Testigantza gordina eman zuen Ziortza Linaresek 2017ko azaroaren 24an. Hogei urtez senar izan zuenak emandako tratu txarrez eta salatu osteko egoeraz aritu zen Maite Artola kazetariarekin, Euskadi Irratian. Koldo Almandozek autoan zihoala entzun zuen elkarrizketa, eta Maria Elorzari helarazi zion. Solasaldi hura abiapuntutzat hartuta, Quebrantos film laburra sortu dute bi zinemagileek. Gaiaz eta hitzok iruditara eramateko bideez elkarrekin egindako gogoetaren emaitza da lana, eta Txintxua Filmsek ekoitzi du. Noiz estreinatuko ahal izango duten ez dakite oraintxe.
Elkarrizketak hasieratik erakarri zuen bi sortzaileen arreta, baina bakoitzari gauza bat egin zitzaion deigarria. «Kuriosoa da hori», dio Almandozek; «polita iruditu zitzaidan abiapuntu beretik zer irakurketa ezberdinak egiten genituen». Linaresek azaldu zuen hainbat babes neurri ezarri zizkiotela; senar ohiak urruntze agindu bat zuela, eta GPS bat eraman behar zuela berak, non zegoen une oro jakiteko, besteak beste. Kritiko agertu zen teknologia bidezko kontrol neurriok bere egunerokoan zituzten ondorioak esplikatzean, eta auzi horrek piztu zuen Almandozen arreta bereziki. «Batetik, harritu egin ninduen, ordura arte ez nengoelako horretaz jabetuta, eta, bestetik, iruditu zitzaidan justu teknologia horren menpe bizitzeak beldurrezko pelikula batean biziarazten zuela». Horrek ere bai, baina bestelakoek ere eman zioten atentzioa Elorzari, tartean kazetariaren rola. «Interesatu zitzaidan gaia eta planteamendua nahiko aldenduta zeudelako normalean egiten ditudan proiektuetatik».
Biek sentitu zuten hasieratik elkarrizketa bera zela lanaren abiapuntu eta oinarria. «Hori zen potentzialik handiena zuena», Elorzaren esanetan. Hala, filmean ez da horrez gainerako solasaldirik. «Audio hori nola kudeatu zen kontua», dio Almandozek. Ordu erdi inguruko elkarrizketa zazpi bat minutuko lan batera ekartzeko, zer aukeratu eta zer utzi kanpoan. Baina horretan ere nahiko garbi zuten biek zer nahi zuten, eta hurrengo urratsari ekin zioten: «Erronka zen elkarrizketa hori nola bihurtu pelikula, nola eman audio zati hori ikusteko irudiak».
Prozesua luzea izan zen, eta laborategi batean aritzearen modukoa. Elorza: «Ez dakit esaten nola hasi ginen ere, baina uste dut bakoitzak bere aldetik proposatu zituela irudi mota ezberdinak, bakoitza elkarrizketak nora eramaten zuen edo bakoitzak hainbat gauza nola irudikatzen zituen agertzeko. Ideia asko ere baztertu egin genituen». Beldurraren ideiari lotuta, adibidez, txorimaloen irudiak izan zituzten buruan uneren batean, eta geolokalizazioari edo radarrari lotuta, berriz, saguzarrenak. «Tematikoki-edo irudi ezberdinak bilatuz joan ginen: artxiboko irudiak, Youtubekoak, pelikula zaharretakoak, guk aldez aurretik grabatuta geneuzkanak, eta, gero, honetarako propio grabatutakoak ere bai».
Prozesua bera nabarmendu du Almandozek, «laborategi» hori. Horrela iritsi baitziren filma eraikitzera; irudiak aztertuz, baztertuz, gehituz, batak bestera eramaten zituela jabetuz, josiz... «Uste dut hastapenetako irudi horietatik ia ez dagoela ezer pelikulan». Bat dator Elorza. «Etxeen irudiak geratu dira; bizitegi gune hotz eta pixka bat beldurgarri horiek hasieratik genituen buruan». Eta baietz Almandozek. «Hori argi genuen; istorio hau edonon gerta zitekeela». Edozein hiri edo herritako edozein auzotan, edozein gizarte klasetako edozein familiatan. «Hori irudikatu dugu guk filmatutako irudiekin».
Irratigrafia gisa definitzen duten filma osatzeak bi urteko lana hartu die, esperimentazio horretan eman dituztenak. Eta aitortzen dute Elorzak lehen muntaketa egin arte ez zutela argi aurrera aterako zen. Ideia ugari zituzten ordura arte, baina «espekulaziotik konkretura pasatzea» kosta zitzaiela dio Elorzak. «Nire kasuan, pauso horretara pasatzen uzten ez zidana gaia bera zen askotan», azaldu du Almandozek, eta ados agertu da Elorza. «Ez genuen sentsazionalismoan, sentimentalismoan, errazkerian erori nahi, eta buelta asko eman dizkiogu».
Buelta asko emate horrek, bien arteko elkarrizketak ekarri du filma den bezalakoa izatea. «Uste dut azkenean elkarrizketa lan baten forma eman diogula, eta hori emaitzan ere ikusten dela; collage itxura bat ere badu», dio Elorzak. Prozesua nabarmendu du, beste behin, Almandozek. «Bai Mariarekin, bai beste jende batekin lan egiteaz gustatzen zaidana da ideia bat izan eta nola besteak hartzen duen eta eraldatzen duen hobera; gozamena da zu bakarrik egitera iritsiko ez zinatekeen hori, bat-batean, egin ahal izatea».
Adiera ezberdinak, batean
Hiztegiaren arabera, gaztelerazko quebranto hitzak adiera bat baino gehiago du: samina adieraz dezake, edo zerbait kaltetzea, puskatzea bestela, edo galera bat eragitea, baita arau bat haustea ere, besteak beste. Linaresek ere, irratiko elkarrizketa osoan euskaraz egin arren, hitz hori erabiltzen zuen bikotekide ohiak urruntze agindua maiz hausten zuela esplikatzean. Eta filmean hitz horren adiera ezberdinak biltzen direlakoan, bi sortzaileek izenburura eramatea erabaki zuten, plurala erantsita, euren lana hobekien definitzen zuena zela iritzita.
Lana jendaurrean noiz erakutsi ahalko duten ez dakite oraindik, pandemiari aurre egiteko neurrien ondorioz zalantzan baitago uneotan hainbat zinema jaialdiren etorkizun hurbila. Baina pozik daude amaitzea lortu dutelako. «Guk gure lana egin dugu».
Filmatutako 'irratigrafia' bat
Maria Elorza eta Koldo Almandoz zinemagileek 'Quebrantos' film laburra ondu dute. Tratu txarrak jasandako emakume bati irratian egin zioten elkarrizketa da pelikularen abiapuntua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu