Bidasoa ertzetik paseatzen dabiltzala, bat-batean oihuak entzungo dituzte Laidak (Jone Laspiur) eta Sambouk (Sambou Diaby); muga igerian zeharkatzen saiatzen ari diren bi pertsona itotzear dira. Uretara salto egingo du Laidak, eta ertzean geldituko da Sambou. Faisaien irla filmaren eszena giltzarri horrek galdera baten aurrean jartzen du ikuslea: «Zer egingo zenuke zuk haien lekuan?». Bere lehen film luzearekin, Bidasoko muga gurutzatzen duten migratzaileen auziaz gogoeta eginaraztea izan baitu helburu Asier Urbieta zinemagileak (Errenteria, Gipuzkoa, 1979). Baita mugen «absurdoa» agerian jartzea ere.
Hainbat jaialditatik igaro ostean, Euskal Herri osoko zinema aretoetara aldi berean helduko da euskarazko filma orain: gaur Ipar Euskal Herrikoetara, eta ostiralean Hego Euskal Herrikoetara. Denera 110 aretotan ikusgai izatea da asmoa —«areto bat dagoen herri guztietan filma egotea»—, eta horietako askotan solasaldiak egingo dituzte emanaldien ondotik. Zinemara joatearen garrantzia ez ezik, solasaldiena nabarmendu du Urbietak estreinaldiaren atarian: «Uste dut oso interesgarria izango dela haietan parte hartzea testuinguruaz jabetzeko eta gogoeta egiteko».
Bidasoko muga zeharkatzen saiatzen diren migratzaileen gaia pantaila handira eraman duzu. Zu zeu nola hurbildu zinen errealitate horretara?
Egunkarian ikusi nuen pertsona beltz batek bere buruaz beste egin zuela Bidasoa ibaiaren aurrean, eta irakurri nuen Irungo Harrera Sarekoek ziotela ez zela kasu bakan bat, pertsona hori ez zela urkatu arazo pertsonalak zeuzkalako; Afrikatik Europara bidean, desertua eta Mediterraneoa gurutzatu eta ez dakit zenbat urteko bidaia egin ondoren, behin Europan usteko zuela ja ez zegoela mugarik, eta bat-batean Bidasokoa topatu zuela. Eta psikologikoki hain nekatuta zegoen, bere buruaz beste egin baitzuen ibaiaren aurrean. Hori dokumentatzen ari nintzela, bost pertsona ito ziren ibaian, eta beste hiru hil ziren trenak harrapatuta Ziburun; bederatzi hildako denera. Eta beharra sentitu nuen istorio hau kontatzeko.
Andoni de Carlosekin batera idatzi zenuen gidoia. Zer iturritatik edan zenuten? Migratzaileekin ere izan zineten?
Andonik eta biok Altsasu telesaila idatzi genuen aurretik, eta istorioa lehen pertsonan bizitako jendearekin egin genuen dokumentazio lana: gazteekin, gurasoekin... Andonirentzat oso gogorra izan zen pertsonalki, eta hau idazteko distantzia bat izatea erabaki genuen. Beraz, gehiago izan zen prentsa, Miñan liburua... Eta gero, nahi gabe, Gari Garaialderen argazkiekin maitemindu nintzen; inspirazio iturri oso handia izan ziren niretzat, eta harekin harremanetan izan ginen, Irungo Harrera Sarekoekin ere bai...
Inguruko herritarrak alde batera utzita, jende gutxirentzat izango da ezaguna Faisaien Uhartea. Zuri, kokaleku gisa ez ezik, metafora bezala ere balio izan dizu. Zeren metafora da zuretzat?
Nik betidanik izan dut gogoa haren inguruan zerbait egiteko. Pelikula honetan mugez ari gara, mugen absurdoaz; guretzat gizakiak asmaturiko fikzio bat dira mugak, zoritxarrez ondorio oso traketsak dituena jende askorentzat. Eta hori kontatu nahi genuenez, zein toki interesgarriagoa Faisaien Uhartea baino: lur eremu txiki bat da, zeinetan ez den inor bizi, ez dago faisairik ere, urte erdiz espainola eta urte erdiz frantsesa da, eta guretzat euskalduna... Iruditzen zitzaigun, toki erreal bat izateaz gain, pelikularen metafora handi bat zela, ondo laburbiltzen zuela kontatu nahi genuena.
«Guretzat gizakiak asmaturiko fikzio bat dira mugak, zoritxarrez ondorio oso traketsak dituena jende askorentzat»
Jabetu zinen Bidasoko mugarena ez zela oso errealitate ezaguna, gertu izanagatik ere. Baina, aldi berean, han eta hemen migratzaileen heriotzen berriak sarri izaten dira hedabideetan; horrek ez ote dakarren halakoetara ohitzeko arriskua...
Bai, egunerokoan dagoen errealitate bat da migrazioena eta bide horretan hiltzen den jendearena, eta badirudi nolabait, babesteko edo, jendeak ez duela ikusi nahi, ez duela entzun nahi. Niri pertsonalki eragiten dit, eta pelikula hau egitea bazen jendeari istorio hori beste modu batera kontatzea. Azkenaldian, Euskal Herrian Miñan liburua, antzerki obra, Ferminen [Muguruza] dokumentala [Bidasoa 2018-2023] eta beste izan dira, eta orain, gure pelikula; badirudi sortzaileok nolabait hori bildu eta beste modu batera kontatu nahi izan dugula ikuslearengana iristeko.
Errealitate hori gertatzen ari den unean bertan hari hain lotuta dagoen fikziozko film bat egiteak badu ardura gehigarri bat zinemagile batentzat?
Dudarik gabe, ardura kristorena da. Hori gertatu zitzaigun nahi gabe Altsasu-rekin ere, duela oso gutxi gertatutako zerbait zelako, eta hau gaur egun gertatzen ari den errealitate bat da. Baina guretzat behar bat izan da istorio hau kontatzea, eta, beraz, ardura hori hartu dugu, eta saiatu gara ahalik eta modu gizatiarrenean kudeatzen. Uste dugu hitz egin behar dela historiaren inguruan, baina baita gaur egun gertatzen diren arazoen inguruan ere; guk geuk gogoeta egiten dugu arazo horien inguruan, eta ikusleari gogoeta eginarazten saiatzen gara.
Errealitatea eta fikzioa etengabe gurutzatu omen zitzaizkizuen filmaketan...
Bai, bai, erabat nahastu ziren. Azkenean, lokalizazio errealetan grabatu genuen, eta gure begiekin ikusten genuen zer gertatzen ari zen; filmak kontatzen duena bertan gertatzen ari zen. Pertsona asko pasatzen, poliziak mugan bertan pertsona horiek ilegalki itzularazten... hori gure begiekin ikusi genuen, eta ez behin, askotan. Oso bitxia izan zen: fikzio bat, gezur bat grabatzen egon, eta errealitatea ezin ekiditea, aurrean daukazu eta. Eta hori, bestalde, oso interesgarria izan zen aktoreentzat eta talde osoarentzat, pelikularekiko energia eta inplikazio handia sortu baitzen.
«Uste dugu hitz egin behar dela historiaren inguruan, baina baita gaur egun gertatzen diren arazoen inguruan ere»
Ibaiko uretan grabatzeak ekarriko zuen erronkarik. Nolakoa izan zen?
Ba, oso konplikatua, baina oso polita ere bai. Nik uste dut erronkak interesgarriak direla, beti ikasten duzulako eta beste puntu batera eramaten zaituztelako. Pelikula honek erronka asko zituen, lehen film bat izateko ez baita film erraza, baina hasiera-hasieratik zegoen argi sekuentzia horrek funtzionatu behar zuela eta ez zela grabatzeko erraza. Taldean lagun asko ginen, jende oso profesionala, eta erabaki genuen zer egin behar zen sekuentzia hori aurrera eramateko: Jonek [Laspiur] ondo igeri egiten ikasi zuen, eta erreskate ikastaro bat egin; espezialistak eduki genituen; koreografia bat sortu genuen igerilekuan; grabatu genituen entseguak igerilekuan eta ibaian; kontrolatu genituen mareak —zeren gauza batzuetarako mareak baxu egon behar zuen, eta beste batzuetarako altu—; segurtasuna bermatu genuen aktoreekin —bai txalupekin, bai espezialistak edukiz uretan—; ur azpiko kamera erabili genuen... Telmo Esnal zuzendari laguntzailearekin, hori aurrera eramateko zer egin behar zen diseinatu genuen, eta lan pila bat izan zen. Baina lan hori egin ondoren, grabatzera zoazenean gauzak uste baino errazagoak dira. Askotan proposatu zidaten sekuentzia hau igerilekuan grabatzea, chroma-rekin, postprodukzioarekin, espezialistekin... Baina guk beti nahi izan genuen toki naturalean egin, aktoreekin, dena errealagoa izan zedin.
Azaldu izan duzu Laspiur eta Diabyrentzat idatzi zenituztela protagonisten pertsonaiak. Zer ikusten zenuen bietako bakoitzarengan?
Altsasu-n Sambou ezagutu nuen, lagun egin ginen, eta harekin mikrorrazismoak egunero ikusten nituen; adibidez, inork ez dio euskaraz egiten, beltza delako... gauza asko. Istorioarekin aurrera eta atzera genbiltzala, pentsatu genuen sortu nahi genuen bikotea interraziala izatea askoz ere interesgarriagoa zela istorio hau kontatzeko. Behin Sambou ja izanik, emakume protagonista behar genuen. Sambouren pertsonaia apalagoa, isilagoa, ekimen handirik gabekoa izango zela pentsatu genuen, eta emakumearen rola justu kontrakoa, kristoren nortasuna zuen norbait, akziozkoa, zerbait pentsatu eta egin egingo zuena... Eta Jonek energia hori transmititu zidan hasiera-hasieratik; beraz, berarentzat idatzi genuen pertsonaia. Gero, egia da bera ezagutu nuenean konturatu nintzela askoz gehiago ere bazela, alde hauskor hori ere baduela, eta hori oso interesgarria da, pertsonaiari sakontasun handiagoa ematen diolako. Eta Sambou berdin, badu puntu misteriotsu bat, eta agian ez dakizu oso ondo zer pasatzen zaion burutik... Baina gero berak dauka giltza, eta harritu egiten zaitu, espero ez duzun zerbaitekin azaltzen baitzaizu bat-batean.
Haien pertsonaiek dilema bat mahaigaineratzen dute: zer egingo lukeen norberak halako egoera batean. Filmak ez du erantzunik ematen; zuk zeuk aurkitu duzu zurea?
Egia esan, ez dut topatu. Filmak galdetzen duena da ea zer egingo zenukeen halako egoera batean, non errealitatea zure begien aurrean jartzen den eta erabaki behar duzun bi segundotan uretara jauzi egin edo ez. Eta nik uste dut erantzuna inkontzienteak agintzen duela. Gustatuko litzaiguke esatea baietz, botako genukeela geure burua, baina ez dakigu nola erreakzionatuko genukeen. Hala ere, filmak galdera hori egiten du munduan dugun posizioaz hitz egin nahi dugulako, gizaki bezala egin nahi dugunaz: gure begien aurrean gertatzen denaren ikusle huts izan nahi dugu, ala zerbait egin gauzak aldatzeko?.
«Filmean, munduan dugun posizioaz hitz egin nahi dugu, gizaki bezala egin nahi dugunaz: gure begien aurrean gertatzen denaren ikusle huts izan nahi dugu, ala zerbait egin gauzak aldatzeko?»
Ikusleari gogoeta eginarazten dio filmak. Zuretzat ere gogoetarako tresna bat da zinema?
Dudarik gabe, eta, gainera, oso tresna boteretsua; hainbeste diziplina artistiko biltzen ditu —idazketa, musika, argazkia, interpretazioa...— oso modu indartsuan iristen da ikuslearengana. Eta zinema mota hori egin nahi dugu; badago besterik gabe entretenimendua egitea, eta oso ondo dago, baina, nire kasuan, askotan da zerbait kontatzeko behar bat; nik neuk gogoeta bat egitea eta besteei eginarazten saiatzea.
Suedian, Goteborgeko jaialdian estreinatu zenuten lana, eta, Malagako jaialdian [Espainia] eta Bartzelonako D’A festibalean ez ezik, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian ere erakutsi duzue gero. Zer-nolako harrera izan du orain arte?
Inork ez du istorio honen berri. Goteborgen atentzioa ematen zien Europa barruan hau gertatzeak; ez zuten sinisten. Gero, interes handia zuten geografiarekin ere; Euskal Herria, Frantzia, Espainia, Faisaien irla, filma euskaraz izatea, frantsesa ere entzutea... nahiko konplikatua da kanpotik begiratuta, eta oso interesatuta zeuden horrekin, ze argi eta garbi ikusten zuten Euskal Herria existitzen dela, eta mugaren bi aldeetara. Gero, Malagan eta Bartzelonan, Mediterraneoa ondoan duten eta gaia ezagutzen duten arren, Bidasoko hau ez zuten inolaz ere ezagutzen, eta harrituta zeuden. Eta Donostian, jendeak entzun du zer edo zer, baina uste dut asko gelditzen zaigula oraindik jakiteko eta kontatzeko.
«[Filma hemendik kanpo] Oso ondo ulertzen da; ulertzea kostatzen dena zera da: Europa barruan mugak egotea, berez mugarik ez duen Europa batean»
Bidasoko kasua horren ezaguna ez bada ere, mugena arazo globala den neurrian, filmak proposatzen duen gogoeta hemendik kanpo ere aise uler litekeela iruditzen zaizu?
Ulertu, oso ondo ulertzen da; ulertzea kostatzen dena zera da: Europa barruan mugak egotea, berez mugarik ez duen Europa batean. Hala ere, orain solasaldi asko egingo ditugu, eta uste dut oso interesgarria izango dela horietan parte hartzea, testuinguruaz jabetzeko eta gogoeta egiteko.
SOLASALDIAK
Filma Euskal Herri osoko 110 zinema aretotara iritsiko da, eta, emanaldien ondotik, solasaldiak ere egingo dituzte hainbatetan. Filmaren lantaldeko kideek ez ezik, Irungo Harrera Sarekoek, Aita Mari erreskate ontzikoek eta Gari Garaialde argazkilariak parte hartuko dute. Heldu den asteko solasaldiak zehaztu dituzte jada —aurrerago emango dute gainerako herrietako daten berri ere—:
Apirilaren 25ean: Irunen (Gipuzkoa) eta Donostian.
Apirilaren 26an: Lekeition (Bizkaia), Durangon (Bizkaia), Bilbon, Iruñean eta Donostian.
Apirilaren 27an: Hendaian (Lapurdi) eta Errenterian (Gipuzkoa).
Apirilaren 28an: Donibane Lohizunen (Lapurdi).
Apirilaren 29an: Urruñan (Lapurdi).
Apirilaren 30ean: Gasteizen.