Xabier Elorriaga. Aktorea

«Film laburrak oso hastapen ona dira zinemagintza zein konplikatua den ikusteko»

Zinebiren 53. ekitaldiko Ohorezko Mikeldi saria jaso zuen atzo jaialdiaren inaugurazio ekitaldian. Aktoreak lanean egindako ibilbide luzea eta emankorra txalotu nahi izan dute Arriagan batutakoek.

Bilbo
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Xabier Elorriaga (Maracaibo, Venezuela, 1944) aktore esanguratsua izan zen 80ko hamarkadan Euskal zinema berria deitu zen loraldian. Imanol Uriberen Segoviako ihesa eta Mikelen heriotza, Alfonso Ungriaren Albaniako konkista eta Jose A. Zorrillaren Lau haizetara filmen protagonista izan zen. Egun TVEren Águila roja telesailean ari da lanean.

Zer garrantzi du zuretzat aurtengo Ohorezko Mikeldi saria jasotzeak?

Oso pozik nago saria eskuratzeaz, zeren film laburren oso zalea naiz. Nik uste dut hori dela bide hoberena zuzentzen hasi eta zinemako hizkuntzaz jabetzeko. Zinema egitea zein zaila, gogorra eta konplikatua den ikusteko hastapen ezin hobea. Zinebik egiten duen lana interesgarria iruditzen zait. Jaialdia kanpoan ere ezagutaraztea lortu du.

Hala ere, zuk apenas jorratu dituzun film laburrak, eta zinema dokumentalik ez duzu egin, ezta?

Hala da, 80ko hamarkadan errealizadore gisa Euskal Telebista film laburrean lan egin nuen, Antton Ezeizak ekoitzitako Ikuska sailaren laugarrenean. Eta handik sei urtera Zergatik panpox zuzendu nuen, Arantxa Urretabizkaia nire emaztearen izen bereko nobelaren 55 minutuko egokitzapena. Gaur egun egiten direnen artean, ehundik nik esango nuke gutxienez 30 film labur ederrak direla.

Ez zaizu gustatzen zeure burua pantailan ikustea. Zer dela eta?

Lotsa kontua izango da. Inoiz ez ditut nik egindako pelikulak ikusten, ezta telesailak ere. Kapituluren baten gainean interesa dudanean beste norbaiti eskatzen diot iritzia. Jose Luis Borauren Tata mía filma, adibidez, amaitu eta bi urte pasa arte ez nuen ikusi oso gaizki egin nuela iruditu zitzaidalako. Águila rojako gidoiak irakurtzen ditudanean, adibidez, gauza bera gertatzen zait. Oso barregarriak dira, zelako gauzak asmatzen dituzten gidoigileek! Eta neuri, erregeari, esanarazten didate hainbeste astakeria… Neure barrenerako pentsatzen dut, mesedez, nola izan daiteke hau! Horregatik ez zait interesatzen egindakoa ikustea. Egindakoari bueltak ematea ez du merezi, nahiago dut nire denbora beste gauza batzuk egiten pasatzea.

Adibidez, zer?

Dokumentalak eta telesail amerikarrak ikustea izugarri gustatzen zait. Telebista amerikarreko zenbait katetan une honetan zinema hoberena egiten ari dira telesail formatuan: In Treatment, The Sopranos, Rockefeller Center,30 Rock… Eta dokumentalei dagokienez, historiari buruzkoak ikustea maite dut, edo bidaiak mintzagai dituztenak, sukaldaritza munduko beste puntan nolakoa den, margogintzari buruzkoak, eskultura edota museoei buruzkoak…

Euskal Herrian egindako zinemaren urrezko garaia atzean geratu zen? Zein puntutan gaude orain?

Euskal zinemaren arloan Imanol Uriberi esker sartu nintzen Segoviako ihesa eta Mikelen heriotza-gaz. Ederra izan zen Alfonso Ungriaren Albaniaren konkista-n eta Jose Antonio Zorrillaren Lau haizetara-n lan egitea ere. Euskal zinemaren hasierak izugarriak izan ziren, ilusioz beterikoak. Garai hartan erakundeen laguntza itzela izan zen. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean Ramon Labaien zegoen, eta euskal zinema hedatzeko gogo handia nabari zen; filmen kostuaren %25eko diru laguntzak ezarri ziren. Madrilen zeuden euskal herritar asko bueltatu ziren hemen lan egiteko. Orain zoritxarrez garai latzagoa dugu. Egungo murrizketa sasoi honetan Zinebiren tamainako egitasmoek aurrera egiteari txalogarria deritzot.

Ofizioz aktore izatea zaila da?

Kazetari eta irakasle legez oso gustura lan egin dut. Niri irakastea asko gustatzen zait, baina antzezten ari zarenean ikustea nola zaren kapaz zenbait emozio jendeari helarazteko, hori zoragarria da. Dena den, lana bera zaila da lan baldintzak ez direlako hain onak, askotan egokitu zaizun rolagatik, aldatu gura izan eta ezin duzun gidoiagatik, eta gero ziurtasunik ezagatik. Inoiz ez dakizu noiz izango duzun lana eta noiz ez. Nik zorte dezente izan dut bizitzan aktore gisa; momentu lehorrak ere bai, nahikoak, baina tira…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.