«Idazle izateak saiakera dakar?». Saiakera hitzaren hainbat esanahiri heldu zien Haizea Barcenillak Saiakera eta fikzioaren bidegurutzean hitzaldiari hasiera emateko. Katixa Agirre, Eider Rodriguez eta Aixa de la Cruz batu zituen Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiak atzo, Azkuna zentroko auditoriumean, eta, Barcenillaren galderek gidatuta, hori izan zuten ahotan autoreek, hain justu: alegia, zer den saiakera; areago, zer izan daitekeen. Izan ere, haren eta fikzioaren arteko mugarik ba ote dagoen eztabaidatzekoak ziren solasaldian, baina ezezkoa argi utzi zuten hasierako erantzunetik: mugarik egotekotan, lausoak direla.
Saiakera izan liteke, esaterako, idaztea bera, baiezkoa eman baitzioten aho batez Barcenillak botatako lehen galderari. Idazketa prozesuak biltzen duen planifikazioa eta apunte pilaketak aipatu zituen Agirrek, baita «porrota» ere, behin eta berriro saiatu beharreko bidea balitz bezala. Irekia izan zen orobat fikzioaren kontzeptuaren inguruan egin zuen zehaztapena, edozein kontaketatan ageri dela iruditzen baitzaio, are errealitatean gertatutako narrazio batean ere: «Fikzioa beti dago hor: ezin da ezer kontatu fikziotik kanpo. Edozer kontatzeko, fikzioaren baliabideak erabili behar dira: zati batzuk aukeratzen dira, pertsonaia batzuk erabaki... Ezin da gertatu den bezala kontatu».
Fikzioaren kontzeptua bezala, saiakera terminoa ere xehatu zuten idazleek. Areago, genero jakin horren inguruko hausnarketa izan zen De la Cruzen Cambiar de idea obraren sorburua, egileak azaldu zuenez: «Irakurri nahi dugun saiakera motaren inguruan hausnartu nuen». Gogoetatik, ondorioztatu zuen molde akademikotik aldenduko zela. «Saiakera akademikoetan, agertzen ez den autore baten ahotsa dago, aurreiritzirik eta inplikaziorik gabea ematen duena. Objektibotasunaren ideia faltsu bat ematen dute». Xehatutako estilo horri uko egin, eta San Agustin eta Paul B. Preciadoren moldeetara jo zuen. «Saiakera da, baina lehenago esaten dute zein zauritatik eratzen den. Cambiar de idea-ren azken atala saiakera klasikoago bat izan daiteke, baina aurretik testuingurua dago».
Estilo tradizionaletatik aldendu da orobat Eider Rodriguez ondu dituen saiakeretan. Itsasoa da bide bakarra «tradizionalagoa» dela adierazi zuen; ez, ordea, bigarrena, Idazleen gorputzak. «Aipatzen dut nor naizen, nondik eta zergatik idazten dudan, zeintzuk diren nire kezkak... Donna Harawayk dioen ezagutza kokatua». Saiakeraren kutsu ustez objektiboa zalantzan jarri zuen Agirrek ere: «Irakurleen artean, joera dago esateko saiakera irakurtzen dutela ikasteko. Ez al da ikasten fikziotik, ikuspuntu humanoa islatzen duten liburuetatik?».
Hausnartzen ari den egilearen subjektibotasuna agertzeak izan dezake arriskurik, ordea, batik bat harrerari dagokionez. Izan dute itun narratiboa urratu duen irakurlerik, zantzu autobiografikoek akuilatuta; hots, liburuak dakarrena idazlearen egiazko bizipenak direla ziurtasun osoz pentsatzera heldu denik. Hala ere, idazketa prozesuan «erabat librea» dela adierazi zuen Agirrek: «Idaztean, nahi dudana egiten dut, badakidalako fikzioa izango dela. Fideltasunik gabe kontatzen ditut bizipenak: esajeratzen ditut, apaldu... Jario narratiboan koherentzia izan dezaten aldatzen ditut».
Lehen pertsonan idaztea gaizki ikusita egon daitekeen arren, «zapaldutako komunitateetako» idazleen joera izan dela azpimarratu zuen Rodriguezek; «euskaldunena izan ezik», ñabartu zuenez. «Ezin diogu muzin egin. Hortaz, geure egin behar dugu, eta gutxiespen nahiari buelta eman». De la Cruzek bat egin zuen harekin, fikzioari beste ertz bat gehituz: boterearena. «Fikzioa idaztea ordezkatuak izan direnen pribilegioa izan da. Lehen urratsa lekukotasuna ematea da, bozgorailurik ez zutenak mapan jartzeko ezinbestekoa».
Amatasunak zeharkatuta
Saiakera estilo egokienaren inguruko iritzia ez ezik, emakumezko idazle izatearen ingurukoa ere aldatu du Rodriguezek urteekin. Esan zuenez, generorik gabe idatz zezakeela uste zuen hasieran, baina amatasunak ideia hori aldarazi zion. «Ama izatean kezka erreal bat nuen: lortuko dut idazten jarraitzea? Eta sinboliko bat: idatzitakoak sinesgarritasuna edukiko du, edo potito usaina? Ezin diozu gorputzari ihes egin: testura itsatsita dago». Amek euskal literaturan izandako ezaugarriekin lotu zituen zalantzok, eta, hori islatzeko, hainbat datu aipatu zituen euskal eleberrietako emakumezko pertsonaiez Gema Lasartek eginiko doktore tesitik: Lasartek ikerketarako hautatutako eleberrien «%90ean amatasuna jorratzen da, eta haietako %80ean modu ezkorrean».
Rodriguezek azaldutako egoeran ikusi zuen bere burua islatuta Agirrek ere. «Idazleen horma da. Hasieran diozu: 'Idatziko dut modu batean nabaritu ez dezaten emakumea naizela'. Gero, diozu: 'Besarkatuko dut nire alde ugarietako bat dena, feminitatea, jakinda jende askori atzera egingo diola'». Amatasuna litzateke ertz horren gaietako bat. De la Cruz bat etorri zen Agirreren azalpenarekin: «Idazle zein ama gisa egindakoa bateraezina den susmoak zamatzen nau gehien».
Fikzioaren saiakera ugariak
Katixa Agirre, Eider Rodriguez eta Aixa de la Cruz fikzioaren eta saiakeraren arteko mugez aritu dira Gutun Zurian. Lehen pertsonan idaztearen arrazoiak eta arriskuak azaldu dituzte, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu