Iñaki Murua. Bertsozale Elkartearen lehendakaria

«Finalean bigarren emakumea ikusteko itxaropena badaukat»

Asteburuan ekingo dio bere bideari Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Laugarren txapelketa izango du Iñaki Muruak Bertsozale elkarteko buru gisa. Lehiaketa hasi aurreko eta ondorengo erronkez mintzo da.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Ordizia
2017ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Lantokiko jangelan hartu ditu argazkilaria eta kazetaria Iñaki Muruak (Gabiria, Gipuzkoa, 1956), Goierri lanbide heziketa eskolan. Euskara eta filosofia irakasten ditu han.

Larunbatean hasiko da txapelketa. Zuretzat, zer izango da, lasaitzeko ala urduritzeko eguna?

Lankide batek lehengoan esan zidan: «Umea osatuta eta enkajatuta dago jada. Bultza egin behar diogu, eta jaio dadila jada!». Horixe da giroa. Martxotik ari gara horri begira. Helburua da bertsoa lehen planoan, erdigunean, jartzea, eta jendeak goza dezala. Hor ere gauzak aldatzen doazen arren, ez dago beste ikuskizunik, sortzeko momentua hainbeste mila jendek halako isiltasunez errespetatuko duenik. Hori ez dugu guk lortu, hori mendeetan egindako entrenamenduaren ondorioa da. Lehenago norbaitek egin zuen hura, eguneratuta, etorkizunerako indartzen saiatzen gara.

Aurten lortu duzue, lehen aldiz,txapelketa zazpi herrialdeetaraino eramatea.

Horrek ere bere denbora eskatu du. Iritsi egin garela ikusi behar da; euskararen lurraldea oraindik ere zabalera eta luzera horretan daukagula; tokian tokikoak esnatzeko tresna ere izan daitekeela; eta bertso mugimendua txapelketa bakarrik ez dela.

BECekoa izugarria da, baina urte osoan egiten diren bertso saioak batzen badituzu, 13.000-15.000 lagun ez da ezer. Badira BECera sekula joango ez direnak, baina herriko saio guztietara joango direnak. Pauso txiki horiek denek egiten dute erraldoi azken pausoa. Pauso txikiak ere, horregatik, zaindu egin behar ditugu.

Aurreko txapelketako finalista batek, Unai Iturriagak, aurtengoan parte ez hartzea erabaki du. Baita Iñaki Gurrutxagak ere.

Iñaki eta Unai, txapelketetan emaitza desberdinak lortu izan arren, saltsa handikoak dira biak, plazan ohitutako jendea. Unaik egin duena ez dut nik orain deskubrituko. Hasieran, hizkuntzarekin, kritikak zorrotz jaso behar izan zituen. Eta egin duen progresioa, bertsotan umorea eta ironia erabiltzeko egin duen ahalegina, bertsoetan asmatu duena...

Zer espero duzu txapelketa honetatik?

Finalean bigarren emakumea ikusteko itxaropena badaukat. Gero, bertsolarien aldetik, atzetik datorrenak bultza egingo duela espero dut, finalean lekua hartu nahian. Gu halaxe gertatu ginen utzi beharrean.

Umoreak leku gehiago izango duen txapelketa antolatzen asmatzea gustatuko litzaidake.Memoria gero eta gutxiago erabiltzeko moduan ari da antolatzen gizartea, ordenagailuan eta telefono mugikorrean daukagu gure memoria; bertsotan, aldiz, sekula baino doinu luzeagoekin ari gara. Hori ere ondo etorriko da, baina bertso biziak, barrea sortuko duten kolpe argitsu horiek... Algara eragiteko moduko umorea txapelketan gehiago ikustea gustatuko litzaidake. Baina zein naiz ni neu egiteko gauza izan ez naizena besteri eskatzen? Dena dela ere, uste dut bertsozaleentzat kristorena izango dela.

2005ean hartu zenuen Bertsozale Elkarteko presidentetza. Aldaketa askoren lekuko izango zinen dozena urtean.

Bai. Nik lehendakaritza hartu nuenean, jende gutxiko elkarte txiki bat zen gurea. Gaur egun ere bai, baina orduan halako dezente aldiz hazi da. Badaukat kezka, zentzu horretan. Ezer ez zegoenean eta Eusko Jaurlaritza eratu zenean, jende bat lasaitu egin zen, «hau dena Jaurlaritzak egingo du» eta beste pentsatuta. Elkartearekin asko zaindu beharreko arloa da, uste dut, jendea borondatezko lana eta ekarpena egiten entrenatzearena. Zorionez, gaur egun ere, bere kabuz gauzak antolatzen ari den bertsozale langile asko dago bazterretan, eta horrek aberasten gaitu. Batik bat gazteak entrenatu behar ditugu, borondatezko lanean trebatu.

Baina horretan ere trebatzen dira gazteak, ezta?

Gazte zoragarri asko dauzkagu, bai. Zaindu eta prestatu egin behar ditugu. 2005aren bueltan ere, ni neu sorreratik nenbilen elkartean, baina jende berria sartu zen, oso-oso ona, antolatzen eta eragiten, eta halako hizketa diferentea izatetik, kontzeptualki gauzak desberdin ikustetik, talka bat sortu zen. Txapelketa guztiek astindu egiten dute elkartea, intxaur arbola bezalaxe, eta, batzuetan, ale batzuk erori eta galdu egiten dira.

Astindu hori baliatu behar dugu, arnasberritzeko ez ezik, indartzeko ere. Eta dugu horretako gu-arekin, ez naiz ari elkarteari buruz bakarrik. Euskaldun guztioi buruz ari naiz. Hori lortzeko ahaleginean aritu behar dugu, ez bakarrik txapeldun bat izendatzeko lanean.

Lan hori koordinatzeko, zenbat jende zaudete egun elkartean?

Orduan hamar baldin baginen, orain hirurogeita hamabost langile gara elkartean. Beste hainbeste edo gehiago dira borondatezkoak, eta 3.200 bazkide ditugu. Txikiak gara, eta ez dugu hazi nahi, horri ekonomikoki erantzun egin behar zaiolako eta ez dugulako nahi inoren menpe egon eta gure autonomia galdu. Horregatik behar dugu borondatezko lana. Ez dugu borondatezko ekarpena konputatzen, baina; oso baserritarrak gara. Baserritarrak, zorrik ez badauka, irabazi egin duela iruditzen zaio. Enpresariari, aldiz, irabazi ez badu, zorra egin duela iruditzen zaio. Hor alde ikaragarria dago.

Bertsotan libreago aritzeko garaiak al dira hauek?

Txapelketaren atarian, bertso munduko entzuleen azterketa bat egiten ari gara, eta ezkerreko jendea, eskuinekoa, zein erdiko multzo zabalekoa agertzen zaizkigu. Aldiz, txistuka edo txaloka hasten denean, ematen du %100 txistuka edo txaloka ari dela, eta horrek, segun eta nola interpretatzen den, guri txaloa edo egurra dakarkigu. Delikatua da. Beti gaude ezpataren ahoan. Ezin da mezua kontrolatu, eta ez dugu kontrolatu nahi, gainera. Kezkatzen nau, hori bai, gai desberdinak jarri eta mezu berdina irteten bada. Edo gai bat eman eta ia denek mezu bera ematen badute. Estandarizazioak kezkatzen nau. Nondik edaten dugu gure iritziak eraikitzerakoan? Eta entzuleek? Bertsolaritza eredu gisa aipatu ohi da sarri kulturgintzan.

Joxemiel Barandiaran, behin, etxe aurreko sagarrondo parera eraman omen zuen amak, eskolan 10a lortu zuela-eta harro-harro zebilelako. Sagarrondoa alez josita omen zegoen, adar denak ia lurra joz makur-makur eginda, eta amak esan omen zion Barandiarani: «Ikusten duk? Zenbat eta beteago, orduan eta apalago». Hori izan behar dugula iruditzen zait. Bestela, arrakastak itotzea gerta dakiguke.

Kanpoko begietatik hala ikusten bagaituzte, egin dugun lanaren emaitza besterik ez da, eta bakoitzak ikusi behar du bere alorra zergatik ez dagoen maila berean. Guk zerbait ona baldin badaukagu, ikasi eta konpartitzeko prestasuna da. Horren bila gabiltza. Baina ez dugu inoren eredu izan behar. Ez dugu izan nahi.

Nafarroako Gobernuak kultur intereseko ondare izendatu zuen herenegun bertsolaritza.

Bai, oso gustura gaude. Unescoren ondare ez-material izendapenaren bidea jorratzen ere hasiak gara, gure eztabaida eta zalantza guztiekin. Azkenean, zaintze eta praktika onak antolatuta edukitzea da helburua, bertsolaritzak indartsu iraun dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.