Filipe Oihanbururen (Argeles-Gazost, Biarno, 1921) galtzerdi berdeak. Eta metalezko gudari bilduma. Eta arbasoen argazkiak. Eta liburuz betetako apalak. Eta igerilekuko eguneroko saioa. Eta beste «eta» asko. Duela bi urte filmatu zituen Oskar Alegria (Iruñea, 1973) zinemagile eta kazetariak. Pelikulari eman zion izena: Galtzerdi berdeak. Berriz juntatu dira, bada, Oihanburu eta Alegria. Elkartze horretatik ez da film bat sortu oraingoan, baina, Jakin aldizkariaren 218. zenbakiko Historia bizia saileko elkarrizketa luze bat baizik. Eta berriz hitz egin dute galtzerdiez, gudari metalikoez, arbasoez, liburuez, igerilekuko saioez. Beste gauza askori buruz ere bai.
Oihanbururekin bada zertaz hitz egina, izan ere. Lehen urteak Montevideon eman eta gero Parisen bizi ondoren Euskal Herrira, Miarritzera (Lapurdi) etorri zeneko giroaz, esaterako. Giro hartan euskaltzaletu eta abertzaletu zen. 36ko gerraren ondorioz Ipar Euskal Herrira desplazatutakoen ondoan. Gerla haren ondorioz ezagutu zituen iheslariez honela mintzo da elkarrizketan: «Domaia izan zen Hegoaldearentzat, baina opari bat Iparraldearentzat, gure nazionalismoarendako eta euskal kulturarendako halaber».
Olaeta dantza taldeko burua ere, segundo Olaeta bizkaitarra, iheslaria zen. Haren dantza taldean 1942an sartu zen Oihanburu, akordeoi jole eta dantzari gisa. Zuzendariak zekizkien dantza guztien ikasle bihurtu zen laster. Beste gudu bat hasita zegoen ordurako: II. Mundu Gerra. Aleman okupatzaileek kostaldeko harresia eraikitzeko lanetara deitu zutenean, Oihanburuk ihes egin zuen, eta Parisen ezkutatu.
1944an itzuli zen Miarritzera. Baita Olaeta dantza taldeko zuzendari artistiko bihurtu ere. Izena aldatu zion taldeari: Oldarra bihurtu zuen. Zortzi urtez, koreografia, musika eta dantza ikuskari ugari eskaini zituzten Euskal Herrian eta atzerrian harekin.
1953an, Oldarra utzi eta Etorki kantu eta dantza talde profesionala sortu zuen. 30 urteko ibilbidean, lau kontinente, 31 herrialde eta 28 hiriburutan aritu zen taldea. Eta dantza eta dantza artean, Frantziako Alderdi Komunistako kide lehenik, eta anarkista egin zen segidan Oihanburu.
1990ean, Oyhamburu abesbatza sortu zuen. 1999an, Etorburu abesbatza. Whiski eta gin banatzaile, sua itzaltzeko botilen saltzaile, Miarritzeko kasinoko fisonomista, hiru aldiz suizida, hiru aldiz senar, Winston Churchillen aurrean dantzari izandakoak, Telesforo Monzon, Marc Legasse eta Felix Likiniano ditu euskal kulturgile handientzat. Euskal dantzarien eta dantza kontzeptuaren bilakaeraz, euskararen etorkizunaz, musikaz, literaturaz eta zinemaz ere mintzo da Oihanburu, Alegriaren galderei erantzunez.
Justizia trantsizionalaz
Jakin-en 2018. zenbakian, Filipe Oihanbururen elkarrizketaz gain, zuzenbidean doktore eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari den Amaia Alvarez Berastegiren artikulua irakur daiteke: Justizia trantsizionala Euskal Herrian. Kontakizun ezberdinak ageri arren, justizia trantsizionalari lotutako printzipioak «maila politiko eta sozialean» nabarmen aldarrikatzen dira Euskal Herrian, egilearen ustez. «Justizia trantsizionalaren markoak giza eskubide orokorretan sakontzeko aukera eskain dezake» Alvarezen iritziz, eta iraganeko biolentziaren inguruko hausnarketek «gaur egungo biolentziaren inguruko hausnarketa» eragin behar lukete.
Filipe Oihanburu elkarrizketatu du Oskar Alegriak azken 'Jakin'-en
Dantzari eta kulturgileak bere bizitza oparoa aletzen du. Zenbaki berean, Amaia Alvarez Berasategik justizia trantsizionalaz idatzi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu