Film laburrak, herriz herri, Londreseraino

Laburbira zirkuituak zortzi film labur erakutsiko ditu hogei herritan, martxoaren 4tik 20ra artean

Telmo Esnalen Hamaiketakoa film laburreko irdui bat, Zorion Egileor eta Pako Sagarzazurekin. Z / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2013ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Hamargarren urtea beteko du aurten Laburbirak, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatzen duen film laburren zirkuituak. Zortzi film labur proiektatuko dira emanaldi bakoitzean, 2011n eta 2012an sortutakoak. Ordu eta laurden inguruko saioak izango dira.

Aurtengoa martxoaren 4an hasiko da, Erandion (Bizkaia), Josu Murueta kultur aretoan (19:30). Martxoaren 29ra arte, hogei herritan izango dira filmak. Bizkaian (Sondika, Barakaldo, Bilbo...), Araban (Biasteri, Aramaio, Laudio...), Gipuzkoan (Soraluze, Arrasate, Usurbil...) eta Nafarroan (Atarrabia, Aizarotz...) ikusi ahal izango dira zortzi film laburrak. Aurten, Londresko Oxford Housen (martxoak 8) eta Parisko Euskal Etxean ere (martxoak 23) emango dituzte filmak.

Ibilbide luzeko egileen (Telmo Esnal, Koldo Almandoz, Bernues anaiak...) eta sortzaile berrien (Kote Camacho, Ander Mendia...) lanak bildu ditu Laburbirak, aurreko urteetan egin izan duen moduan. Egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio batzuetan solasaldia egingo da zuzendariarekin, emanaldiaren ondoren. Film laburren informazio osoagoa eta emanaldien egutegia Topagunearen webgunean aurki ditzake interesaturik dagoenak: http://www.topagunea.org/ laburbira.

'Berriro igo nauzu'

Zuzendaria: Carlos Rodriguez.

Urtea: 2012

Iraupena: 9'25''.

Azken 150 urteetako euskal baserriaren bilakaeraren hurbilpen bat da, Kirmen Uriberen testu batean oinarritutakoa. Dokumentala eta fikzioa nahasten ditu.

'Hamaiketakoa'

Zuzendaria: Telmo Esnal.

Urtea: 2012.

Iraupena: 4'.

Egunero, hiru emakume adindun hamaiketan elkartzen dira, kafetegi baten aurrean, Pako Sagarzazuk eta Zorion Egileorrek antzezturiko bikoteak ordu horretan izaten duten elkarrizketa bitxiaren lekuko izateko...

'Elkartea'

Zuzendaria: Kote Macho.

Urtea: 2013.

Iraupena: 16'.

Aspaldiko lau lagun elkartean biltzen dira afaltzeko. Haietako bat oso egoera ekonomiko larrian bizi da. Aspaldi haren berri ez zuten besteek, baina haien jarrera orokorra laguntza eskaintzea izango da, hasieran behintzat...

'Deus et machina'

Zuzendaria: Koldo Almandoz.

Urtea: 2012.

Iraupena: 8'3''.

Langilea egunero joaten da fabrikara. Eginbehar zehatz bat egin dezakeen langile bakarra da. Egunero makinak pizteko zeremoniari ekin, eta bere lan zehatz eta monotonoari helduko dio. Gaur, ordea, erabaki bat hartu du...

'Tortilla'

Zuzendaria: Iñigo Lopez.

Urtea: 2013.

Iraupena: 8'15''.

Senarrak ematen dizkion tratu txar eta irainak direla eta, emakume batek harremana bertan bera uztea erabakitzen du...

'Oinaze egoitzak'

Zuzendariak: Oihan Amezua, Karlos Ibarbia, Netzer Bereziartua, Asier Susaeta.

Urtea: 2013.

Iraupena: 9'30''.

Bi pertsonaia bereziren arteko ezinezko amodio batek beren ahuldade eta gabeziak azaleratzen ditu.

'Beerbug'

Zuzendaria: Ander Mendia.

Urtea: 2012.

Iraupena: 8'.

Joek errepide ertzeko gasolindegi batean lan egiten du. Egun batez, garagardo bat hartzeko atseden hartzea erabakiko du. Edariaz gozatzeko ahalegin hori ez aio espero bezala aterako, ordea, norbait lapurretan ari baitzaio muturraren aurrean.

'Desentxufatuak'

Zuzendariak: David eta Fernando Bernues.

Urtea: 2013.

Iraupena: 9'45''.

Nola egiten diozu aurre azken aurrerapen teknologikoak nagusi diren munduari telebista zahar bat baino ez bazara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.