«Film oro da politikoa»

Solasaldia egingo dute Costa-Gavras eta Imanol Uribe zinemagileek Donostian, gaur. Otsailera bitarte, bi zuzendarien filmekin zikloa eskainiko du Tabakalerak

Costa-Gavras eta Imanol Uribe zinemagileak (lehen planoan) eta Pablo Berastegi D2016ko zuzendari nagusia, atzo, Tabakaleran. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Zinemagile «politikotzat» jo izan dute maiz Costa-Gavras (Atenas, 1933). Bere konpromiso politikoaren erakusgarri diren film ezkertiarrak egin izan dituela nabarmendu dute askok, gai sozialak sarri jorratu dituelako, baita injustizia politikoak salatu ere. Baina ez du berak etiketa horren pean bizi bere langintza. «Politikoa esaten da, baina zer ez da politikoa? Film oro da politikoa, film oro azter daiteke politikoki». Ez du ezkutatzen ezkertiarra sentitzen denik, ez eta bestela pentsatuko balu berefilmak ezberdinak izango liratekeenik ere. «Bakoitzak, den horretatik, pentsatzen duen horretatik, egiten ditu filmak». Baina zinema, beste ezeren gainetik, ikuskizuna dela dio. «Inor ez doa zinemara diskurtso akademiko edo politiko bat entzutera». Bat dator harekin Imanol Uribe euskal zinemagilea. «Beste gauza batzuk kontatzeko tresna bat da zinema, baina batez ere, ikuskizuna da».

Zinema Solasaldiak programa itxiko dute gaur bi zinemagileek,18:00etan hasita Donostiako Tabakaleran egingo duten jendaurreko solasarekin. Euskadiko Filmategiak eta D2016k elkarlanean antolatu dute programa; Euskal Herriko zinemagile bat eta Europako zinemagile bat elkartu dituzte solasaldietan; orain artekoetan, Victor Erize, Pedro Costa, Montxo Armendariz, Laurent Cantet, Ulrike Ottinger, Sra. Polaroiska, Juanma Bajo Ulloa eta Agusti Villarongak parte hartu dute. Costa-Gavrasen eta Uriberen artekoa izango da azkena. Horren ostean, Costa-Gavrasen lehen lana, Compartiment Tueurs (1965) proiektatuko dute Tabakalerako zinema aretoan, eta, otsailera bitarte, bi zinemagileen hainbat lan emango dituzte areto berean, tartean, Uriberen El proceso de Burgos (1979) eta La muerte de Mikel (1983), eta Costa-Gavrasen Un homme de trop (1967) eta Z (1969).

Solasaldiaren aurkezpena egiteko elkartu ziren atzo bi zuzendariak, eta, nolabait, aurkezpena bera solasaldi bihurtu zitzaien. «Niretzat, zinema ikuskizuna da;gainera, gizartearen zerbait egon behar du, antzinako Greziako antzerkian edo klasiko ingelesetan bezala. Baina ikuskizuna da batez ere, emozioak sortzen dituelako; gero ikusleak erabakiko du emozio horiekin zer egin». Bat etorri zen harekin Uribe, eta ikuslea hor dagoela ezin dela ahaztu gehitu zuen.

Filmak egiteko bulkadaz ere mintzatu zen Costa-Gavras. «Lan bakoitza modu desberdin batean sortzen da, pasio jakin bat dago film bakoitzaren atzean». Hala, filma egitea da kontua harentzat, «eta gero gerokoak». Horri buruz Jean Cocteau artista eta zinemagilearen aipu bat ekarri zuen gogora: film arrakastatsu bat egiteko arau batzuk badaudela, baina zein diren ez dakigula esan ei zuen. «Eta, jakinez gero, ez dakit pasioz egin ahalko ziren filmak», gehitu zuen. «Ziur ezetz, ez», erantzun zion Uribek; «niretzat film bat egitea abentura bat da, beti, eta agian hori da ia garrantzitsuena, abentura hori ibiltzea».

Hollywood eta zuzendariak

Compartiment Tueurs, «lehen lan bat izateko, film ikaragarria, teknikoki oso konplexua eta guztiz modernoa» dela txalotu zionUribek Gosta-Gavrasi, eta umil, «thriller soil bat» dela erantzun zion zinemagileak, baina «oso modu bitxian» sortu zela kontatu zuen. «Rene Clementen bi lanetan zuzendari laguntzaile ari nintzen bitartean, gidoi bat idatzi nuen, ariketa gisa, eskuz. Eta makinaz pasa zuen andreak estudioko zuzendariari bidali zion, niri baimenik eskatu gabe». Filma egiteko proposamena jaso zuen gero.

Eta haren ostetik, beste hamaika lan ondu zituen, AEBetako estudioekin horietako batzuk. Zinema amerikarra betidanik maite izan duela adierazi zuen, «film mutuetatik hasita», eta bereziki eragin ziola ikasle garaian ikusi zuen Erich Von Stroheimen Greed (1923) filmak, hark Hollywooden ondutakoak. «Orduan jabetu nintzen zineman obra serioak egin zitezkeela, ez happy end-ak, baizik eta antzerki tragediak bezalakoak». Film horrek animatuta jo zuen zinema ikasketak egitera, artean jakin gabe urte batzuk geroago Hollywooden ere lan egiteko aukera izango zuela.

Ekoizpen etxe amerikarren lan egiteko moduaz baditu anekdotak, eta ez denak positiboak. Han filmei «obra» beharrean, «produktu» esaten dietela deigarria egiten zaio oraindik, baita filmaren zuzendariaren izenaren aurretik ekoizlearena aipatzea ere. «Baina han ondutako film guztietan eutsi dio bere izaerari», zehaztu zuen Uribek; «Hollywoodeko aparatutzar horrek guztiak ez du lortu zure nortasunetik pitin bat mugiaraztea ere», gehitu zuen, solaskideari begira. Hainbat film eskaini zizkiotela, baina gidoiak gustatu ez, eta ez zituela egin azaldu zuen Costa-Gavrasek. Missing (1982) filmarena irakurri zuen arte. Txileko diktadurapean semea desagertu, eta haren bila ariko diren guraso estatubatuar batzuen istorioa kontatzen du lanak. Allende eta desagerrarazitako hainbat lagun ezagutu zituelako ez ezik, aitaren pertsonaiagatik interesatu zitzaion lana zinemagileari. Jack Lemmon aktorea nahi zuen berak rol horretarako, eta Gene Hackman ekoizleek; zuzendariak irabazi zuen borroka.

«Hollywoodera joanda jarrera irmoa agertu behar duzu: edo hau egiten dut, edo banoa. Noski, guk herrialde bat dugu itzuli ahal izateko, baina hango zuzendariek ez dute hori. Arrakasta handiko zinemagileek, Spielbergek, Scorsesek edo beste hainbatek, adibidez, nahi dutena egiten dute, bai, baina salbuespena dira; gainerakoek ekoiztetxearen politikari men egin behar diote».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.