Inoiz ez dakizu berriz itzuliko zaren. Hori da behin eta berriz burura etorri izan zaidan esaldia aurreko finaletara iritsi naizen guztietan. Eta aurtengoan, are gehiagotan eta lehen pertsonan: ez dakit inoiz berriz egongo naizen. Horregatik, hor zaudenean, finala bizi egin behar duzu, gozatu, sentitu...beti azkena balitz bezala, finala, literalki ulertuta.
Finalerako bidea oso luzea baita. Finala —ezta txapela bera ere— ez da bidearen bukaera, ez da bertsolari baten edo sorkuntza ibilbide baten azken jomuga edo helmuga, ez eta gailurra ere. Sorkuntza beste lurralde batzuetan doan bidea da, eta ez soilik lehia edo txapelketa den eremu hesituan. Baina finalera iristea beti da mugarri bat norberaren ibilbidean.
Finalera edo txapelera iristekobertsolariak egin behar duen bidea, oso luzea da, eta neurri handi batean bizitzari eta bere gorabeherei lotuta ere badago, ez soilik teknika, metrika eta errimari, ez soilik azken laurdenetan hasten den ariketa segidari. Bidea hasten baita Juanito Dorronsororen moduko batzuk bertsoa irakats daitekeela sinisten duten bilera hartan,eta, ondorioz, bertso eskolan izena ematera animatzen zaren arratsaldean. Gero, Manuel Maridelako bat ume denak egun pasa kotxean eramateko prest azaltzen denean, edo ikastolan lehenengo aldiz Txirritaren bertso bat kantatu zenuenean eragin zizun irribarrean, edo zure gurasoek zuk euskaraz ikasi zenezan erabaki zuten elkarrizketa hartan…. Han hasten da bidea.
Finala ez da bakarrik egun bat, egun hori inguratzen duen guztia ere bada. Finala dira bezperako egun denak, familiakoen poza, inguruko guztiena, aurreko zein osteko egunetan finaleko kideekin konpartitzen dituzun prentsaurreko, bazkari, zirrara, urduritasun, emozio eta ardurak. Denon artean milaka entzuleren aurrean saio on bat osatzearen erronkaren ardura batez ere. Kaleko jendearen animoak, finalean kantatu nahi duzun agur garrantzitsuaren lanketa—umoretsu, epiko, sinpatiko, umil, ausart, politiko, pertsonala...—, bezperatako paseo intimoak, puntu psikologiko egokian egoteko ahalegina, zu zure baitara transzendentalki bildua egonik zure umearen egunerokotasun «axolagabearen» kontrastea… zure baitara bidaia luze bat da finala.
Eta eguna iristen denean bertsolaria etxetik ateratzen da, misio handi bat betetzera doana bezala. Plaza nazionalera zoaz, benetako audientzia nazionalaren aurrera. Zure eguna eduki nahi duzu, badakizu finalak konposizio berezi bat duela, atmosfera errepikaezin bat, bakana, topagune kolektibo baten oxigenoz eta herri memoria hidrogenoz osatua, eta han botatako bertsoak direla betirako zizelkatuta geratzeko aukera gehien dutenak. Hori da zure helburua.
Finalaren eguna da gaur. Denok eseriko gara festa kolektiboan handia izango den zerbait ikustera. Jendeak egingo du txalo, barre, oihu, olatua, edozer… Eta bertsolaria han egongo da, gure aurrean, gurekin baina bakarrik, bere erabateko intimitatean. Ze berezia gure lehia kontzeptua. Hau izango da lehiaketetan final bakarra non beti enpatia den emaitza, amaieran irabazle bat egon arren. Denok gara bat, denok gara zortzi.
Finalaren eguna da gaur. Atera dadila beti itzuli nahiko genukeen egun horietakoa. Animo, Maialen, Amets, Igor, Unai, Sustrai, Aitor, Beñat eta Aitor!
Bihar, XXI. mendean eta Europan, egunkari batzuk bertsoak inprobisatzen dituen jendeaz hitz egingo dute lerroburuetan. Bada zerbait.
Iritzia
Finala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu