Filmak eta ikusleak, parez pare

Urtarrilean egitekoa zen Fipadoc nazioarteko dokumentalen festibala ekainaren 12tik 17ra izanen da, Miarritzen. 3. aldi honetako 155 filmen hautaketan pandemia baztertu egin dute

Maite Alberdi txiletarraren El agente topo dokumentaleko irudi bat. Fipadoc-eko nazioarteko lanen sariketarako hautatu dute. FIPADOC.
Ainize Madariaga
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Zailtasunak zailtasun, Fipadoc Miarritzeko (Lapurdi) film dokumentalen festibalak ez du hutsik eginen, ezta aurten ere. Profesionalei zuzenduriko egunak usaiako datetan egin zituzten urtarrilean, baina digitalki, osagarri krisiak hala manaturik.

Alta, publikoari begirakoa geletan eskaini nahi izan dute hastapenetik.

Hala, udaberrirat gibelatzea deliberatu zuten, neurrien eztitzeen menturan. Martxoko saiakerak huts egin zuen. Hondarrean, osagarri koiunturak bortak zabaldu dizkie zinemei. Eta Fipadoc indartsu heldu da hirugarren aldi honetara, 50 bat herritako 155 lan erakutsiko baitizkio publikoari bortz egunez: heldu den larunbatetik, hots, ekainaren 12tik 17ra.

Christine Camdessus Fipadoc festibalaren ordezkari orokorra «izugarri satisfos» da aurtengoa antolatu ahal izan dutelako: «2019an sortu zen Fipadoc, Fipa festibaletik. Xantza dugu, urte bakar bat ere ez baitugu huts egin. Publikoari begirako festibala ez genuen digitalki egin nahi. Pazientziari, kasko gogorkeriari eta pertseberantziari esker lortu dugu. Arras kontent gaude Miarritzeko Herriko Etxeak baimena eman baitigu».

Dokumentalak Miarritzeko lau gunetan emanen dituzte: Midi aretoan, Casino antzokian, Bellevue salan eta Royale zine gelan.

Orotariko gai eta giroko lanak dituzte erakutsiko bortz egunez: «Aniztasuna da gure parioa, eta zinezko historiak maite ditugu. Filmen hautaketa lan handia denez, publikoari erakutsi nahi genion kosta ahala kosta!», azpimarratu du Camdessusek.

Obra guziak ataletan banatu dituzte antolatzaileek. Alde batetik, lau aitzin agerraldik hartuko dituzte pantailak, lehen lau egunetan. «Philippe Beziaten Indes Galantes dokumentala sekulako filma ederra da. Street dance ikusgarri izugarri ona», iragarri du Camdessusek. Edouard, mon pote de droite Laurent Cibienek egin dokumentalak Edouard Philippe Frantziako lehen ministroaren aldia du ardatz: «Boterearen gibelaldeak erakusten ditu». Jean Christophe Roseren L'Odyssée des jeux Olympiques eta Amine Mestariren Claude Sautelet, le calme et la dissonance dokumentalak ere estreinatuko dituzte.

Bestalde, familiei zuzenduriko atala izanen da aurtengo egitarauan ere, iaz «zinez arrakastatsua» izan baitzen. Sei film proposatuko dituzte, hala nola Remy Tezierren Quand baleines et tortues nous montrent le chemin, Quentin Domart eta Charlene Gravelen Sauvez Notre Dame, eta Vincent Lebrunen Cordes sensibles, zeinaren ondotik L.E.J. musika hirukoteak joko baitu.

Lekukoen lekukotasunak

Josu Martinezen eta Txaber Larreategiren Caminho Longe dokumentala da etxeko bat: Casino antzokian emanen dute hilaren 12an, arratsaldeko bostetan. Europako filmen sailean lehiatuko da; «Miarriztarrak kontuan hartzen ditugu; beraz, bereziki haien intereseko filmak ere hautatu ditugu». Jokin Etxeberria donibandarraren Muak autoflow errealitate birtuala da bigarren euskal produkzioa. Smart sailean lehiatuko da, zeinetan saritzen baitituzte esperientzia digitalaren originaltasuna eta teknologiaren eta gaiaren arteko pertinentzia. Gisa honetako filmak Bellevue aretoan izanen dira ikusgai, ekainaren 13tik 16ra. Bertaratzen denakkontakizun interaktiboak, errealitate birtualeko lanak, 360 gradukoak eta ordenagailuan, tabletan edo smartphonean esperimentatzeko web serieak entseatzen ahalko ditu. «25 obra sinesgaitz dira», aitortu du Camdessusek. Sartzea urririk da; haatik, izena eman behar da. Festibalak sekulan baino ludikoagoa izan nahi du aurten, pandemiaren itzal beltzetik ihes egiteko: «Arras zaila da hautaketari kolore bakarra ematea, hain den askotarikoa. Hori bai, itxialditik eskapatu nahi izan dugu, eta hautaketan nahitara baztertu dugu COVID-19aren gaia. Dokumentalek oraingo problematikak lantzen dituzte, baina hori ez, non ez den film laburretan», zehaztu du Camdessusek.

Preseski, bortz film labur horiek eta haien egileak dituzte ikastetxeetara eraman zenbait astez: «Ikasleak azterketa betean dira garaiotan; beraz, ez zirenez jiten ahal, gu gara haiengana joan. 50 proiekzio egin ditugu», gehitu du ordezkariak.

Christophe Vindisen D'après Arnal, Itinéraire d'un crayon dokumentala ere «bertako» gisa sailkatu dute. Azken honek, Jose Cabrero Arnal marrazkilari errepublikazale espainiarraren ibilbidea kontatzen du, zeinak ihes egin behar izan baitzuen 36ko gerratik. Bertzeak bertze, Pif komikiko zakurraren aita izan zen.

Festibalen usaiako osagaiak ez du hutsik egin Fipadoc honetan ere: sariketak. Ekainaren 16an salatuko dute irabazleen zerrenda, Midi aretoan. Ondotik, bortz film laburrek eta L.E.J taldearen kontzertuak emanen diote bukaera gaualdiari.

Sari ugari

Lau dira banatuko dituzten sari nagusiak: musika, inpaktua, nazioartekoa eta frantses nazionala. «Mundu osoko 40 film lehiatuko dira, sail bakoitzeko hamar», xehatu du Camdessusek.

Aipagarriak dira Lucgaek Dweck eta Gregory Kershawen Truffle Hunters italiarra eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Dieudo Hamadiren Downstream to Kinshasa; Cannesko festibalean jada hautatuak izan diren hauek, nazioarteko sariketa nagusian lehiatuko dira Miarritzen.

Nagusiez gain, bertze hamar sari ere banatuko dituzte: arestian aipatu Smartez gain, film laburra, publikoarena, cine+, idazketa berria, europar gaztea, Pdfm, Erasmus+, Tenk eta Mitrani.

Egitarau osoa, sarreren salmenta eta izen ematea eskuragarri dira fipadoc.com gunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.