Egungo informazio eta musika proposamen gaindosiaren amaraunean behar adinako oihartzun eta arretarik gabe iragaten diren talde eta diskoak bat baino gehiago dira. Norman laukotea da horietako bat. Taldearen izen bereko diskoa argitaratu zuen 2009an, Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik.Kantu sorta txukuna zekarren, psikodelia, hardcorea, abiadura eta zinema erreferentzia ugari biltzen zituena. Kontuan hartzeko proposamena zen, behar bezalako sonarik eskuratu ez arren.
Kaleratu berri duen Perkins lanak (Gaztelupeko Hotsak), berriro ere Alfred Hitchcocki ez ezik, zinemari —zuri-beltzekoari batik-bat— egiten dio keinu nabarmena, eta aurrerapauso bat dakar kantuen konposaketa eta egiturari dagokionean. Bada abiadura, bada iluntasun eta misterioa, baina piezek beste sendotasun bat dute: «Lehen diskoko kantuak ere maitasun handiarekin egin genituen, baina abesti berriak hobeak direlako irudipena dugu, atmosfera landuagokoak». Aldaketa nabarmen bakar bat izan du taldeak urteotan. Lehen diskoan Gorka Bocos zen bateria jotzailea, eta bigarren honetan David Peñalba izan da. Aldaketa horrek berak izan du eraginik: «Beste kutsu bat eman dio. Gorka rockeroagoa zen. Daviden jotzeko era ez da hain jostagarria akaso, baina eman dio egonkortasun moduko bat. Pisu bat. Kantuak irmoagoak dira», dio Beñat Narbaiza kantariak. Biolina ere jo du piezaren batean. Kepa Arakistain gitarra jotzailea (ahotsak, pandereta) eta Alex Ariznabarreta baxu jotzailea (theremina, marakak, ahotsa) dira taldeko beste bi kideak.
Taldea «une onean» dago. Hala dio Narbaizak. Une onean dago, disko berria kontzertuetan aurkezteko gogoaz gain, oraindik ere entseatzeko elkartzen direnean «kantu berriak sortzeko inspirazioa» dutelako. «Kantu berriak ditugu, eta jadanik jotzen ditugu kontzertuetan ere». Eta disko berria osatzerakoan ere inspiraturik agertu dira. Inspiraturik ageri dira diskoa irekitzen duen Naked City abiadura handikoan, Esmeralda frenetikoan edota Norman Desmon kantu borobilean, esaterako.
Zortzi kantu, zortzi film
Lehen diskoan bezala, kantuetako atmosferak eta letrak ontzeko teknika molde bera jarraitu dute. Gustuko film bateko giroa izan dute inspirazio iturri batetik, eta bestetik, «film horretako pertsonaia bat hartu eta istorio bat asmatzen diogu». Jules Dassinen Naked City, John Hustonen Aspahalt Jungle, Quentin Tarantinoren Pulp Fiction, Park Chan-wooken Oldboy, Orson Wellesen Touch of Evil, John Forden The Man Who Shot Liberty Valance, Howard Hawksen The Big Sleep eta Billy Wilderren Sunset Boulevard dira diskoko zortzi kantuak sortzeko aitzakian eman duten zortzi filmak. Zinemaren arrastoak eta erreferentziak argiak dira. Zailago egiten zaio musika erreferentziak zehaztea Narbaizari. «Gustu desberdinak ditugu taldekideok eta... Niri, esaterako, Melvins asko gustatzen zait. Hori da niretzako erreferentzia garbia, nahiz eta igual musikaren aldetik asko ez den igartzen. Niri gustatzen zait musika ilun samarra izanagatik ukitu ironikoa ere izan dezala. Horrez gain. musika elektronikoa, technoa, asko gustatzen zait. Beste taldekideek No Means No eta Black Angels asko maite dituzte, batzuk esatearren».70etako psikodeliaren zantzuak eta 80ko hasierako after-punkarenak ere suma daitezke kantu berrietan. Ezin saihestuzkoa da BAP eta Inoren Ero Ni aipatzea ere. «Guretzat talde enblematikoa da BAP, eta, egun, Borrokan maite dugu pila bat». Aldeak alde, bi taldeen arteko zubiak topa litezke erritmo aldaketa birakorretan eta tempoen jolasetan. Eta jolasa ahotsean ere. Hainbat erregistrotan kantatzeko abilezia berezia baitu Narbaizak. Ez du alferrik lan egiten bikoizketa kontuetan. «Beti gustatu izan zait ahotsarekin jolasean ibiltzea».
Biniloaren aldeko apustua egin dute. 500 aleko tirada kaleratu dute, eta biniloarekin batera opari CDa ere : «Ez dakigu biniloaren loratze berri bat egongo den, baina argi dugu desagertu ez dela egingo». Bigarren diskoa kalean. Eta hirugarrenerako materiala pilatzen. «Jarraituko dugu zinemari eta filmetako pertsonaiei keinu egiten». Apurka-apurka euren filma osatzen ari dira. Lengoaia eta soinu propioa duen filma. Bihar entzun ahalko da euren lana. Eibarko plazan ariko dira (23:00), San Joan jaietako egitarauan, Willis Drummond lagun hartuta.
Filma osatzen ari dira
Normanek tentsioz eta erritmoz beteriko atmosferak landu ditu 'Perkins' bigarren laneko zortzi kantuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu