaitu nahi nuke nere ingurua/ hori baino gehixeago maite det nere burua».
Eta Euzkitzerena, guraso bakar izateari buruz, trans baten ahotsetik: «Ai, heteroak, monogamoak, badakit nora nindoan/ igual harritzen zarete baina lagunak dauzkat ondoan». Azken bertsoan, berriz: «Excel batean daukagu zaintza eta hor mila apaño/ … / nik hala nahita ta erabakita, harro heldu naiz honaino/ ta nahiago dut horrela egon zuen nobioekin baino».
ZARAUZKO SAIOAREN SAILKAPENA
Alaia Martin Etxebeste 544,5
Eneritz Artetxe Eizagirre 519,5
Aner Peritz Manterola 512
Unai Mendizabal Jauregi 504,5
Amaia Iturriotz Etxabuz 493,5
Eneko Araiztegi Agirre 462
SAILKAPEN OROKORRA
Beñat Gaztelumendi Arandia 560,5
Ane Labaka Mayoz 552
Alaia Martin Etxebeste 544,5
Nerea Elustondo Plazaola 522,5
Eneritz Artetxe Eizagirre 519,5
Aner Peritz Manterola 512
Unai Mendizabal Jauregi 504,5
Amaia Iturriotz Etxabuz 493,5
Asier Azpiroz 475,5
Oier Etxeberria 468,5
Eneko Araiztegi Agirre 462
Eli Pagola 449
Datorren igandean osatuko da abenduaren 14ko finaleko zortzikotea. Sei bertsolari hauek kantatuko dute Arrasateko finalaurrekoan: Agin Laburu Rezola, Andoni Rekondo Izagirre, Eñaut Martikorena Lizaso, Iñigo Mantzizidor Larrañaga, Maider Arregi Markuleta eta Oihana Iguaran Barandiaran.